El Chivato

Euskal literatura erdigune duen Literaturiak «antzerkiak badu irakurlerik?» kezka agertu du

Ekainaren 3tik 5era bitartean ospatuko da Literaturiaren hirugarren edizioa, ohi bezala Larrabetzun. Goizetik gauera, euskal sortzaileei tokia egiten dion ekimenak euskaraz sortutako literatura izango du mintzagai nagusi, azoka baino topagune izan nahian.

 

 

Literaturiaren egitarau oparoan antzerkiak ere badu bere txokoa urtero. Aurten, ekainaren 3an eta 20.00etan Kukubiltxo taldeak ekimeneko harrera ekitaldia gidatuko du Anguleri (kultur etxea) aurrean. Eta ekainaren 5ean, goizeko 10.00etan, mahai inguru bat izango da, «Antzerkiak badu irakurlerik?» galderapean burutuko dena, Literaturiak EHAZErekin batera antolatua (Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkartea). Hizlari lanetan, Mikel Martinez antzezlea, Xabier Mendiguren Elizegi Elkar etxeko editorea, Artezblai argitaletxeko kide Borja Relaño eta Alaitz Olaizola antzerkigilea izango dira. Haur eta gaztetxoei zuzendutako Literaturiatxuan berriz, ekainaren 4an Kukuke antzerki eskolak bi antzezlan taularatuko ditu Anguleri aurrean 18.00etan, «Ortzadarra» eta «Basoan galdutako neskak». Honetaz aparte Literaturiatxuak trikiti kalejira ere egingo du zapatu eguerdian, eta liburu aurkezpenak gero Angulerin, 12.00etatik 15.00etara. Tartean gainera, ipuin kontalari eta ilustrazio tailerra izango da haur eta gazteentzako.

Aipatutakoez gain, ekainaren 3an Ruper Ordorika kantari izango da Anguleri aurrean (23.00etatik aurrera) eta Hudaltzainek Hori Bai gaztetxea hartuko dute gauerditik aurrera. Ekainaren 4an 20.00etan «Erle Irakurlearen Saioa»-n Bernardo Atxaga eta lagunek «Erlea» aldizkariaren laugarren zenbakia aurkeztuko dute, plazan egingo duten irakurtaldi publikoan; eta Anari, Mursego eta Napoka Hiria lehenengo eta Jon Miner eta Intxixu Lotien Bandak gero, Hori Bai gaztetxean joko dute 23.00etatik aurrera. Behin goizaldean sartuta, «Bi hitz Beats & Bits» ikuskizunak itxiko du jarduna (ikusentzunezkoak, hitzak, musika, bideojockey lanak…). Bukatzeko, ekainaren 5ean, bertso-trama literarioa izango da bazkalostean, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriagaren eskutik; Josu Goikoetxea tramagile dela. Mikel Martinezek «Izarretako Bitakora. 238. bidaia: denboraren korapiloak» ipuin kontaketa egingo du (18.30ean Hori Bain), eta txanda eman «Hura ez da lekua» poesia, pintura, musika eta antzerki ikuskizunari. Toki berean eta egunak ilundu baino lehen, poesia errezitaldia izango da, Miren Agur Meabe, Jon Benito, Paddy Rekalde, Asier Serrano eta Antonio Casado de Rocharen ahotsetan.

 

Literatur sorkuntza

Egitarau kultural guzti honek euskal literaturak 2011ko lehen erdian eman dituen aleak babestuko ditu, Literaturiaren funtsa euskal egileak plazara agertarazi eta hauen lan labetik atera berriei hitza ematea baita. Beraz, eta literatur esparruari begira, ekainaren 3an besteak beste Iñigo Aranbarriren «Zamaontzia» (Susa), Joseba Tobar-Arbuluren «Finantza Kapitalismoa. I. Mundu Globala. II. Euskal Herrirako irtenbide ekonomiko eta soziala» (Utriusque Vasconie), eta Karmele Igartuaren «Itsaso baten kontra» poema liburu postumoa (Pamiela) aurkeztuko dira. Ekainaren 4an Goizalde Landabasoren «Banskit» (Txalaparta), Igelaren «Decameron» ipuin sorta, Alberto Ladron Aranaren «Zer barkaturik ez» (Elkar) eta Xabier Soubeleten «Iza ote iza» (Maiatz) -ekainaren 5ean aurkezpenek aurrera jarraituko dute, 12.00etatik 15.00etara-.

Zapatuan gainera, Literatura Eskolaren saio bat garatuko da 10.00etatik aurrera, Euskal Herriko irakurle taldeen esku, 111 Akademia arduradun dela. Bertan, «Irakurzaletasunaren transmisioa: noiz eta nola?» galderari erantzuten saiatuko dira Angulerin, Donostia, Basauri, Meatzaldea, Larrabetzu, Leioa, Iurreta eta Segurako taldeak. Gainera, Euskal Herriko argitaletxe nagusiek erakusleihoa irekiko dute plazan, eta beren lanik bero-berrienak salgai jarri.

Gogoratu, bazkaltzen gelditu nahi duenak Eskoletan izango duela aukera zapatu zein domekan -Larrabetzu bertako osagaiekin atondutako menua- Gurpide eta Txinpasmendi guraso elkarteen antolakuntzari esker (izena ematea komeni da).


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba