El Chivato

8 ekitaldik osatzen dute 2003ko Udagoieneko Ostera kultur egitasmoa

Urte bakoitzean aurkez daitekeen kultur eskaintzarik erakargarriena ezagutaraztea helburua delarik, Topagunea erakundeak antolatzen duen ‘Udagoieneko Ostera programak, euskal kulturak izan dituen, eta gaur egun dituen, ordezkari nagusienetakoekin batera, azken urteetan urrats sendoz, bide berri eta erakargarriak zabaltzen dihardutenak aurkezten ditu. Biahar, 2003ko azaroak 7an, abiatuko da aurtengo egitaraua eta burutuko diren zortzi agerraldietan Oskorri, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Kepa Junkera, Xabier Montoia edo Gorringo antzerki taldearen saioak izango dira. Aurrekoarekin batera, ‘Udagoieneko Ostera’k ez du batere utzi nahi, orain dela 4 urte sortu zenetik, bere ezaugarri nagusienetako bat izan dena, hau da, berrikuntzen aldeko apostua, eta ildo horretatik, ahozko inprobisazioaren aitzakipean, tradizioa eta joera berrienak batuko ditu, Getxoko Antzokian eskainiko duen emanaldian, bertsolaritza eta RAParen mugan dagoen reagge-toaster estiloa batera aurkeztuz.

Iragarritako ekitaldiak ahozko inprobisazioan oinarritzen den ‘BertSound System Jaialdia’rekin hasiko dira, Getxo Antzokian, azaroaren 7an gaueko hamarretan, non reagge-toaster estiloa jorratzen dituzten Kurando Shoji eta African Simba, toaster euskalduna egiten duten Selektah Sound System eta Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariek izango diren. BertSound System herri eta kultura ezberdinetako inprobisatzaileak agertoki berean batuko dituen jaialdia da. Jamaikar jatorriko Sound Systema izango da jai honetako protagonista nagusia, eta batez ere, disko jartzaileak jarritako erritmoen gainean edozein gairi buruz aurrez prestaturiko zein bat batean sorturiko esaldiak errimatuaz entzulearen irribarrea topatu gura duen toasterra. Toastinga, Jamaikako auzoetan furgoneta gainean atondutako dantzaleku mugikorretan animatzaile zeregina izatetik reggae musikaren azpiestilo izatera heldu den inprobisazio modua da.

Afrikan Simba toasterra Nigerian jaio zen baina Londresen hezi. Rastafarismo afrikanistarekin konprometituriko kantari hau gaur egungo sortzailerik indartsuenetarikoa da roots digitala deritzon estiloan. Kurando Shoji Madrilen bizi den japoniarra izango du lagun gure artean. DJ honek Jamaikako musika nahasten du, hirurogeita hamargarreneko roots konprometituenetik hasita dancehall arinagoraino. Euskal Herrian Selektah Kolektiboa da “musika beltza” zabaldu eta indartzen diharduena eta euren adierazpideetako bat da Selektah Sound System lez aurkezten digun toaster euskalduna. Bertsogintza berriz, geure-geurea dugun ahozko inprobisazioa da eta Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariek ere parte hartuko dute saio aberasgarri honetan.

Barakaldo Antzokian izango da bigarren ekitaldia, azaroaren 9an 19.30etan hain zuzen, Gorringo taldearen ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ antzezlanarekin. Anjel Alkain, Jon Agirrezabal, Ixabel Agirresarobe, Egoitz Lasa, Ainere Tolosa eta Mikel Sarriegi aktoreak Joxean Sagastizabalaek idatzi eta Nagore Aranburuk egokitutako ikuskizuna taularatuko dute. Antzezlan honetan, Juan Martin donostiar euskaldun berriaren ibilerak ezagutuko ditugu. Hainbeste urtean euskaltegian ibili eta gero euskaraz badakiela pentsatzen du Juan Martinek. Bere euskara ‘jatortzeko’ asmoz, uda oso bat Tolosaldeko baserri batean ematea erabaki du. Han konturatuko da baserrikoek ez dutela euskaraz berba egiten, ‘swahilieraz’ baino. Eskerrak baserrian Ixabel ezagutuko duen…

Musikarekin jarraitu du 2003ko ‘Udagoieneko Ostera’, azaroaren 14an Kepa Junkeraren ekitaldia izango baita Balmasedako Udal Aretoan gaueko hamarretan, bertan ‘K’ izenburua duen disko beria aurkeztuko duela. Aurkezpenik behar ez duen artista dugu Kepa Junkera, ezaguna Euskal Herrian zein bertatik kanpo. Aititak panderoa joz eta amak dantzan erakutsitako tradizioaren abiapuntutik hasita munduan zehar hamaika bira egitera heldu da bilbotarra, zer edo zer berria eramanez eta ekarriz aldiro. Sonoritatearen bilakaera etenik gabeko batean beti trikitiak sorturiko lilurak gidaturiko bidean. Bakarka zein beste sortzaile batzuekin sinaturiko diskoak, Oskorrirekin egindako lanak eta nazioarte mailako grabazioetan izandako parte hartze kontaezinak dira ibilbide oparo honen lekuko. Urrezko bi disko eta Latin Grammy Awards sarirako nominazioa, berriz, lorturiko arrakastak bidean utzitako seinale begi bistakoenak. Bidaia horretan, folk munduan ospe handia daukaten hainbat musikari izan ditu bidelagun.

‘K’ diskoa da Kepa Junkeraren azken lana. Bilboko Arriaga Antzokian grabatu zuen 2003ko martxoan. Bere lehenengo zuzeneko diskoa da eta bi hamarkada luzetan trikitiaren botoiak zapalduz landuriko musikaren erakusgarri. “Musika pintura bezalakoa da” esatea gogoko du Kepak, “kolore nahasketa bat”. Bere paleta aberatsetik egin berri duen kolore aukeraketa gozatzeko gogoz gaude.

Ondarroako Kafe Antozkian izango dute jarraipena ekitaldiek azaroaren 21ean 22.30etan, Xabier Montoia eta Anari eta Petti musikariaren ekitaldiarekin, lehenak ‘Ni ez naiz Xabier Montoia’ azken diskoa aurkeztuko duelarik eta bigarrenek ‘Anari eta Petti’ lan berria jendearenganatuko dutelarik.

Xabier Montoiak eremu propioa konkistatu du euskal musikaren unibertsoan, ibilbide musikal oparo eta pertsonalari jarraituz. ‘Ni ez naiz Xabier Montoia’ bere bakarkako laugarren lanean sakondu egin du bilakaera horretan nagusitzen joan diren musika beltza eta pop esperimentalaren bideetan. Gitarra minimalistak, segida elektronikoak eta berba ironikoak gurutzatzen dira erritmo sendoen gainean. Indarra eta ñabarduraren arteko oreka. Taula gaineko agerpenean, bi bateria jolek agerian uzten dute erritmoaren protagonismoa, berotu, lasaitu, dantzarazi eta gozamenaren zurrunbilora irentsiko gaituen kontzertu baten iragarle.

Anari eta Petti dira, bestalde, azken urteotan euskal kantagintzak eman dituen izen garrantzitsuenetarikoak. Nortasun eta indar handiko bakarlariak biak, iturri askotariko eta aberatsekoak. Bakoitza bere ibilbidean doa, sendo, eta batak bestearekin topo egin dute oraingoan. Bidegurutze artistiko horretan elkarrekin lan egin eta esperimentaziorako lekua topatu dute, “Anari ta Petti” diskoa utziz guretzako erregalu. Zuzenean ere, parerik gabeko bikote hau kantuan batera entzuteko aukera izango dugu, elkarrekin landuriko kantuak aurkeztuz zein aurretik grabaturikoen moldaketa berriak eskainiz.

Benito Lertxundi musikariak ‘Nere ekialdean’ diskoa aurkeztuko du azaroaren 28an, 22.15etan, Ermua Zineman. Orioko musikaria euskal gure sortzailerik esanguratsuenetakoa dugu. Bere izena aipatzean, euskal musikagintzaren azken hogeita hamar urteotako ibilbidearen atal garrantzitsu bat datorkigu gogora segidan. Bere kantuen ederrak eta pasioz beteriko sentimendu interpretatiboaren sakontasunak herrikoi eta unibertsal bilakatu dute. Abestiok, gainera, autorearengandik aparteko bizitza eta sinesgarritasuna lortu dute adin eta sasoi ezberdinetako zaleengan. Honek guztiak, azkenean, Benito Lertxundiren irudia euskal musikagintzaren ikur ez ezik euskal kulturaren erreferentzia ezinbesteko ere bihurtu du. ‘Nere ekialdean’ da Benitok aurkeztu digun azken lana, sortzailearen ekialdeeneko gogoaren ekarria. Bere diskorik landu eta garatuena da, eta autorearen heldutasun artistikoaren erakusgarri. Sentimendu liriko eta estetiko natural bezain barnekoi batek kantatzen du bertan, melodia eta burutazio eternoak utziz. Ekialdeko haizearekin bat datoz, suabeak dira erritmo zein etenetan , eta berarekin, basamortu beroaren misterioa eta intentsitatea dakarte. Mundu magiko erakargarri bat, azken batean: Benito Lertxundiren ekia.

Euskal musikagintzan aski ezagunak den Oskorri taldeak ere ‘Desertore’ disko berriaren aurkezpena egingo du abenduaren 5ean, 21.00 etan, Zornotza Aretoan. Proposamen garbi, freskagarri eta animatua da Oskorri. Bokal eta instrumental, balada eta jaia, akustiko eta elektriko, tradizioa eta modernitatearen arteko oreka. Hogeita hamar urte baino gehiagoko karreran, asko aurreratu du taldeak teknika eta esperientzia aldetik, utzikeria tradizionalistatik urrin, soinu eusko-garaikidearen bila beti. Soinu hau taldea osatzen duten zazpi partaideen sentsibilitatearen fruitu izateak, gainera, freskotasunik galdu barik betiko seriotasun argitsu eta optimistarekin mantendu ditu. Oskorrik bere zerga-marka dauka, jatorri izena. Hogeita hiru disko eta gero, ‘Desertore’ joan zaizkigu oraingoan, kantu berriekin bueltatzeko. Azken lan honetan, ia Oskorrikide guztien konposizioak daude eta idazle, poeta zein bertsolari gazteen laguntza izan dute testuak egiteko: Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Andoni Egaña, Jon Sarasua, Maddalen Lujanbio… Produktore eginbeharra, berriz, Luis Lozano musikari kanariar bikainak burutu du. Hogeita bosgarren urtebetetzeko diskotik hona taldeak prestatu duen lanik trinkoena eta freskoena da ‘Desertore’.

Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda artistak sortutako ‘Zaharregia, txikiegia agian’ disko-liburu berriaren aurkezpena egingo dute abenduaren 12an, 22.00etan, Gernikako Lizeo Antzokian. ‘Zaharregia, txikiegia agian’ arlo ezberdinetan jarduten duten lau euskal sortzaile batzen dituen proiektua da. Egitasmo honek eraman zituen Kirmen Uribe poeta eta Mikel Urdangarin kantaria New York hirira 2003ko udaberrian. Eurekin beste bi lagun joan ziren, Bingen Mendizabal –hainbat filmetako musika sortzailea- eta Rafa Rueda –PiLT taldeko kidea-, emanaldiari sendotasuna eta dotorezia gehitzera. Arrakasta osoz burutu zen hango bira eta orain Euskal Herriko aretoetan eskaintzera datoz. Euskarari buruzko poema batetik harturikoa da ‘Zaharregia, txikiegia agian’ izenburua, eta bertan laburtzen da zabaldu gura duten mezua: «Euskaldunok munduari begiratzeko modu jakin bat eskaintzen dugu, bizitzeko eta sentitzeko modu bat». Gure garaiko kezkak dira, modu garaikide eta soilean emanak. Uribek ‘Bitartean heldu eskutik’ liburuko poemak irakurtzen ditu, bere beste idazlan eta Euskal Herriko autore batzuen poemekin batera. Irakurketekin tartekatuta, Urdangarinek, proiektu honetarako eginiko kantuak eta aurreko batzuk kantatzen ditu. Ekitaldia borobiltzeko kolorez beteriko proiekzioak ere ematen dira. Begiratzeko mundu bat.

Ruper Ordorika musikariak emango dio amaiera aurtengo ‘Udagoieneko Ostera’ egitasmoari, Bilboko Arriaga Antzokian abenduaren 13an, 20.00etan, burutuko duen ‘Kantuok jartzen ditut’ disko berriaren aurkezpenarekin. Ordorika Euskal Hiriaren kantaria dugu. Gaur egungo euskarazko kantagintzaren ikono nagusietako bat. Hogei urte baino gehiago dira anphora hautsi zuenetik, eta bere-berea den proposamena aurrera eramaten jakin du ordutik, kemenez eta azkartasunaz, gaur denek aitortzen dioten lekua egin arte. Hasiera-hasieratik erabili dituen gaiak denetarikoak, orokorrak, laikoak izan dira: labanderia bat, furgoi beltza, emakume baten bisita… Ruper Ordorikak kantari berezia izaten jarraitzen du gaur ere, hainbeste maite eta gorroto duen hiri honekin konprometituriko berbak eta doinuak eskainiz. ‘Kantuok jartzen ditut’ dio berriro Ordorikak, aurreko lana kaleratu zuenetik bi urte beteko diren honetan. Hamabi kantu berri dira, Ruperrek berak sinaturikoak denak, Joseba Sarrionaindiaren “Kantuaren gauza galdua” berbak izan ezik. Grabaketak Azkarateko Argiñenean egin ditu Jonan Ordorika teknikaria alboan zuela. Kantu sorta berri honetan aurreko lanen ildoari jarraitu dio, baina, muga berrietarako norabideetan ere pausoak emateko beldur barik. “Kantuok jartzen ditut” bederatzigarren diskoa da, hamarrerako bidean doan artista batentzat.

Iragarritako ekitaldien aurkezpenak ‘Arratia Faktoria’ literaturzale taldeak egingo ditu.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba