Jessica Lange, Denis Hopper eta Bob Hoskins antzezleek Donostia Saria jaso dute
50. urteurrena ospatzen dugun honetan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak HIRU DONOSTIA SARI ematea erabaki du. Aurtengo Donostia sariek zine-munduko hiru aktore ospetsuen ibilbide profesional eztabaidaezina gorestea dute helburu: bi aktore-zuzendari eta emakumezko aktore bat, bi estatubatuar eta ingeles bat. JESSICA LANGE
King Kong berriaren desioaren objektu, irinez beteriko sukaldeko mahai gainean eszena sutsua izan zuen Jack Nicholsonekin, eta heriotzaren aingeru perfektua izan zen Bob Fosserentzat. Jessica Langeren hiru agerraldi hauengatik bakarrik, XX. mendeko azken hereneko mitologiaren partaide izatea merezi du. Baina emakume ilehori eta burutsu honek norabide desberdinetatik jo behar izan du zine-industriaren inposizioak onartu gabe bere jardunbidea duin eraman ahal izateko.
1949ko apirilaren 20an, oraindik ere bizileku duen Minnesotako hiri txiki batean sortua, Jessica Lange modelo ederra zen 25 urte zituela Dino De Laurentisek begiz jo eta King Kong-en andregai bihurtu zuenean. Sei urte igaro ziren ilehori altu eta garden honek The Postman Always Rings Twice (Karteroak beti deitzen du bi aldiz, 1981) filman sexuaren funtsa haragitu zuenerako. Pelikula honen arrakastak amets bat gauzatzea ahalbidetu zion: alegia, Frances Farmer aktoresaren bizitza irudikatzea. Izan ere, pelikula honen 1982ko filmaketak bizitza aldatuko zion, bertan ezagutu baitzuen orduz geroztik bere mutil-laguna den Sam Shepard idazle, aktore eta antzerki-egilea. Urtebete geroago, Oscarretarako bi izendapen jaso zituen: Emakumezko aktore onenarena Frances pelikulagatik eta Bigarren emakumezko aktorearena Tootsie filmagatik, paper honekin bere lehen estatuatxoa eskuratu zuelarik. Hauek ez dira Jessica Langek izan dituen izendapen bakarrak, ordea: 1985ean Country filmagatik, 1986an Sweet Dreams (Amets goxoak) pelikularekin, 1990ean Music Box (Musika-kaxa) lanarekin eta 1995ean Blue Sky (Zeru urdina) lanari esker Oscarra bereganatu zuen Susan Sarandon, Jodie Foster eta Winona Ryderren gainetik.
90eko hamarkadan, bere hiru alabez arduratzeaz gain, Jessica Langek arreta handiz aukeratutako filmak antzeztu ditu, hala nola, Cape Fear (Beldurraren lurmuturra, 1991), Blue Sky (Zeru urdina, 1994), Rob Roy (1995), A Thousand Acres (1997) edo Cousin Bette (Bette lehengusina, 1998). Zineko aktore ez ezik, baita antzerkikoa ere, Jessica Langek izendapen eta sari ugari jaso du agertokietan eginiko lanengatik, bereziki Tennessee Williams eta Eugenie O’Neillen dramen eskutik. Azken urte honetan indarberriturik itzuli zaigu zinemara bat bestearen segidan bi filme burutuz, Prozac Nation, Christina Riccirekin, eta Masked & Anonymus, Jeff Bridgesekin. Bere aktore jardunaren bigarren etapari ekiteko zorian dagoela, etorkizun oparoa duen ibilbide profesional eta pertsonala berretsi nahi dio Donostia Sariak.
DENNIS HOPPER
Gogoz kontra bada ere, badira ikono bihurtu diren aktoreak. Belaunaldi jakin baten nahiak, frustrazioak, itxaropenak eta hutsegiteak pertsonaia mitiko haiengan ezagutzen dira, haiekin batera hazi baitira. Dennis Hopper horietako bat dugu. Askorentzat Estatu Batuak moto batez ziztu bizian bere patuaren bila zeharkatzen dituen irudia da, beste batzuentzat, aldiz, Vietnamgo oihan basatietan izuaren eta lazturaren argkilariaren eldarniozko irudiari lotuta dago, badira lagun amerikar tentatzailea gogoratzen dutenak ere, edo motoz zihoazen bi mutilen aita mozkorti eta kutuna bezala, tertziopelo urdinaz inguratutako pertsonaia asmatiko eta maltzurra ahaztu gabe. Ez gara ezkutuko klaberen batean ari, Hopper aktore edo zine-zuzendari bat baino askoz gehiago dela egiaztatzen duten zenbait pelikulen erreferentzia argiez ari gatzaizkizue.
Dennis Hopper 1936ko maiatzaren 17an Dodge City-ko (Kansas) zelai zabaletan jaio zen. Bere hitzei kasu eginez gero, 13 urte bete arte ez omen zuen mendirik ikusi, eta ozeanoa lehenengoz begiztatu zuenean, bere jaioterriko gari-soroen hodeiertz garbia urdinez tindaturik zenkusala iruditu zitzaion. Irudia beti izan da bere grina. Argazkiak egiten 18 urterekin hasi zen, aldi berean telesailetan nahiz zineman bere lehen paperak antzezten zituela. Etorkizun handiko aktore gazte karrerari ekin zion James Dean, Nathalie Wood eta Sal Mineorekin batera Rebel Without a Cause (Kausarik gabe errebelde) filman, edo Elizabeth Taylor eta Rock Hudsonen seme bihurri gisa Giant (Erraldoia) pelikulan. Baina 22 urterekin Hollywoodetik alde egin eta New Yorken kokatu zen Actor’s Studio ospetsuan ikasteko.
60ko hamarkada Vietnamgo gerraren, drogen eta askapenaren sasoia izan zen zentzu guztietan. Une haiek bete-betean bizi ez ezik, Hopper hippie mugimenduaren alderdirik erradikalenaren zutoihaldun bihurtu zen halaber, Iparramerikako errepideetan barrena filmaturiko pelikula mitiko bati esker. 31 urte zituen Easy Rider motoaren gainean jarri zenean, eta bere bizitza zentzu orotan azeleratu zen. Baina Hopper gizon argia da eta aurrerantzako ihesa etsipenera baino ez zeramala garaiz ohartu zen. 80ko hamarkada bukaeran, 50 urte bete zituenean, iparra erabat bideratuta zeukan. Horren emaitza dira bere aktore ibilbide bikaina, gero eta sendoagoa den zuzendari-lana eta erreferentzi pertsonaia bihurtu duen bizimodua.
BOB HOSKINS
«Konforme, saiatuko naiz», hauxe izan zitekeen Suffolken (Ingalaterra), 1942ko urriaren 26an, Bigarren Mundu Gerra bitartean, jaiotako aktore honen bizi-ikurritza. Saiatuko naiz eta lortuko dut. Bob Hoskinsek galaiarena egiteko aproposena ez zen bere itxura fisikoa gainditu behar izan zuen. Baina antzezpenerako bokazioaz seguru zegoen.
Antzerki-aktorea zenez, 70eko hamarkadan eta 80eko hasieran paper txikiak jokatuz noizbehina agertzen zen pantaila handian (Inserts, Zulu Dawn, The Cotton Club, Brazil, etabar.), baina Neil Jordanek nazioartean ezagutarazi zuen, 1986an Mona Lisa izeneko ‘call girl’ beltz baten aingeru guardakoa bihurtu zuenean, Aktore onenaren saria Cannesen eta Oscarretarako lehen izendapena bereganatuz. Orduz gero, Bob Hoskinsen izenak berebiziko sona dauka Britainia Handiko eta Estatu Batuetako zineman.
Antzezpen gogoangarriak osatu ditu, besteak beste, Sweet Liberty-ko (Askatasun eztia, 1986) gidoilari melengarena, The Lonely Passion of Judith Hearne-ko (Judith Hearneren pasio bakartia, 1987) ezkongai penagarriarena, oso untxi berezi baten adiskide bereiztezinarena Who Framed Roger Rabbit (Nork xaxatu du Roger Rabbit?, 1988) animazioan, edo Smeerena eginez Kizki kapitainaren ondoan. Zuzendari lanetan bi pelikula burutu ditu: The Raggedy Rawney (Aztiaren igarkizuna, 1987) eta Rainbow (1995). Azken urteotan, Bob Hoskinsek pertsonaia gogorragoak antzeztu ditu, Atom Egoyanen Felicia’s Journey (Feliciaren bidaia, 1999) lanekoa, kasu.
Iazko Donostiako Zinemaldian Last Orders filman ikusitako Hoskinsek garrantzi handiko pertsonaia historikoak haragitu ditu zinemarako: Nikita Kruschev izan da Enemy at the Gates (Etsaia atarian, 2001) filman, eta telebistan, berriz, Winston Churchill, Manuel Noriega edo Benito Mussoliniren azalean sartu da. Bob Hoskins pozik egon daiteke. Orain dela urte mordoa bere ibilbide profesionala abiarazi zuen esaldiak, bere fruituak eman ditu.