En cartel

Berrehun emanaldi eskainiko ditu aurten Kultur Errotak

Tokian tokiko Euskara Elkarteek Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren laguntzaz antolatzen duten Kultur Errota zirkuituak 200 emanaldi eskainiko ditu aurten. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak herriz herri eramaten dituen zirkuituak hiru helburu nagusi ditu: herrietako euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen ekoizpena sustatzea. Kultur Errota zirkuitua Topagunearekin berarekin sortu zen, duela hamaika urte, Euskara Elkarteen kultur sustapenerako tresna gisa. Federazioak era guztietako kultur emanaldien zerrenda zabaltzen die elkarteei, eta elkarte bakoitzak aukeratzen du zer eta noiz eskainiko duen herrian. Federazioak lana errazten die horrela tokian tokiko elkarteei, kudeaketa eta koordinazio lanen zein finantzazioaren beraren zati handi bat ere bere gain hartuz.
Ekimenak ukatu ezinezko arrakasta du: zirkuitua sortu zenetik etengabe hazi da urtez urte haren bidez programatutako emanaldi kopurua, aurtengo 200 ekitaldietara iritsi arte. Horrela, Kulturak hiriburuen esparrua gainditu eta herri txikietara ere zabaltzeko ekarpen handia egiten du Kultur Errotak. Aurten, gainera, badugu zer ospatu: izan ere, 2008ko edizioan bere 1.500. emanaldia eskainiko du zirkuituak, ekaina-uztaila aldera.
Bestela ere, bere betiko ezaugarriei eutsiko die hamaikagarren Kultur Errotak, kultur eskaintza iraunkorra, kalitatekoa, eta askotarikoa zabalduz. Askotariko izaera hori hainbat alderditan islatzen da: publiko mota (adin tarte guztietarako ikuskizunak eskaintzen ditu Kultur Errotak), ikuskizun motak (musika, antzerkia, diaporamak, literatura emanaldiak, ipuin kontalariak…), gonbidatutako kulturgileen zerrendan ere argi ikusten da aniztasuna:
Musika: Txuma Murugarren, Kokein, Jabier Muguruza, Jone, All Jazz Era, Petti, Igelaren Banda…
Helduentzako antzerkia: Hortzmuga, Gilkitxaro, Bikoteatroa, Txirene, Antzerkiola Imaginarioa…
Haurrentzako antzerkia eta txotxongiloak: Zenbat Gara, Gorakada, Hankatxo, Irrintzi txotxongilo taldea, Atikus, Azika…
Haur berbena: Auskalo, Xilipurdi
Magia eta Zirkoa: Txan Magoa, Poxpolo eta Mokolo, Korri eta Xalto, Eriz Magoa, Zirika Zirkus…
Ipuin kontalariak: Maite Franko, Pello Añorga, Gorringo, Koldo Amestoy…
Bertsolaritza: Xabier Amuriza, Trikuharri antzerki taldea, Oihane Enbeita, Onintza Perea eta Iratxe Ibarra, 1,2,3 Inaxito…
Literatura emanaldiak: Patxi Zubizarreta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Castillo Suarez…
Diaporamak: Gema Arrugaeta, Jon Arretxe, Josu Iztueta, Marron, Amets Arzalluz, Apaizac Hobeto…
Bestelakoak: Kulki, Elvi, Kike Amonarriz Asisko Urmeneta eta Antton Olariaga, Erdizka Lauetan…

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea…


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba