Críticas de espectáculos

Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia

Itsasoak Lekeitioko hondartzak laztandu, garbitu edota astindu egiten dituen bezala, horrelaxe nagusitu zen ere Kale Antzerkia aurtengo uztailaren lehenengo asteburuan; azken finean, gogoa, gusto ona eta nahia elkartzen direnean, bere kaxa maneiatzen gaituzten indarren eraginpean geratzerik baino ez dugu eta! Guzti-guztia hasi zen nafartar ATIKUS konpainiaren eskutik, eta bere atez-ateko meloi salmentarekin; El Cucumis-melo ikuskizuna izan zela medio, meloia zuritzeaz gain, fruta honen egokitasunaz ere zuritu ziguten burua. Plazaratutako hurrengo antzerkia bizkaitar GAITZERDIkoek eskaini ziguten, hots, Kulunka, abangoardia-fusioan oinarritutako lan bikaina non musika, birziklatze-perkusioa, dantza, sua eta ura izan ziren nagusi, primerako eszenaratze guztiz plastikoa eta hiptonikoa lortuz. Ostiraleko gauari agurra egiteko, batek daki zein galaxiako izaki arraro batzuek hamaika eta bat eragozpen jarri zizkieten Valentziatik lurreratutako SCURA SPLATS taldekoei haien etxeetara itzul ez zitezen. Lekeitio osoa mikrokosmos berri bihurtu zen, Cosmic: Basafauna planetario honek su ta fuego eman zion herri osoari, eta baita publikoari bere laguntza eskatu ere haien odisea partikularrera gonbidatuz, inkluso euriak berak alde egin zuen izaki hauek izututa, duda barik!
Larunbatean itzulkortasun lekzioa jaso genuen SCURAkoen partez bere bigarren lanaren plazaratzearekin: Macroscopi. Lekeitioz jabetu ziren berriro ere, baina oso tono eta estilo ezberdin batetik, hiru puzgarri erraldoi (armiarma, marraskiloa eta ehunzangoa) plazatik portura abiatu ziren hankapalu hidraulikoetan zebiltzan iratxoek gidatuta; txikiek, eta hain gazteak ez garenok ere, ederto batean eman genuen kalejira pertsonaia hauen txantxen, proposamen eta bihurrikerien artean. Arratsaldeari hasiera ematearen arduraduna Gipuzkoako TRAPU ZAHARRA konpainia izan zen; bere Vis a vis antzelanaz fikziotik at dauden beste munstro batzuen ikuspen umoristikoa eskeini ziguten, hain zuzen ere, banketxeen maileguak. Umoreak protagonista izaten jarraitu zuen arratsaldean zehar polizi-akademiatik inoiz atera behar ez zuen komandorik traketsena plazaratu zenean: frantziar CARNAGE PRODUCTIONS taldeak G.I.G.N. (Groupes d’Intervention globalement nuls) eskaini ziguten; aipamen berezia merezi duen lana dugu hau bere emaitza bikainagatik horren atrezzo eskasarekin, apenas soka eta tutu batzuk, eta poltsa bat. Hala eta guztiz ere, horren zaila den publikoa, umeak, bereganatu zuen hasiera-hasieratik ahots, testu, argi eta musikarik gabe, baina punta-puntako clown hauek ederto burutu zuten bere gag bilduma, eta baita publikoaren txaloak lortu ere. Frantziatik irten gabe egin zuen aurrera arratsaldeak duda barik Jaialdiko ikuskizunik harrigarriena eta ustekabeenarekin, LES TROIS POINTS DE SUSPENSION-ek Monsieur Baryton ikuskizunarekin liluratu baikintuen: arlekinaren tristezia eta zirko-piztiaren menpekotasunaz jantzitako hiru basapiztik zirkoko pizti-hezle baten aginteak betetzen zituzten; txarto egitearen kolpearen beldur, baina ondo egitearen sariaren zain. Pizti-hezlearen bortizkeriak, zakarkeriak, inkluso piztiei emandako kolpeek kriston aldea zuten hiru metrotik gorako piztien mugimendu zehatz eta edertasun handiko koreografiekin. Azkenik, eta une batez baino ez bazen izan ere, piztien arintasunak, biguntasunak eta gozotasunak diktadorea gainditu zuten eta haien jostailu eta txotxongilo bihurtu. Gauak, txisperuen eszenatoki bikaina, bere ateak zabaldu zizkigun Bizkaiko DEABRU BELTZAK taldeak aurkezturiko Bande désplacé ikuskizunarekin. Deabruaren semeek perkusio, argi eta suzko kalejirara eraman gintuzten, telonero bikainak 18. Jaialdi honen opera magnarako: frantziar MALABAR taldearen Helios II. Futurismo mekaniko, Commedia dell’Artetik ateratako jantzi eta zirko-ikuskizunaren arteko estetikaz, neurrigabeko Mantis Religiosa erraldoi baten gainean musika-banda batek zuzendu gintuen La talatik plazara, besteak beste rock edota chillout erritmopean; kalejiraren buruan, hankapalurik altuenetan igotako Erdi Aroko damak segizioaren hankapalodun bufoien jokoak, dantzak eta akelarreak zaintzen eta agintzen zituen. Baina behin herriko plazan, ikuskizunak hasi ere baino ez zuen egin, lekuz kanpoko euri lotsati eta koldarraren ihesarekin batera. Piroteknia, malabarrak, dantzak… plastizitate koralaz, simetriaz eta asimetriaz jositako paregabeko eszenaratze geometrikoan.
Igande goizak larunbat gaueko gehiekeria eta handitasun hiperbolikoak suntsitu zituen. Frantziatik ere etorritako MACADAM PIANO taldeak bere piano-jotzaile ibiltariarekin batera paseatzera gonbidatu gintuen portutik zehar. Enfin le piano de concert se promete dans les rues ikuskizunak kamara-musika jarri zion goizari; Lekeitioko portuak, gainontzekoa. Aurtengo Jaialdiak eman beharreko sorpresa guztiak eskaini zizkigula ematen zuenean, Bizkaiko HORTZMUGA taldea etorri zitzaigun bere azken produkzioaren estreinaldiarekin: Moment0. Kale gorrian bizi diren pertsonaiek bere gabeziak eta miseriak erakutsi zizkiguten plazako hainbat eszena-gune ezberdinetan. Pertsonaia bakoitzarekin zetorren musika malenkoniatsu abiapuntu, pertsonaia bakoitzak erakutsi zizkigun bere dekadentzia, bere bizimoduen alderdirik groteskoena, bere beldurrak, eta sistematik at bizitzearen norberaren aukera anarkiko baina soberanoa. Irudipen hauek beldurra, pena, nazka, txantxa eta samurtasuna sortarazi zizkiguten, tragedia klasikoaren katarsia sortuz: antzerkiak pentsarazi behar digu, pentsaeratik baino ez baitzaie bidea ematen -fikziotik kanpo- gure eguneroko errealitatearen ekintzei.
Lekeitioko 18. Naziorteko Kale Antzerki Jaialdia ikuskizun globala, anitza, eta aberatsa suertatu zaigu, baina baita –agian garrantzitsuago- dibertigarria ere. Gaur egun, kale-eszenaren esparruan plazaratuta dagoen punta-puntako erreferentea, benetako gozamena zentzuetarako. Antolatzaileen lan bikaina, eta ikuskizunen neurri eta kalitatea izan dira pailazo zaharraren soineko berriaren jostorratza eta haria. Lekeitiok egin zuen gainontzekoa.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba