El Chivato

IX. Euskal Herria Sona! Bartzelonako Euskal Etxean

Bartzelonan ospatzen den Euskal Herria Sona! Ekimenak bere 9. Edizioa burutuko du azaroaren 3an hasi eta abenduaren 1a arte, non musika ekitaldiez gain euskal kulturarekin lotutako ekitaldi ugari izango diren. Iragarritako kantaldietan, Ken Zazpi, Ene Bada, Iker Goenaga, Anari, Hegokoak eta Pier Paul Berzaitz izango dira, besteak beste. Bartzelonako Centre Cultural Euskal Etxea irabazi asmorik gabeko elkartea da, 1979tik hona euskal kultura sustatu eta zabaltzeko lan egiten duena. Egun 300 bazkide baino gehiago ditugu, horietako gehienak euskaldun eta katalanak, baina gero eta gehiago dira bestelako kultura eta herrialdetakoak izanik gurera hurbiltzen direnak.
Gure elkartearen xede nagusia Bartzelonan eta Katalunian Euskal Herriaren erreferente izatea da. Zentzu horretan, euskaldunen arteko harremanak lantzeaz gain, kultura arteko trukea ere gauzatzen dugu.

Euskal Etxeak ekimen eta ikastaro ugari antolatzen ditu bere bazkide nahiz interesa duen ororentzat.

Euskara ikastaroak (maila eta era askotarikoak) dira, zalantzarik gabe, jende gehien biltzen dutenak. Baina, besteak beste, honakoak ere egiten ditugu: tailerrak (txalaparta, dantza, trikitixa, panderoa, bertsoak, herriko kantuak…), hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta abar.

Era berean, gure egoitzatik kanpora ere irteten gara kontzertuak antolatzera, Euskal Herriko festa zaharrak ospatzera, trikipoteo famatuak egitera, eta oro har arrakasta handia duten hainbat ekimen eskaintzera (Literaldia euskal literatura zikloa edo Zinemaldia euskal zinema zikloa esaterako).

Duela zortzi urte, elkarteak aro berri bati ekin zion, hiriaren kultur bizitzan eta katalan gizartearen hainbat esparrutan parte hartzeko asmoz. Gracia eta Citutat Vella barrutietan abiatu zen lan honek jarraipena izan du hiriko beste barruti batzuetan, Eixample eta Poble Nou kasu.

Lan honen ondorioz, bertako herri erakunde eta elkarteekin dugun elkarlana nabarmen sakondu eta hobetu dugu, gure kultur ekitaldiak Bartzelonako plaza eta kaleetara zabalduta, ahalik eta hartzaile kopuru zabalago eta anitzagoarengana helduta.

Lan honen ikur gorena, ezbairik gabe, “Euskal Herria Sona” euskal musika jaialdia da. Ekimen honek 1998an ekin zion bere ibilbideari C.A.T. (Centre Artesa Tradicionarius) delakoan, “Euskal Herria al CAT” izenpean. Hasiera honetan, euskal folk jaialdia izan zen, C.A.T.-ek berak eta De Bat a Bat aldizkariak (Euskal kultura sustatzeko aldizkaria, katalanez idatzia) antolatu zutena.

Hirugarren edizioaz geroztik, 2000. urtetik aurrera alegia, Euskal Etxeak hartu du jaialdia antolatzeko ardura osoa. Helburuak garbiak dira: euskal kulturaren hainbat alderdi ezagutaraztea, musika estiloen aniztasuna sustatzea eta egitaraua hiriko gune gero eta gehiagotara zabaltzea ahalik eta ikusle kopuru handienarengana heltzeko.

Aurten izango diren agerraldiak azaroaren 3an hasiko dira Ken Zazpi taldeak emango duen kontzertuarekin eta hurrengo egunean ‘Triki poteoa’z gain Ene Bada taldearen kontzertua. Beste trikitilari batek, Iker Goenaga hain zuzen, hartuko du erreleboa eszenatokian 10ean, eta hurrengo egunean Dantza tailerrak izango dira haur zein helduentzat. Beste tailer bat, kasu honetan txalapartarena 17an burutuko da. 18an ‘Gau Euskalduna’ dantzari eta txalapartariekin eta eguna borobiltzeko Anari musikariaren ekitaldia izango da. Hegokoak taldea izango da 24ko protagonista, kantu tailerra eta kantu afaria izango dira 25ean eta iragarritako ekitaldiei amaiera emateko Pier Paul Berzaitz kantariaren ekitaldia izango da abenduaren 1ean.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba