El Chivato

Joseba Sarrionandiari eskutitz irekia

Joseba maitea,

Inoiz elkar ikusi ez dugun arren, zure liburuak irakurtzeak, modu batera zu ezagutzearen sentsazio arraroa sortarazten dit. Izan ere, artea egitea, literatura zein antzerkia, komunikatzeko eta erlazionatzeko modu biluzia iruditzen zait. Ideiak, pentsamenduak, metaforak eraikitzen ditugu geure barrua husteko eta hutsune hori gure gizakideekin konpartitu ahal izateko. Eraikitzea husteko, hain zuzen ere, arteak eskaintzen duen paradoxa politenetako bat dela deritzot.

Zure pentsamendua eta irudimena letretan irakurri ahal izanak, eta zuk ostera, gure antzerkia ezin ikusteak, neure burua aurkeztu beharraren egoeran jartzen nau, bi hitzetan bada ere.

Jaiotzez bilbotarra nauzu, eta familiaz erdalduna. Euskera ikastolan ikasi nuen, eta harrezkero ikasketa guztiak euskeraz egin ditut: institutoan lehenengo eta unibertsitatean geroago, non Farmazia ikasketak burutu nituen. Bitartean, hamabost bat urte nituela, antzerkiarekin topo egin nuen. Hura aurkikuntza: norbere gizatasunean murgiltzeko arte bolkanikoa iruditu zitzaidan. Harrezkero laba horren gainera igota nabil jolasean. Nire antzerki ibilbidea erraza da laburtzen: antzerkian hasi eta berehala Gaitzerdi konpainiak lekua egin zidan bere baitan. Ordutik, eta beti konpainia berean, aktore bezela jardun dut batez ere, hainbat ikuskizun ezberdinetan, kalean, aretoetan, zein leku bitxietan ere. Duela hiru urte, ostera, antzerki bide honi ate berria ireki nion. Antzerkiarekiko grina sutan zeukaten aktore talde gazte bat bildu eta elkarrekin Kabia izeneko ikerkuntza gunea zabaldu genuen. Helburuak argi genituen: aktoreen formazio iraunkorra sustatu (guk geuk sortutako entrenamenduak eta antzerki maisu ezberdinekin egindako lanak baliatuta); aktorearen artearen gainean ikertu, bai zentzu antropologikoan eta artistikoan ere; eta azkenik, ikuskizunak sortu, taldeak uztartutako berezko antzerki lengoaiarekin. Horren guztiaren gainetik badago artea taldean, kolektiboki, eraiki daitekeenaren sinismen sendoa, hain zuzen ere banakotasuna eta uniformitatea bortizki bultzatzen den garai hauetan. Batzuek, arrazoiz, berau ideia prehistoriakoa dela diote, modaz kanpokoa, guretzat berriz, etorkizunean mantendu nahi dugun esentzia da. “Hain gazte eta zaharkituta” esango digute, eta kontraesan horren aurrean inuzentziaz irribarre egingo dugu, beste aukerarik aurkitzen ez dugula erantzungo bagenu bezela.

Idazten ari naizen momentu honetan, gure bigarren ikuskizuna, “Euria esan eta euria erortzea”, estreinatzera goaz hemendik egun batzutara. Sortzeko orduan, kartelak dioen moduan, zure “imajinarioa izan dugu lagun”. Guretzat esaldi laburra bezain zehatza da sorkuntza prozesua deskribatzeko. Zure imajinarioa aipatzen dugu nahita eta ez testu, poema edota obra konkretu bat. Hala da: erabili ditugun testu konkretuez aparte, zure obrari darion atmosferaz, argiaz, itzalaz, taupadaz, arnasaz inguratuta egin baitugu lan; urrutitik datorren, baina erabat epeltzen gintuen haize bolada bat bezela. Zentzu horretan diogu zure obra lagun izan dugula eta ez inspirazio: moldeatzen genbiltzan idea eszenikoa garatzen eta osotasun bat ematen lagundu zigulako, literalki.

Distantzia hartzea zaila zaidan arren sorkuntza prozesuaren inguruan objetiboki hitzegiteko, saiatuko naiz azken puntu hau sakonago zehazten.

2007 urtea abian zegoela, Kabia sortu eta hilabete batzutara, hasierako kreazio batzuk egin genituen Heiner Müller-en testu batetik abiatuta. Bertan taldeak zeuzkan sortzeko ildoak agerian geratu ziren. Bazeuden ahots-kantu arloa jorratu zezaketen aktoreak, bazeuden antzerki testua jorratzeko joera zeukaten beste aktore batzuk, baita clown kutsua zeukaten eszenak ere. Horrez gain, irudien poetikari eta objetuen erabilerari garrantzi handia ematen genion.

Hasierako sorkuntza haiek garatuz, dramaturgia molde bat eraiki genuen: hau da, momentuz lotura barik zeuden eszenak, hainbat antzerki lengoaia ezberdinekin. Izatez, dramaturgia molde horretan bazegoen kontatu beharreko istorio bat. Patio bat sortu nahi genuen, patioak, espazio dramatiko bezela gordetzen dituen bi aurpegirekin. Alde batetik patio arrunt bat, non pertsonaia gris batzuk, eguneroko inertzian sartuta, bertatik pasatzen diren, buruhausteek itota, patioari berari inolako garrantzirik eman barik. Eta beste alde batetik, patioaren beste irudi bat etortzen zitzaigun: haurrek daukaten patioaren irudia, hain zuzen ere. Haientzat, euren imajinazioa lagun, patioa edozein leku izan daiteke: basoa, mendi elurtua, desertua, erreka izoztua… Haur patio horretan denbora bera ere erabat malgua da. Bi ordutan (guretzat, nagusiontzat, niminoa den denbora horretan) haurrek hainbat bizitza bizi ditzakete: maitemindu eta haserretu, dibertitu eta negar egin, borrokatu eta besarkatu… Eta hori guztia pasio handiz gainera. Patioaren irudi bikoitz honekin, denboraren transposizio bat planteatu genuen: eta patio arrunt batetik pasatzen diren pertsonaia gris horiei, haurrenak diren begiak janzten badizkiegu, nola begiratuko liokete bizitzari?

Abiapuntu hori izanda, zure obran murgildu ginen eta, gure harridurarako, hainbat testu eta ideia ezberdin kontatu nahi genuen istoriarekin bat zetozela konturatu ginen.

Adibide zehatzak eman nahiko nizkizuke.

Lehenengo eta behin, ikuskizunari titulua ematen dion testua aipatu behar dizut, «Euria esan eta euria erortzea» (Ni ez naiz hemengoa), non goxoki bi pertsonaiek haurtzaroko pasarteak ekartzen dituzten gogora. Geure ikuskizunean testu hori ia ia bere osotasunean sartu dugu. Patio horren biztanle bik egiten dute. Pertsonaia grisek elkarri naturaltasunez hitzegiten dioten momentu bakarra da. Zentzu horretan eta esan bezela, patioko biztanleek euren haurtzaroa gogora ekartzen dutenean, hau da, haurraren begiak janzten dituztenean, orduan bakarrik daukate komunikazio zuzena.

“Bakarrizketak” (Hitzen Ondoeza) testu txikitik, biztanle grisen etengabeko marmarraren ideia hartu genuen, eta berau leitmotiv baten antzera agertzen da ikuskizun osoan zehar. Beste testu batzuek, pertsonaia hauen barkardadea eta inkomunikazioa jorratzen dituzte. «Bakardadea» (Han izanik hona naiz) ipuin laburra adibidez edo «Denboraren fabrikazioa» (Ni ez naiz hemengoa) testua edo «Dena berdin” (Hnuy illa nyha majah yahoo) poema.

«Itzalarekin solasean» (Narrazioak) eta «Bere itzalaren kidea» (Ez gara gure baitakoak) ipuin laburretatik bi pertsonaia sortu genituen. Alde batetik ikuskizunaren ildoa, ikusleei zuzenean hitz eginez, eramango zuen pertsonaia. Pertsonaia horri Sar deitu genion, ikusleak istorioan sartzen dituelako, eta lehenengo pertsonan zureak diren testuak jorratzen dituelako: «Zigarro kearen teoria», «Gosearen mendekua», “Gerla handia” (hiru hauek Hitzen ondoeza liburutik) eta “Euriaz berriro” (Hnuy illa nyha majah yahoo) poemaren zati bat, haien artean. Eta beste alde batetik, Sar-en itzala eraiki dugu, beltzez jantzitako pertsonaia, ikuskizuna aurrera joan ahala itzala errebelde bat bezala agertuko dena.

«Hil egin da organista» (Marinel Zaharrak) poematik, non leihoei begiak jarri zenizkien, lehioak pertsonaia bihurtzeko irudia etorri zitzaigun. Ikuskizunean hiru leiho agertzen dira eta leiho bakoitzetik maindire bat eskegita dago. Gerora, maindire hori leihoan agertuko diren emakumeen gona luzea izango da. Hola, 3,5 metroko altuera duten pertsonaia estilizatuak sortu genituen. Izatez, pertsonaia hauek, ahotsarekin, abestuz, ikuskizunaren soinu giroa sortzen dute.

Bestalde, Lagun izoztua nobelatik, tituluaren irudia hartu genuen abiapuntutzat, beste pertsonaia bat eraikitzeko. «Izotzezko emakumea» deitzen diogu guk. Izatez, benetan izoztua dagoen pertsonaia bat da. Geure patioan, alboratuta, alderatuta bizi den pertsonaia da; haurtzaroko patioan taldetik baztertuta dagoen umea izango litzatekeena. Geroago, ikusleak antzemango duenez, biztanle grisen memorian bizi den pertsonaia dela agerian geratuko da, baina denboraren jolas baten bitartez, pertsonaien orainaldian izoztua agertzen dena, denboran izoztua geratu izan balitz bezela. Emakume hau izango da hain zuzen ere, azken garrasia botako duena “Mundua begiratzeko leihoak” (Hnuy illa nyha majah yahoo) poemaren zatiekin. Eszenan, poema hori patioko biztanleei (eta, hortaz, ikusleei ere) egiten zaien dei bortitz bat bezela irakur daiteke, inkomunikazioaren eta bakardadearen paretak apurtzeko eta patioa (bizitzaren patioa) neke gabeko begiekin begiratzeko.

Hari hauei tiraka, azkenean, zoriontasunaren gainean gogoeta egiten duen poema bisuala, sonoroa eta teatrala sortu nahi izan dugu. Zoriontasuna, hain arrunta eta unibertsala bezain eskuraezina den hori. Eta hau guztia, esan bezela, zu hain hurrun, eta aldi berean hain gertu egonda. Horrenbeste denbora lanean egon ondoren, orain sortutakoa ikusleekin konpartitzeko garaia heldu da. Zihur nago, hainbat begiraden artean, zeurearen falta sentituko dugula.

Begirunez,

Borja Ruiz


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Mira también
Cerrar
Botón volver arriba