Mikelazulo Kultur Elkarteak zortzi konpainia bilduko ditu Eztenak Teatro Egunak ospatzeko
Ekainaren 24etik 27ra Mikelazulo Elkarteak antolaturiko Eztena Teatro Egunak-en bigarren edizioa burutuko da Oreretan, Mikelazuloren Beheko Kaleko lokala eta Errenteria Hiria Kultur Gunea egoitza nagusi dituelarik. Guztira, zortzi ikuskizunez eta mahai inguru batez osaturiko egitaraua eskainiko dituzte, lau egunetan zehar, eta hori guztiaren berri emateko, aldez aurretik, hilaren 21ean kale antzerkia eskainiko dute Oreretako erdigunean. “Antzerkia ekintza da. Eta ekintza mugimendua. Aurtengo Eztena jaialdia antzerki proposamen ederrez beteta dator. Arriskatzen duten lanekin, pentsatu arazi eta sentiarazten duten proposamenekin. Gure errealitate poliedrikoaren ispilu ederrak, mugiarazten duten antzerki-ziztadak. Ikusle eta antzerkilariek elkarrekin pentsatu, imaginatu, galdetu, eztabaidatu eta gozatzea nahi genuke, eta horrexegatik… ONGI ETORRIAK GUZTIOK EZTENA TEATRO EGUNETARA!”. Mikelazulokoek euskal antzerkiarekin hitzordu honetan partehartzera luzatu dute gonbidapena, lau egunetan zehar, egunean bi emanaldi eskainita, zortzi ikuskizunez osatutako antzerki erakustaldiaz gozatzera. Ekainaren 24an ekingo diote Eztenak Teatro Egunei, Oier Guillanek idatzitako “Herio Heroi” antzezlanaren irakurketa dramatizatuarekin eta Edurne Arrizabalagaren Txirene Antzerkiaren “Ogiyik karri etzun semia” antzezlanarekin . Hurrengo egunean, Miren Gaztañagaren “Stereo” eta Patricia Francok, Espe Lópezen zuzendaritzapean, “No es fácil” izango dira ikusgai.
Ekainaren 26an, berriz, ekintzak areagotuko dira eta antzerki emanaldiez gain –Higa Konpainiaren “Espazio hutsak” eta Gilkitxaroren “8 begi”– Euskal Herriko antzerkigileekin kale ekintza kolektiboa egingo dute eta ondoren, bazkaria eta mahai ingurua. Bukatzeko, ekainaren 27an, Josune Montonek “King Kong Neska” eta Ander Lipusek “Ardoaz” antzeztuko dute.