El Chivato

Artedrama Euskal Laborategiaren Aulestiko topaketek emakumea izango dute aurten protagonista

Apirilaren 24tik 30era bitartean jokatuko da aurten Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenentzat Aulestin egin ohi duen topaketa, seigarrena. Eskolak ematen Iñake Irastorza, Maria Urzelai eta Ainara Gurrutxaga izango dira aurten, eta ikuskizunei dagokionez, Urki Muguruzaren «Munstruoa», Dejabu Panpin Laborategiaren «Gure bide galduak», Miren Gaztañagaren «Stereo», Metrokoadrokaren «Herio Heroi», «Iduzkilore» eta Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejaburen «Errautsak» obrak izango dira ikusgai.

Aulestiko Topaketa, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizale guztientzako urtero zabaltzen den gunea da. Profesional zein ikasleentzako bideratuta dago aurtengo edizioa, beti ere Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenon arteko eztabaidak eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin.

 

2006. urtean laborategi gisa jaiotako topagune honek, gure herrietan eta euskara mugarri, aspaldi lanean dabiltzan aktore, ikerlari eta sortzaileak izango dira irakasle eta solaskide moduan: Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Iñake Irastorza.

Jardunaldien aurkezpenean Ander Lipus antzerkigileak «ekimen xume baina espirituarentzat garrantzitsutzat jo zituen topaketak», eta Aulestiko herriari eskerrak eman, agertzen duen eskuzabaltasunagatik. Markinarraren ustez, «euskara hutsez zaila da antzerkia jorratu, eskolak hartu zein ematea, hau da, formakuntza garatzea; eta Aulestiko Topaketek bide bat zabaldu dute horretan. Gainera, herri giroan garatzen diren topaketak «aproposak dira antzerkiaren inguruan mugitzen garenok elkar ezagutu eta harremanak garatu ditzagun», bakoitzak bere esperientziatik eta euskalkien bidez hizkuntza ere aberastuz. Eta inoiz eskolak eman ostean «izan da antzerki lanak zuzentzerakoan bertan ikasle izan duen antzezleren bati deitu dion zuzendaririk ere».

Eskolak
«Eskolak ematen denak gizonezkoak ziren iaz, eta denak emakumeak izango dira aurten, «akzidentalki», bota zuen aurkezpenean Lipusek. Aurten dagoeneko hamabi

ikaslek emana dute izena -hemen ere emakumeak nagusi dira eta gizonezkoen kopurua bikoizten dute-, eta azken ordukoren bat ere onartuko luketen arren, «oso kopuru polita da lanerako» diote antolatzaileek. Irakasle lanetan Iñake Irastorza, Maria Urzelai eta Ainara Gurrutxaga izango dira.

Iñake Irastorzak lehen aldiz hartzen du parte topaketetan. «Testuaren gainean egingo dugu lan -aurkeztu dizkigu eskolak- denbora gutxi izango dugun arren. Bi testu ezberdin aukeratu ditut horretarako, bata antzerki obra da eta bestea ipuin txiki bat; bata absurdua eta bestea errealista».

Maria Urzelai berriz Antzerkiola Imaginarioan Lipusen  ikasle izana da, eta irakasle dator orain Aulestira. Eskoletan baliabide praktikoez jardungo du, «antzezleontzat lagungarri dire bi tresna aurkeztuko ditut. Batetik `kodifikazioa´ eta bestetik nik sustraiak deitzen dudana, antzezleari sormen lanerako lurrak ematen dion energia».

Ainara Gurrutxagak bere aldetik, hirugarrenez parte hartzen du topaketetan; bigarrenez arlo pedagogikoan. Lehenengoan txotxongiloen gainean egin genuen lan, eta honakoan berriz sormen lanean eten bat egin eta ikasleekin partekatuko ditu gizartea-indibiduoa kontzeptuen inguruan darabilen hausnarketa teatrala. «Harreman estua sortzen da Aulestin bertaratzen garenon artean, eta modu bikaina da elkarren berri izateko. Eta topaketak euskara hutsez egitea erresistentzia ariketa ere bada».

Ikuskizunak
Aurtengo ADEL seigarren edizioan parte hartzen duten profesionalek eskainiko dituzten ikastaroez aparte, Aulestiko herrian hainbat emanaldi eta ikuskizun burutuko dira aste osoan zehar:

– Apirilaren 25ean eta Udal Aretoan (21.00etan), Urki Muguruzak «Munstruoa» antzezlana aurkeztuko du, bi aktorek antzeztua: «biziraupenak bultzatutako lehia bortitza.(ANTZERKIA)

– Apirilaren 26an zineari bidea eman eta Josu Martinez & Txaber Larreategiren «Sagarren denbora» dokumentala botako dute Udal Aretoan (21.00etan).

Filmak Kristiane Etxaluz xiberutarraren eta Alfonso Etxegarai bizkaitarraren arteko ezohiko harremana kontatzen du. Etxaluz eta Martinez  zuzendaria, gainera, Aulestin  elkar ezagutu ziren, eta bertan abiatu zuten egitasmoa. (ZINEMA)

– Apirilaren 27an eta Udal Aretoan (21.00etan) Dejabu Panpin Laborategiak estreinatu berri duen «Gure bide galduak» obra antzeztuko da, «Franko hil berritan, Euskal Herriak bizi dituen aldaketa sakonak agertzen dituena». (ANTZERKIA)
Topaketen aurkezpenean Ander Lipusek esan duenez, Aulestin eskolak ematen  dituzten irakasleek ohikoa dute beraien lanak eszenaratzea, eta honakoan Ainara Gurrutxaga izango dugu oholtza gainean.

– Apirilaren 28an eta Udal Aretoan (21.00etan) Miren Gaztañagaren txanda dugu aurrena, «Stereo» (DANTZA) lana aurkeztuko baitu, eta Oier Guillanen «Herio Heroi» antzezlana taularatuko du Metrokoadrokak (ANTZERKIA)
Lipusen aburuz, bitxia izango da Gaztañagaren obra transgresorea Aulestian ikustea.

– Apirilaren 29an eta pilotalekuan (22.00etan) Joseba Aurkenerena eta Peio Chipiren «Iduzkilore» (ANTZERKIA) lana jasoko da, Manex Fuchsen gidaritzapean; «Aulestin Ipar Euskal Herriko ekoizpenari ere urtero tokia egiten zaiolako».

– Apirilaren 30ean topaketak bukatuko dira, eta emankizunek txanda bikoitza izango dute. Batetik eta frontoian (22.00etan) oraintsu Donostian saritu duten «Errautsak» (ANTZERKIA) izango da ikusgai, Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu-ren eskutik. Bertan antzezle lanak egiten dituen Lipusek aitortzen duenez, «hein batean Aulestin sortutako lana dugu honakoa», eta bertara derrigor ekarri beharrekoa beraz. Bestetik eta gaztetxean (0.00etan), topaketei jai giroan bukaera emateko, Oreinak taldeak joko du (MUSIKA).

ADELAurkezpenaurzelai-irastortza-lipus-gurrutxagaargazkilariBorjaRelao_copiaApirilaren 24tik 30era bitartean jokatuko da aurten Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenentzat Aulestin egin ohi duen topaketa, seigarrena. Eskolak ematen Iñake Irastorza, Maria Urzelai eta Ainara Gurrutxaga izango dira aurten, eta ikuskizunei dagokionez, Urki Muguruzaren «Munstruoa», Dejabu Panpin Laborategiaren «Gure bide galduak», Miren Gaztañagaren «Stereo», Metrokoadrokaren «Herio Heroi», «Iduzkilore» eta Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejaburen «Errautsak» obrak izango dira ikusgai.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba