Txirri, Mirri eta Txiribiton Renora
25 urte dira pailazo hirukotea telebistarako lanean hasi zela. Ospatzeko gogoz, ekintza ezberdinak egin dituzte urtean zehar: Berasategirekin bokadiloak, diska berria, Euskalduna Jauregian emanaldi berezia, etab. Hala ere, festa gogoz darraite, eta horregatik, Renoko euskal etxera egin dieten gonbiteari baiezko borobila eman diote. Urtero, NABOk euskal jaialdia antolatzen du eta aurten, Renon gauzatuko da uztailaren 25, 26 eta 27an. Ikuskizun berezia prestatu dute pailazoek 25ean egiteko, haur,guraso eta aiton-amonak dibertitzeko modukoa. Ilusio handiz hartu dute gonbitea, izan ere, Saharan ere izan ziren urte batzuk atzera eta esperientzia guztiz betegarritzat dute irribarreak zabaltzea. Bestalde, AEBtan jarraitzaile ugari dituzte EITB Saten TrikiTraka TrikiTronen emisioak direla eta. Orain, telebistaz gain, bertan izango dituzte Txirri, Mirri eta Txiribiton, euskaldun-amerikar haur askoren ametsak egi bihurtuko dira.