Jokin Oregiren ‘Ezin dut egia esan’ antzezlana estreinatuko da gaur
Gaur, azaroaren 10ean, iluntzeko 20:30, Santurtziko SKA Aretoan, bere Antzerki Jaialdiaren barruan, «Ezin dut egia esan» Jokin Oregiren sormen berriko euskal antzerki testuaren euskarazko estrenaldia izango da. Antzerki-joku teatrala proposatzen duen ikuskizuna estreinatuko da hilabete honetan Santurtziko Serantes Aretoan, non “eszenariotik eskaintzen diren ‘fitxekin’, ikusleak puzzlea osatu beharko duen”, testuaren egileaz gain antzezlanaren zuzendaritzaz arduratzen den Jokin Oregiren esanetan. Ezin dut egia esan izenburua duen lan honek aurrera egin ahala, emozioen eta sentimenduen puzzlea osatzen doa, “aurrera doan heinean eta gauza berriak agertu ahala, ikusleak ikuspuntua aldatu behar izango duelako eta obra, amaieran bakarrik osatzen delako”, 2004ko Serantes Antzerki Testuen Sarian, euskarazko sailan, akzesita eskuratu zuen egileak aitortzen duenez. Errealitatea eta desioa jokoan dituen antzezlanak, bi egia horiek uztartzeaz gain “dramatugiak bi planotan hartzen du sostengu”, Oregiren esanetan. Abiapuntu horiekin, antzezlanak maitasun istorioa azaltzen du, nahiz eta desamodioa, bakardadea eta nolabaiteko frustrazioa ere deskribatzen dituen.