Lakrikun Taldearen ‘Prest gaude’ antzezlanak irabazi du Azpeitiko Topaketen Saria
Joan den hilabetean Azpeitian ospatutako Euskal Antzerki Topaketen hamazazpigarren edizioaren inguruan Azpeitiko Udalak bere balorazioa zabaldu du. Gainera, ikuslegoaren bozkaketak zenbatu ondoren, aurtengo edizioan saria Lakrikun Taldearen ‘Prest gaude’ ikuskizunarentzako dela ezagutarazi dute.
Balorazioa
Aurtengo edizio honetan jende ugari hurbildu da Izarraitz Pilotalekura, erantzun ona jaso dugu, beraz, eta hori benetan eskertzekoa da. Guztira, hogeita bat antzezlan taularatu dira, haur, heldu nahiz gazteei zuzenduak.
Eskola antzerkian ere aukera zabala izan da; izan ere, zortzi antzezlan izan ditugu ikusgai, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrek egindakoak. Beraien arteko desberdinatsunak nabariak izan dira, baina guztien lanak benetan txalotzekoak.
27. edizio honetan lan bat estreinatu da, Lakrikun antzerki taldeak helduei zuzendutako “Prest Gaude” antzezlana, hain zuzen. Genero komikoa garatu dute, eta lakrikunek egin duen lana zoriontzekoa izan da. Horrez gain, profesional mailan Pok Produkzioak taldekoek ekarri digute beste estreinaldi aipagarria, “Arrainontzia” deritzon lana, eta emakumeen aurkako indarkeriaren gaia jorratu duena. Bestalde, aipagarriak dira Antzerki Amateurra deritzon atalean izan ditugun ikuskizunak, besteak beste, Goaz Taldekoen “110.streeteko geltokia”, Azpeitiko Emakumeen Tailerreko “Autobusaren zain” edo/eta Apurka antzerki taldearen “Han izanik, hona naiz”.
Era berean, gustukoak benetan talde profesionalek helduei zuzenduriko hainbat emanaldi, honela lan aipagarriak ikusi ahal izan ditugu: Glu Glu produkzioak taldekoek ekarri diguten “Kanpaiak jo bitartean” lana, oso txalotua izan dena, Txaloren “Ni naiz Hector ni bakarrik”, hain arrakastatsua izan den Ez dok hiru bikotearen “Eukarazetamol”, FTIren “Babiloniako Loreak” eta Hikaren “Aitarekin bidaian”. Asko barre eragitekoak eta erraz ulertzekoak izan dira, eta beste zenbait, berriz, “aitarekin bidaian” esaterako, hunkigarriak. Ikusleen aldetik txalo ugari jaso dituzte guztiek ere. Igandeetan familia osoarentzako Antzerkia ikusi ahal izan dugu, eta arrakasta handia izan du. Era askotako antzezlanak izan ditugu, batzuetan hitzezko testua nagusi, besteetan dantza eta zirkoa, efektu bereziak eta musika ugari ere bai, baina guztietan ikus-entzule asko, hirurehun eta hogei bat pertsona batez beste igandero.
Bestalde, aurten II. Azoka Eguna antolatu da Antzerki Topaketen barnean. Ekimen berri hau Eusko Jaurlaritzak, Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak eta Azpeitiko Udalak bultzatu dute, eta hiru erakunde hauen laguntza eta babesarekin antolatu da. Antzerkia jendartean zabaltzeko helburuarekin programatzaileei, sortzaileei, eta antzerki taldeei elkarrekin egoteko, eta egungo antzerki eskaintzak eta aukerak zertan diren jabetzeko plaza bat jarri nahi izan diegu. 2009ko azaroaren 13a profesionalentzat topagune eguna izendatu zen, eta 20 bat profesional elkartu ondoren, jaso ziren emaitzak guztiz positiboak izan ziren.
Ahaztu gabe aipatu beharra dago aurtengoan ere antzerkia ikusteko frontoia egokitu behar izan dela. Ezenatokia, argiteria eta batik bat soinua ondo antolatuta egon dira, eta kalitatea zaindu da. Teknikoki maila egokia izan du antzerki ziklo osoak.
Ikusleen Saria, berriz, guztiz arrakastatsua izan da, eta ia ikusle guztiek parte hartu dute nolabait beren botua eman edo balorazioa eginez. Aurtengoan, Lakrikun Antzerki taldeak eramango du 600,00 euroko diru-saria, “Prest Gaude” lanarekin.
Bukatzeko, aipagarria benetan Imanol Eliasi egin zaion omenaldia, beretzat izan baita aurtengo TXALO SARIA. Imanoli zuzenduriko egun berezia ospatzeko, antzerkiaren inguruan jorratu dituen alderdi guztiak aipatu ziren, hain zuzen, antzerki idazle, bultzatzaile eta zuzendari lanak.
Beraz, XXVII. edizio honetan kolore eta mota guztietako lanak izan ditugu, umorez beteak nahiz istorio serioak. Jendearen erantzuna berriro ere eskertzekoa. Horrela bada, datorren urteko udazkenera arte.