Oier Guillan eta Santiago Ortega, Cafe Bar Bilbao Teatro Sarien irabazle
Antzerkirako idazketa bultzatzeko asmoz, Mikel Martinez aktoreak sustatu ditu urtero banatzen diren sari hauek. Honakoa zazpigarren edizioa izan da. Irabazleek 1.200 euro (gaztelaniazko atalean) eta 1.400 euro (euskarazkoan) jaso dituzte. Horrez gain, testuaren irakurketa dramatizatuaren ekoizpena egingo du SGAE-k eta gidoia www.bilbao-cafebar.com web gunean argitaratu da. Umorea eta absurdoa
Herio heroi da euskarazko saria lortu duen lanaren izenburua. Oier Guillan Bermúdez egilea Errenterian bizi da eta lanbidez kazetari free-lance eta idazle lanetan dabil. Egun, Herri Irratian Testuketan literatura-saioa egiten du, Uxue Alberdirekin batera, eta Argian eta Garan idazten du tarteka. Susa argitaletxeak Eskuen sustraiak poesia-liburua kaleratu berri dio.
Herio heroi lanarekin, gaur egungo gizartearen hainbat jarrerari errepasoa eman nahi izan dio Guillanek, egoera absurdo batetik abiatzen den umorearen bitartez. Zprist eta Gelnst anaia umezurtzen istorioa da Herio heroi. Etorkizuneko Euskal Herriko uneren batean bizi dira, egoera oso berezian: hildakoek usteltzeari utzi diotenez, bizirik daudenek haien gorpuekin egin behar dute elkarbizitza. Gorpu pilaketaren arazoa ekiditeko gobernu haserrea sor dezakeen txit homeopatiko guztiak debekatu ditu, gatazka eta gerra ekiditearren. Halako batean, ezagutu ez duten aitaren gorpuaren kargu egin behar dute anaiek.
Oier Guillan orain dela hamabost bat urte sartu zen antzerki munduan, Mikelazulo kultur elkartearen bidez poesia errezitalak egiten. Gerora, hainbat antzezlanen prozesuan parte hartu du (Labea eta Dejabu taldeetan, Gizona ez da txoria antzezlana…). Egun, errezitaldia, performance eta antzerkia uztartzen dituen proiektuetan dabil batik bat.
Hiru ohe-eszena
Gaztelaniaz, Sobre amor y más cuentos lanak irabazi du. Bertan, hiru ohe-eszena agertzen dira, gidari batek elkarbatuak. Gidari horrek, aldi batera, bere berezko amodiozko pasadizoak kontatzen ditu. Amodioa eta sexoa aitzaki bezala erabiltzen ditu Santiago Ortegak bakartasuna eta komunikazio faltari buruz hitz egiteko.
Ortegak Basauriko Antzerki Eskolan eta Carleville Meziere (Frantzia) Txotxongilo Nazioarteko Eskolan ikasi zuen eta Arriaga Antzokiko hainbat ekoizpenetan, zein Koblakari, Hortzmuga, Goloka, Psicoklons eta Agerre bezalako konpaniekin lan egin du.
Sobre amor y más cuentos txotxongillo-fartsa bat izan nahi du, hizkuntza azkarra eta sintetikoa duena eta errealitatearen neurriz kanpoko begirada daukana, egileak “hiperrealismo magikoa” deitzen duena. “Egitasmo honetarako materialaren bila nenbilela, konturatu nintzen amodio-harremanak maiz agertzen zirela nire kantu eta testuetan –esan du idazle bilbotarrak-. Askotariko ikuskizunak egiten ditudanez, batzutan musikari gisa, beste batzuetan txotxongilolari, aktore edo gidari bezala, nire neurriko kabareta sortu nahi nuen, dibertigarria suertatuko zitzaidan zerbait”. Café Bilbaok saritu duen lan honen atal bat hizkuntzarekin esperimentatzeko idatzi zuen Ortegak bere garaian. Baita Stanislavky metodoarekin jokatzeko ere. “Pertsonaien arteko konfliktoak sortu nahi nituen, adibidez, batek sexua nahi du eta besteak ez”.
Santiago Ortegarentzat, “antzerkirako idaztea eginbeharrik dibertigarriena da. Sortzen denean, pertsonai guztien azalean sartzen zara eta batetik bestera saltoka joaten zara. Bederatzi urterekin idatzitako antzezlanak ditut etxean. Eta, nahiz eta beste genero batzuk interesgarriak iruditu, dela poesia, ipuina, kazetaritza edo eleberri laburra, antzerki gidoiak errezago gizarteratzen direla uste dut. Eszenatokian, nire testuak erakutsi eta zuzeneko erantzuna sentitu ahal dut”. Kafe-teatroa du gustuko batez ere egile honek. “Tabernetako ikuslegoarengana eraman ahal duzu antzerkia eta gainera distantzia labur horretan lortu ahal duzu, soil-soilik, hain inportantea den komunikazio eta elkarpartehartzea”. Egun, ideia hauek guztiak praktikan jartzen ditu Mi Cabeza Que Habla bere taldearekin. Inés Martínez de Iturraterekin batera 2004an sortua, Solamente SOS edo SOS y los demás bezalako ikuskizunak taularatu ditu talde horrek.
Café Bilbao Sarien azken edizio honetara 21 lan aurkeztu dira guztira, horietako 5 euskaraz. Dagoeneko zabaldu egin da VIII. edizioaren deialdira lanak bidaltzeko epea.