Lau konpainien koreografiak aurtengo Dantza Zirkuitoan
Barakaldo Antzokia, Elorrioko Arriola Antzokia, Kultur Leioa, Jesús Ibáñez de Matauko Gasteizen, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona eta Donostiako Gazteszena Kultur Etxeak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatzen duen aurtengo Dantza Zirkuitoaren eszenatokiak, bertan eta otsaila eta maiatza bitartean estilo ezberdinetako dantza garaikidea lantzen duten lau konpainiaren ikuskizunak ezagutzeko parada eskainiz. Dantza Zirkuitoaren hirugarren edizioa otsailaren 17an abiatuko da Barakaldo Antzokian Ertzak aurkeztuko duen Look ikuskizunarekin. Irudia bera du oinarri Asier Zabaletak zuzentzen duen pieza honek eta gure gizartean irudiak duen garrantziaren inguruko hausnarketan murgiltzen da Zabaleta, Pilar Andrés eta Helena Golab lagun dituela. Irudia itxurakeria bilakatu baita, izate bera gaindituz eta egungo gizakiok jarrera estereotipatuak landuz, norberaren plantari izateari baino garrantzi handiagoa emanez bizi garela ohartaraztea du helbur Ertzaren lan honek.
Intimitatearen baitan
Damián Muñoz Konpainia-ren azken lana ezagutzeko parada ere eskainiko du aurtengo Dantza Zirkuitoak. Iazko maiatzean Bartzelonako Mercat de les Flors-en estreinatu zen Staff, konpainiaren hamargarren urtemugan eta efemeride hau abiapuntu hartuta Muñozek berak Virginia García, Alexis Fernández eta Steven Dall-ekin elkarlanean burutako sorkuntza lan berezia eskaintzen du, taldearen intimitatea ezagutzeko eta bertan sartzeko aukera eskainiz, hots, dantza ulertzeko eta bizitzeko, hau da, azken finean dantzarekiko duten harremana ikuslegoari helaraziz.
Intimitatea eta elkarlana ere ditu abiapuntu Filipa de Francisco & Idoia Zabaleta-ren Dueto koreografa bien arteko lankidetzaren ondorioz sortutako lan poetikoa baita berau. Sorkuntza prozesu berezi batetan oinarritu da pieza hau lehena Lisboan bizi baita eta Zabaleta berriz Euskal Herrian beraz bien artean dagoen distantzia lagun bilakatzea lortu zuten eta hamaika hilabetetan elkarri idatzitako gutunen bidez bakoitzaren imaginarioan sartzea lortu ere idazmena, lurraldea bera eta urrunaldia abiapuntu hartuz bakoitzak beste pertsona bat bilakatzeko duen aukera edo ezintasunaren inguruko hausnarketa taularatuz.
Flamenkoa eta dantza garaikidea uztartzen dituzte berriz Marco Vargas & Chloé Brûlé dantzariek Cuando uno quiere y el otro no ikuskizunean. Bikote baten arteko maitasuna, desioa, gorrotoa eta samina, elkar egoteko grina eta ezinegona, egunerokotasunaren ajeak, sentimendu kontrajarriak… sentipen guzti hauek maisuki azaltzen dituzte dantzari bi hauek Juan José Amador flamenko kantariaren partehartze zuzenarekin osotasunean ikuskizun eder bat eskainiz.