Dejabu, Le Petit Théâtre de Pain eta Artedramak ‘Errautsak’ ikuskizuna plazaratuko dute hilabete osoan zehar
Azaroaren batean Luhusoko Harri Xurin estreinekoz eta hilabete osoan zehar Euskal Herriko hainbat tokitan –hamairu orotara– Errautsak ekimenarekin gozatzeko aukera paregabea izango dugu, ezohikoa den ekimenaren fruitua dena. Izan ere, Euskal Herriko txoko ezberdinetako zenbait artista biltzen ditu antzezlan honek –Artedrama bizkaitarrak, Dejabu gipuzkoarrak eta Le Petit Théâtre de Pain lapurtarrak– Igor Elortza eta Unai Iturriagak idatzitakoa eszena gainean gauzatzeko. Ximun Fuchs muntaiaren zuzendariak aurreratu duenez, “Errautsaken euskera ezberdinak entzuteko aukera izango da. Protagonistek, lagun hila ehortzeko batu den koadrila, Iparraldean askotan eman diren taldea osatzen dute, zeinetan euskera ezberdinak uztartu diren, errefuxiatuak direla-eta”. Taula gainean, zuzendariarekin batera izango diren, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Manex Fuchs, Ander Lipus eta Miren Gaztañagak sortua, Errautsaken testua Igor Elortza eta Unai Iturriagak idatzi dute, zuzendariaren esanetan, “antzerkilariok gure testuarekin distantzia hartzeko arazoak izan ohi ditugulako, eta bestalde, hitzak behar duen musikaltasuna eta garrantzia izan dezan, ez bakarrik gure gorputzean eta konfliktoan ekintzak garatuz”.
Elortza eta Iturriagaren aukeraketak baina, badu oinarrian beste arrazoi bat, adinarena, alegia. “Gure belaunaldikoak behar zuten, galdera zabalak ez ditugulako erantzuten, baina gu nor garen inguruko hausnarketa planteatzen da. Aspaldiko lagunekin biltzen garenean besteak asko aldatu direla pentsatu ohi dugula ohartu gara, baina gu ez. Zenbat potolotu den hori, bere aitaren eitea du beste horrek, zertan den haren gaztaroko ideologia…”, azaldu du LPTDP taldeko kideak. Azken finean, Errautsak hirurogeita hamargarren hamarkadan jaioen istorioaren islada da, bertsolariek dioten legez, “Mundua aldatzear zela sinetsita zeudenengandik sortu ginen. Hautu gaitza, ordea, mundua aldatzea. Musikaz, borrokarako leloz, errepresioz, festaz eta orotariko drogaz inguratu gintuen gaztaroak. Denboraren errotak egin du gainerakoa. XXI. mendea da, eta XX.eneko ametsen errautsak gara. Oraindik orain, errautsotan noizbait surik izan zela sinestarazi nahi diegu gure buruei. Ba ote?”.
Erritual berriak
Hau guztia, oholtza gainean, urteetan elkar ikusi barik eta Hodei hildakoari azken agurra egiteko lagun taldean gorpuztuko da. Halere, hileta, garai bateko festa basati bihurtuko da, iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko dituen gau eroa. Zuzendariaren aburuz, gaiaren islada den errituala biziko dute protagonistek, “gure belaunaldiarentzat konplikatua da, zeren eta gure erritualak asmatu behar ditugu. Lehen eliza zegoen. Orain ez dut uste horrenbeste sinisten dugunik, eta ondorioz, lagun baten ehorzketan festa bat egitea gertatu daiteke”.
Antzelana, bestalde, oso sinple egituratu nahi izan dute, eszenografia handirik gabe. Den dena Jose Pablo Arriagak sortutako Kaxarranka baten inguruan gertatuko da, ekintza gertatzen den leku ezberdinak sortzeko antzezleak eurak daudelarik: “Seirak izango gara hasieratik amaiera arte taula gainean, besteon ekintzak koru lagungarri gisa. Estetikoki, bestalde, ehorzketetan eramaten dugun jantziak nabarituko dira, ttattarrakin eta abar, zeren eta protagonistak jende ofizial bilakatu baitira”.
Luhusoko Harri Xurin sortu eta estreinatuko den Errautsak azaroan zehar ikusteko aukera anitzetaz baliatu behar da, otsailera arte ez baitute berreskuratuko. Bitartean, Erandio, Zumaia, Donostia, Larresoro, Bergara, Gernika, Iruñea, Azpeitia, Leioa UPV, Zornotza, Elorrio eta Durangon antzeztuko da.