Patxo Telleria eta Kukubiltxoren antzezlanak argitaratu ditu Artezblaik
Artezblai Argitaletxeak Patxo Telleriaren «Kontenedore baten istorioak» eta «Euskara sencilloaren manifiestoa» helduentzako komeriak alde batetik eta Kukubiltxoren «Kukubel», «Txirrikiz» eta «Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen» haurrentzako testuak bestetik bildu ditu bere Antzerki Testu Bildumaren barruan kaleratutako azken bi liburuetan. Literatur dramatikoko nobedade bi hauek Durangoko Liburu eta Disko Azokan eskuragai izango dira, argitaletxearen liburu guztiekin eta ARTEZ Arte Eszenikoen aldizkariarekin batera eraikuntza berriko Barrenkalea 1 standean. Patxo Telleriak idatzitako «Kontenedore baten istorioak» eta «Euskara sencilloaren manifiestoa» antzezlanak biltzen ditu Antzerki Testu Bildumaren bederatzigarren emariak. Lan bakoitzak nortasun propioa duen arren, egileak bizi duen gizartearen zentzu-gabekeriaren isla dira, betiere umorearen bidetik. Lehenak, Maskarada taldeak ikuskizun bihurtu duena, Lionel Zabor eta Theodor Zakar errausketa plantara eramango dituen kamioiaren etorreraren zai dauden orbanak ditu protagonista. Bikoteatrok taularatutako «Euskera sencilloaren manifiestoa»n, berriz, euskaradependinteak, baldintzomano eta subjuntibopata bihurtu den munduko euskaldunberririk zaharrenek osatutako bikotea aurkezten da.
Artezblairen bildumako haurrentzako antzezlanak biltzen dituen bigarren aleak Kukubiltxo taldeak sortutako «Kukubel», «Txirrikiz» eta «Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen» ikuskizunetako testuak biltzen dira ale honetan. Euskal Literaturan oinarritutako testuak dira hirurak. Hurrenez hurren, Resurreción María de Azkue eta Errose Bustintza «Mañariku»ren ipuinetatik abiatuta Josu Camarak «Kukubel» eta «Txirrikiz» idatzi ditu. Mikel Zarateren istorio batean inspiratuta sortutako «Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen», berriz, taldeko zuzendaria den Camarak berak, Idoia Agirrek eta Kirmen Uribek sinatzen dute.
Artezblai argitaletxeak antzerki garaikideko liburuak kaleratzeari ekin zion 2002an. Geroztik, hamar liburu jarri ditu antzerki zaleen eskuragai, hala nola, Felipe Loza eta Garbiñe Losadaren «Sin Vergüenzas/Lotsa gabe», Maite Agirreren «Y María, tres veces amapola, María…/Bilbao. Lauaxeta, tiros y besos», Teresa Caloren «Mentiras/Entre líneas», Garbiñe Losadaren «El amigo de John Wayne», Ozkar Galánen «Anpurrek», Barakaldoko Antzerki Ikastegiko ikasleen «Más que palabras», Arístides Vargas eta Patricio Vallejoren «De cómo moría y resucitaba Lázaro, el lazarillo/Tarjeta Sucia» eta Aitor Txarterinaren «Zenbakiak ala eleak.Pedagogoak gogoan/Eko-logikoa». Zerrenda honetan gehitu berri dira Telleria eta Kukubiltxok sinatutako liburuak.