Kilikolo Zirko Taldeak ‘K Barré’ estreinatuko du
‘K barré’, Kilikolo Zirko taldearen bigarren sorkuntzak argia ikusiko du martxoaren 28tik 30era bitartean Izpurako Faustin Bentaberri gunean, Le Petit Théâtre de Pain konpainiako kidea den Eric Destout-en zuzendaritzapean. Gure zirkolari maitaleak badatoz… Gorago, azkarrago, eroago, saltoka, hegalka, punpeka… eta gero ta gehiago zoratzen ari, ezkata dirdiratsuez estalirik eta zmokinez jantzita. Kilikolo Zirkoko artistak ditugu, lehen ikusgarriko arrakastaren ondotik (« Chutes de Cirque » : 80 emanaldi inguru), Izpurara datoz berriro haien bigarren ikusgarri harrigarriaren sortzeko.
Berriro ? Egiazki joan ote ziren ? Jatorriz eskola ospetsuenetarik (Châlons), Zirko ospetsuenetarik (Fratellini), Kilikolo Zirkoko kideek lotura estuak dituzte Aiherra aldean, eta euskara, ama hizkuntza izanikan edo geroztik ikasia (bereziki kantuentzat), belarrietan goxoa. Garazi aldean harremanak lotu dituzte ere, Izpurako gelan sorkuntza 3 egunentzat errezebitzen baituzte, martxoaren 28 eta 29an, ostiralez eta larubatez, aratseko 9etan eta igande aratsaldez, 5etan. Tokiko konpainiekin ere harremanetan dira, haien taula zuzendaria, Eric Destout, Le Petit Théâtre de Pain taldekoa baitute.
1920 urteko kabarete giroa, « french cancan » eta Orlean Berriko ostatuetako giroetaz baliatu dira ikusgarri hunen osatzeko : hirukote zutabea, trapezioa, itzulipurdiak airetan, jauziak, juglaritza, majia, gomitak… eta ainitz ainitz umore !
Iparraldean, hein hortako zirko konpainia baten izaitearen suerteaz baliatu da Baxe Nafarroako Herri Antzokia/Garazikus Elkartea 3 asteko egonaldi baten antolatzeko baita Kultur Hezkuntz Ekintzen plantan ezartzeko Baxe Nafarroako ikastetxetan.