El Chivato

53. Donostiako Zinemaldfiko sail ofizialaren aurrerapena

Irailaren 15etik 24ra bitarte ospatzen den Donostiako Zinemaldiak, gure errealitate garaikidearen erretratu zinematografikoa eskaintzen duten mundu mailako zinematografiako izen bilduma gailena batu du bere egitarau ofizialean. Horietako batzuk ohizko parte-hartzaileak dira zinemaldian, eta beste batzuk estreinakoz lehiatuko dira, guztiak Urrezko Maskorra eskuratzeko asmoarekin lehiatuko direla. Antolatzaileak emandako programazio aurrerapenaren arabera pelikula hauek lehiatuko dira sail ofizialean:

Tideland, Terry Gilliam, Britainia Handia.

Terry Gilliamen lanari 1988an atzera begirako bat eskaini zitzaion eta gaur egun sasoi betean jarraitzen du. Aurten, ‘The Brothers Grimm’ aurkeztuko du Veneziako zinemaldian, eta Donostiakoan, berriz, Mitch Ciliren «nobela makabro» baten moldaketa, Tideland, Texasko etxalde bateko bizitza gogorretik ihes egiteko fantasiazko mundu bat asmatzen duen neska bakartia protagonista duena. Zuzendariaren esanetan «ipuin eder, triste, magiko, dibertigarri eta bikain» honetan, Jodelle Ferland gazteak Jennifer Tilly eta iazko Donostia saridun Jeff Bridges ditu antzezkide.

A Cock and Bull story, Michael Winterbottom, Britainia Handia.

Michael Winterbottom britainiar zuzendari emankorarren obra osoaren atzera begirakoa ere izan dugu Donostian, eta iaz argazkilaritza onenaren saria lortutako ‘Nine Songs’ filmarekin lehiatu zen. Aurten A Cock and Bull Story lanarekin itzuliko da, literatura ingeles klasikora eginiko beste hurbiltze batekin, ‘Jude’ eta ‘The Claim’ (Barkamena) filmekin egin bezala, biak ere Thomas Hardyren liburutan oinarrituak. Oraingoan, Winterbottomek oraindaino moldakaitzat jotzen zen Laurence Sterneren ‘The Life and Opinions of Tristram Shandy’ eleberri anarkikoa hartu du erreferentetzat, obraren mamia zehaztasunez islatzen duen komedia dibertigarri bat erdietsiz: bizitza den nahaste-borraste zoragarri eta ulertezinaren ospakizuna, alegia. Pelikula koral honetan Steve Coogan daukagu buru, Winterbottomek ‘24 Hour party People’ (2002) filman jada zuzendutakoa.

Drabet / Manslaugther, Per Fly, Danimarka.

Per Fly zuzendari daniarrak gidoi onenaren saria eskuratu zuen ‘Arven/Herentzia’ filmarekin, gizarte-klaseei buruzko trilogiaren bigarren zatiarekin, lehena ‘Baenken (The Bench)’ (2000) izan zelarik. Hartan herri-klaseekiko eta ‘Arven/Herentzia’n burgesiarekiko interesa agertu bazuen, Drabet-en erdi-klasea du hizpide. 50 urteko unibertsitate irakasle baten istorioa kontatzen du, polizia bat hilik gertatu den ekintza batean nahasitako neska politika-ekintzaile batekin maitemindu denarena. Irakaslearentzat hau guztia bizitza berri baten hasiera da. Antzezle nagusiak, ‘Baenken (The Bench)’ filman eginiko lanagatik sari ugari jasotako Jesper Christensen, eta Cannesko zinemaldian saritutako Pernilla August dira.

Xiang Ri Kui (Sunflower), Zhang Yang, Txina.

‘Xizhao’ren (Dutxa) egilea Donostiara dator atzera ere 1999n aipatu filmarekin zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu ondoren. Sunflowerpelikulak familia baten bizitzako hogeita hamar urte barne hartzen ditu, Kultur Iraultzako urte latzetatik gaur egungo Txinaren boom ekonomikora. Tradizioak eta erabateko gizarte aldaketak elkarrekin dira kontraesan franko sortaraziz. Zuzendari gisa 1998an ‘Tian Yu/Xiu Xiu’ pelikularekin sari ugari jasotako Joan Chen bera dugu, besteak beste, filmeko protagonista.

Bang Bangf Orangutang, Simon Staho, Danimarka.

Simon Stahok lehiaketa ofizialean parte-hartuko du bere aurreko bi pelikulak Zabaltegin aurkeztu ondoren: ‘Vildspor’ (Wildside, 1998), eta ‘Dag og Nat’ (Gau ta egun, 2002). Bere film berria bizitzaren hauskortasunaz eta maitasunaren indarraz mintzo zaigu, ezbehar batek bizimodua bat-batean hondatu dion negozio-gizon baten istorioaren bitartez. Bere ohiko aktore Mikael Persbrandt eta Lena Olin dira antzezle nagusiak, azken hau europar sarietarako izendatua ‘Chocolat’ filman eginiko bigarren paperagatik eta Urrezko Globotan ‘Izatearen arintasun jasanezina’ lanagatik.

L’Enfer, Denis Tanovic, Frantzia. Altadis Zuzendari Berriak sariaren lehiaketan ere parte hartzen du.

‘No Man’s Land’ (2000) filmeko zuzendari sarianizdunak, Krzysztof Kieslowski handiak idatzirik utzitako proiektuetako bat zinera eramateko ardura hartu du bere bigarren film luzean. Emmanuelle Béart, Karin Viard eta Marie Gillain buru dituen aktore talde baten parte-hartzearekin, hiru ahizpen istorioa kontatzen du umetan arrastoa utzi zien familiako tragedia baten oroitzapenak elkartuta. Orain, adinez nagusi direnean, gertakari izugarri haren itzala atzera itzuliko da euren bizitzetara.

Entre ses mains, Anne Fontaine, Frantzia.

‘Nettoyage à sec’ eta ‘Nathalie’ pelikulen egileak, Dominique Barbérisen ‘Les Kangourous’ nobelan aurkitu du istorio zalantzagarriak kontatzeko bere era bereziari egokitzen zaion materiala, desira eta arriskua eskutik doazen misterio puntudun horietakoa. Bere bizimoduaz aspertu samarra dagoen emakume batek gizon limurtzaile eta erakargarri bat topatuko du halabeharrez, zeinari alde ilun bat antzeman dizkion. Benoît Poelvoorde, aktore sarianizdunak, eta Donostian ‘Le vélo de Ghislain Lambert’ pelikulagatik gidoi onenaren sariduna izandakoa, eta Zesar sari baten irabazle den Isabelle Carré dira filmeko antzezleak.

Iluminados por el fuego, Tristán Bauer, Argentina.

Tristán Bauerrek Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen iazko Donostiako Zinemaldian Malvinetako gerra berraztertzen duen Iluminados por el fuego bukatu gabeko proiektuari esker. Tragedia hartatik hogei urte igaro direnean, Gastón Pauls aktoreak (‘Nueve reinas’, Fabian Bielinsky, 2000) antzezturiko Estebanek 18 urte eskasekin gerra hartan berarekin soldadu jardundako lagun batek bere buruaz beste egin duela jakitean, uharteetara itzuli beharko du zabalik geratu ziren zauriak ixteko saiatzeko.

April Snow, Hur Jin-ho, Hego Korea.

Hur Jin-ho, zinemaldi ezberdinetan eta nazioarteko kritikak txalotutako ‘Christmas in August’ (1998) eta ‘One Fine Spring Day’ (2001) pelikulen zuzendaria, estreinakoz lehiatuko da Donostian pertsonaien drama intimoan arreta jarri eta melodramaren topiko guztiak sentikortasun eta fintasun handiz saihesten dituen amodiozko istorio eder askoarekin. Gazte bat trafiko-istripu baten ondorioz hil da eta beste bi bidaiariak koma sakoneko egoeran geratuko dira. Kolpatuen ezkontideak, Bae Yong-joonek eta Sohn Ye-jinek antzeztuak, euren bikotekideak maitaleak zirela jakingo dute. Ospitalean topo egin ondoren, arazoez beteriko etorkizunari aurre egiteko elkartu egingo dira.

Je ne suis pas lá pour être aimé, Stéphane Brizé, Frantzia. Altadis Zuzendari Berriak sariaren lehiaketan ere parte hartzen du.

1999an Deauvilleko zinemaldian irabazitako ‘Le Bleu des villes’ lanaren ondotik, Stéphane Brizék egindako bigarren filma bakardadeari eta itxaropenari buruzko istorioa da. Bere bizitza desastre hutsa izan dela uste duen 55 urteko gizon batek, berea ere burugabekeria izan dela sinestuta dagoen emakume gazteago bat ezagutuko du. Zesar sari baten irabazle Patrick Chesnaisek eta Anne Consignyk haragitzen dute amodiozko istorio sutsu hau.

Odgrobadogroba (Gravehopping), Jan Cvitkovic, Eslovenia. Altadis Zuzendari Berriak sariaren lehiaketan ere parte hartzen du.

2001ean, Jan Cvitkovic zuzendari esloveniarrak Etorkizuneko Lehoia saria lortu zuen Veneziako Mostran ‘Kruh in mleko (Bread and Milk) (Ogia eta esnea)’ (2001) bere lehenengo pelikularekin. Bere bigarren film luzea herri txiki batean girotuta dago, non protagonistak hiletetarako hitzaldiak idatziz ateratzen duen bizimodua. Pertsonaia honetatik abiatuz, pelikulak oso umore bereziaz zabaltzen du gizarte bitxi honen erretratua, non gizon batek ez duen hitzik ere esan nahi edo beste bat behin eta berriz bere buruaz beste egiten saiatzen den. Maitasunezko istorioak eta tragedia bitxi zenbait.

Sommer vorm Balkom (Summer fron the balcony), Andreas Dresen, Alemania.

1998ko Berlinaleko ezustetako baten, ‘Nachtgestalten (Night Shapes) (Gaueko topaketak)’ filmaren, eta 2001eko zinemadi horretan bertan Zilarrezko Hartza irabazitako ‘Halbe Treppe’ lanaren zuzendaria estreinakoz lehiatuko da Donostian, bizitzak sortzen dizkien arazoak gorabehera, honetaz gozatu nahi duten lagun eta bizilagun diren bi neska gazte berlindarren istorioaz. Dramatismorik gabeko tonu arin eta bi protagonistekiko maitasun berezi batez, filmeak ez du ezkutatzen ezezaguna eta aldi berean hurbila zaigun Berlin hiriaren inguruko erretratu honi darion malenkonia.

Stesty (Something like happiness), Bohdan Sláma, Txekiar Errepublika. Altadis Zuzendari Berriak sariaren lehiaketan ere parte hartzen du.

‘Divoké vcely (Wild Bees)’ (2001) bere aurreko pelikulagatik zinemaldi ezberdinetan eta nazioarteko kritikak saritua, Bohdan Sláma zuzendari gazte txekiarrak haurtzaroko hiru lagunen istorioa kontatzen du. Neska batek supermerkatu batean dihardu eta Estatu Batuetara ospa egitea du amets. Mutila, izebarekin etxalde batean bizi da eta neskarekin amesten du. Beste neska, berriz, senar axolagabe batekin bizi da. Halabeharrak berriz topatzera behartu ditu hiru lagunak… Zoriontasunak sekula ez du luze irauten, ordea.

Izenburu hauek aurrez iragarritako sei pelikulei batzen zaizkie:

Obaba, Montxo Armendariz nafarrarena. Inaugurazioa.

Malas temporadas, Manuel Martín Cuenca espainiarrarenak Altadis Zuzendari Berriak sariaren lehiaketan ere parte hartzen du.

El aura, Fabian Bielinsky argentinarrarenak Altadis Zuzendari Berriak sariaren lehiaketan ere parte hartzen du.

7 vírgenes, Alberto Rodríguez espainiarrarena.

La vida perra de Juanita Narboni, Farida Benlyazid marokoarrarena.

Sud Express, Chema de la Peña eta Gabriel Velázquez espainiarrena.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba