El Chivato

Mikel Markez kantariak Zarautzen abestuko du

Mikel Markez kantari gipuzkoarrak kontzetu bat eskainiko du datorren urtarrilaren 7an Zarauzko Lizardi Antzokian arratsaldeko 8etan. Ekitaldian bere azken lana den Erabil nazazu diskoko abestian aldez aurretik grabatutako beste sei disketakoekin tartekatuko ditu. Mikel Markez-ek Euskal Herriko txoko gehienetan kantatu izan du, eta bai zuzenean nahiz diskotan euskal musikari askorekin kolaboratu izan du. Hala nola, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Sanchis y Jocano, Alaitz eta Maider, Niko Etxart, Jexuxmai Lopetegi eta abarren diskoetan parte hartu izan du; aldi berean, letrak ere idatzi ditu Mixel Ducau eta Caroline Philips, Joxan Goikoetxea, Tapia eta Leturia, Zaldibobo edo Alboka taldeentzat.

Euskal Herritik kanpo, Kuban, Argentinan, Venezuelan eta Estatu Batuetan eman ditu kontzertuak.

Zazpi konpaktu ditu merkatuan: …eta etorri egin zait… (1991), Oroitzapenak oparitzen ditut (1993), Zertarako mugak jarri (1995) eta Kantu erotikoak (1997), Dena hankaz gora (1999), Tribuaren hitz galduak (1999) eta bere azken lana Erabil nazazu (2004).

Azken diska honek musikoak dituen kezkei eta munduak dituen arazo batzuei erantzuten die. Bere gogoko poeta batzuen poema bana musikatu du: Sonia Gonzalez, Joseba Sarrionandia, Xabier Lizardi, Pako Aristi eta Juan Mari Irigoien. Victor Jararen Te recuerdo Amanda kantu gogoangarriaren bertsio samurra ondu du.

Gainontzean Mikel Markez beraren musika eta letra propioak dituzten lau kantu ditu diskoak, Palestinari buruz, gure gizarteari buruz ea. Eta bukaeran ezusteko bat, ´happy end´ moduko bat: Zuzenenan grabatutako John Mulligan kantua, edo Irlandan ´John Zaharra´rena deitzen diotena, soinu, gaita eta flauta artean kantatua, eta jendearen txalo hotsekin amaiera indartsu eta bizia ematen diona lan osoari. Bost urteko isilunea haustera dator lan berri hau, gazterik hasi zen kantariak ez zuelako bi udatako txoria izan nahi euskal kantagintzan, iraupen luzeko artista baizik, munduko itsasoetan barrena ibilaldi luzeak egiten dituzten trasatlantiko horien modura. Horretarako gogoeta egin beharra dago, kantuaren funtsa zein den ulertu, komunikazioa errazten ikasi eta ez oztopatzen.

Bost urte hauetan borobildu duen erantzuna da disko hau Mikel Markezen ibilbidean. Maitasunaren txorabioa ez ezik sufrimenduaren aztarnak ere agertzen ikasi du Mikel Markezen ahotsak; arregloak zehatzak dira, nahaskeriarik gabeak, eta askotan misterioz betetzen dute kantua; musikoen lana, berriz, elegantea da, neurrikoa, nahikoa eta soberarik gabea. Disko gozoa da, baina lotarazten ez duena, mezu sakonak izan arren terapeutikoa suertatzen dena, pentsarazi egiten duena barneko lasaitasunik sekula urratu gabe, edertasunaren eta beharrezkoa denaren arteko oreka zail hori gordetzen duena bere kantu guztietan.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba