El Chivato

Formatu Txikiko Kultur zirkuitua Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrean

Portugaleteko Harribola, Santurtziko Bai Esan, Erandioko Berbots, Getxoko Bizarra Lepoan eta Barakaldoko Sasiburu Euskara Elkarteek, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin batera, formatu txikiko kultur zirkuitua antolatu dute datozen asteotarako.
Hala euskara elkarteen nola Topagunearen beraren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, eta hori lortzeko, besteak beste, Kultur Errota kultur zirkuitua antolatzen dute elkarlanean. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatuz, hiru helburu ditu zirkuituak: euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kulturaz gozatzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen sorkuntza sustatzea.
Kultur Errotaren asmo nagusietako bat kultur eskaintza herrietara hurbiltzea da. Horretarako, ohiko eskaintzaz gain, eskualde zirkuituak ere antolatzen dira. Horrela, hurbil dauden euskara elkarteen kultur programazioa koordinatuz, eskaintza bateratua lortzen da, emanaldiak elkarren aberasgarri izan daitezen.
Nerbioi-Ibaizabal Itsasadarreko zirkuituari dagokionez, bost emanaldik osatuko dute, era guztietako publiko eta gustuak asetzeko modukoak. Lakrikun, BIkoteatroa eta Ander Lipusen antzerki taldeak, Zu Kantari eta Koldo Amestoy ipuin kontalaria izango dira protagonista urriaren 17an hasi eta azaroaren 10ean amaituko den zirkuituan. Egutegi zehatza, eta ikuskizunen inguruko xehetasunak, ondoko orriotan dituzue.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 88 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

HARRIBOLA

Urriaren 17an, ostirala, 19:30etan, Portugaleteko Azokan.

Lakrikun Antzerki Taldea; “Greban gaude”

Hiru garbitzailek, grebara joatea erabaki dute, grebaren zergatia hasiera batean inork argi ez badu ere. Hirurak elkartu egingo dira eta solasari ekingo diote. Oso desberdinak dira beraien artean eta gaiak jorratzeko orduan,
ezberdintasun hauek, agerian geratuko dira. Ironia handiz, maitasunaz, familiaz, sexuaz, ilusioez…arituko dira. Emakumezkoen pentsaera ikuspegi desberdinak azalduz.

GAIAREN TRATAMENDU ARTISTIKOA:
Gure asmoa, ikuslegoa, egiten dugunarekin identifikatua sentitzea izan da. Ikusten dituen egoera desberdin horietan, bere burua islatua ikustea.

Horretarako oso izaera ezberdineko emakume ereduak, aukeratu ditugu: ezkonduak eta gabeak, irekiak eta itxiagoak, filosofia desberdinekoak…

Arestian aipatutako gai horiek, landuko ditugunak alegia, emakumearen egunerokotasunarekin oso ondo uztartzen direla baloratu dugu eta ahalik eta ikuspegirik zabalena biltzen saiatu gara hiru emakume hauen izaerak finkatzerakoan.

Guzti hau, ironiaz, beterik eta tonu umoretsuan egin nahi dugu, egunerokotasunean gerta daitezkeen egoera gordin horien kontura barre eginez, dramatismorik gabe. Errealitatea kontrajarriz, behin eta berriz .

GREBAN GAUDE aurkezten dizuegu, jaietan, antzokietan, aretoetan edota kafetegietan antzezteko asmoarekin.

Lan umoretsua, testu ulerterraza eta antzerki munduan eskarmentu handiko hiru neskak egina .

SASIBURU

Azaroak 10, astelehena, 20:00etan, Barakaldo, San Bizente Kultur Etxean

Ander Lipus & Karabana “Hala mintzatu zan Zappatrusta”

Umorea oinarri duen ikuskizuna, karabana honetatik pertsonai mordoa aterako dira; Juan Junda potosikotikodepresiboa, Euxebio Egaña bandoleroa, Belfast-eko xoumana, Kamaleon Hermeneutika katedraduna, Eskoziako munstroa, Antartidako foka bizardunak, Eskandinabiako druida izoztuak, Ekuadorreko marra, platanoak eta sagarrak… Manex “Dominitxine” iparraldeko kantautorea, Estepan Asekas Lekeitioko skratxerra, Ignatius poeta mozkorra… portuko lagun baldarrak, mamu emeak eta mamu arrak.

Karabanak mundua zeharkatu du Euskal-Herrira iristeko

BAI ESAN

Urriak 22, osteguna, 20:00etan, Santurtziko Kresala aretoan.

Bikoteatroa; “Euskera sencilloaren manifiestoa”

Mundu honetan ezer ez da perfektua, euskera ere ez (barka digula (diezagula) Bernat Etxeparek). Ilargiak bere alde iluna duen bezala, euskaldunizazioak “kalte kolateralak” dakartza.

Gutun hau izenpetzen dugunak (ok), munduko euskaldun berririk zaharrenak, kalte horien biktima gara. Orain dela berrogei urte hasi ginen ikasten, eta oraindik “ari gara ”. Hainbeste denbora daramagu ikasten non jada ez dakigula (dakigu) besterik egiten. Engantxaturik gaude, euskaltegi – adiktoak gara, euskara – dependienteak, baldintzomano eta subjuntibopatak.

Bale, badakigu bi edo hiru (bizpahiru) urtetan erabat euskalduntzeko gauza diren ikasle listoak daudela, baina zer egingo diogu, jaungoikoak edo dena delakoak fosforoa banatu zuenean, gutaz ahaztu zen. Sex appeal-a banatu zuenean ere bai, baina hori beste historio (istorio) bat da.

Kontua da ez garela oraindik “euskaldun peto” izatera iritsi, eta daramagun martxarekin, nekez iritsiko gara. Gure kalkuloen arabera, ehun eta berrogei urte beharko genituzke Eguzkitze bezala hitz egitera iristeko, beraz, bi aukera besterik ez ditugu (dugu): reenkarnazioa edo klonazioa.Zoritxarrez ez dugu budismoan konfiantza handirik, eta are gutxiago zientzian. Eta zera pentsatu dugu, geure burua aldatu ezin dugunez, zergatik ez dugu euskara aldatzen?

Esan eta egin, “Euskaltzaindia Berria ” sortu dugu, eta hona gure lehen fruitua: “Euskera sezilloaren manifiestoa”. Sinez eskertuko genizueke zuen aretoan gure manifiestoa aurkeztu ahal izatea.

(Post data: Gure gramatika eta ortografia arauak oraindik indarrean ez daudenez, euskera “estandarra” erabili behar izan dugu. Lehengusu euskaldunzahar batek zuzendu digu testua. Okerren bat egonez gero, berari bota errua)

BERBOTS

Urriak 31, ostirala, 22:00etan, Erandioko ‘La Estrella’ jatetxean
Zu Kantari; “Kantu afaria”

Nork ez du atsegin kantatzea? Denok daukagu kantari bat barruan eta ateratzen dugunean ederki pasatzen dugu. Proposamen honekin, abesti ezagun eta kantu jolasen bidez kantuan une atseginak pasatzeko parada hartuko dugu.

Lagun arteko giroan, herriko plazan, otordu bat eta gero, mila une daude kantatzeko. Kantuetan mila hitz, mila istorio, mila ideia, kantatzeak kilimak gorputzean eta ariman. Bakoitza gure neurriko artista bihurtzen garenean, ederki pasatzea ziurra da.

Taldeko partaideak
Oskar Estanga . Gitarra / ahotsa
Maria Balda . Teklatua / ahotsa

BIZARRA LEPOAN

Azaroak 6, osteguna, 18:00etan, Getxo, Geroa ikastolan

Koldo Amesty “Biderdi”

“Biderdi”

Plaza bat lauhaizetara ibilgune, topagune, trukaketagune…….Nonbaitik ere , kontalaria ere hor dago jarririk. Edozein aldetik etorri eta noranahi joanik ere, badirudi kontakizunak hemendik iragaitera behartuak direla.

Familia giroko publikoarentzat: Helduak eta 8 urtetik gorako haur eta gazteak.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba