El Chivato

Antzerkiola Imaginarioaren ‘Yuri Sam’-ek Donostia Antzerki Saria irabazi du

Iaz Donostian programatutako euskarazko antzezlan guztien artean aukeratutako Donostia Antzerki Saria jasotzeko Antzerkiola Imaginarioaren «Yuri Sam» ikuskizuna gailendu da, atzo Donostia Kultura Patronatuak jakinarazi zuenez. Hurrengo ikuskizuna prestatzeko 9000 euroko laguntza eta garaikurra jasoko du Bilboko Konpainiak. «Yuri Sam antzezlana sortzeko orduan Antzerkiola Imaginarioak eginiko ikerketa eta lanak duen ausardia eta berrikuntza saritu nahi izan dugu. Antzerkia ulertzeko modu ezberdinen uztarketa dugu berau, eta euskal antzerkiari freskotasuna ekarri dio», azaldu zuen epaimahaian Donostia Kulturako ordezkaria izan den Norka Chiapusok.
Antzezlan honetan hilik dagoen shaman bat antzerkia den espazio sakratura bere istorioa kontatzera doa. Horrela, hilik, bizirik dauden pertsonaia pribilegiatuengana bidearen meandroetaz lasai goza dezaten esatera dator. Hortaz, shamanaren otoitza kontsolamendu makala besterik ez da. Berak nahiago ditu bizitzaren pribilegioak: arnasa hartu, larrua jo, mozkortu. Heriotza ez da ederra eta ez da sekula izango. Hobe bizitza, hobe pekatari izateko ahalmen askatzailea. Ander Lipus zuzendari eta antzezlearen aburuz, “Yuri Samek berak bizitza faltan duen heinean, bere shaman edo sendatzaile izaerak indarra hartzen du. Zentzu horretan, arrapaladan bizi garen momentu hontan atzera begiratzera eta egunerokotasuna lasaiago hartzeko gonbitea egiten dugu. Kritika baino gure ikuspuntua eskeini nahi dugu”.
Irabazleak 9.000 euro jasoko ditu beste ikuskizun batean baliatzeko, baita Marta Cárdenasen “Beiratiak 2003” izeneko artelana ere. Saria hilaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 20.00etan, emango da Donostiako Antzoki Zaharrean antolatuko den gala berezian. Ondoren, saritutako antzezlana, “Yuri Sam”, emango dute berriz.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba