‘Ahoz aho, mémoires de bouches’ aurkeztuko du Lagunarte taldeak
Hazparneko Lagunarte musika konpaniak Ahoz aho, mémoires de bouches ikusgarri musikala aurkeztuko du, non ahoa eta transmizionearen gaia aipatzen dituen. Estreineko ekitaldia abenduaren 3an burutuko da, Izpurako Faustin Bentaberri gelan gaueko 9etan. Ahoz aho, mémoires de bouches ikuskizunean bost musikari azalten dira eszenarioan, Kristof Hiriart (ahotsa eta perkusioak), André Minvielle (ahotsa eta perkuzioak), Yves Gaudin (olerkari eta rhapsodoa), Didier Ithursarry (esku soinua) eta Pantxix Bidart (ahotsa eta gitarrak), Hiriarten zuzendaritza artistikopean eta Toni Casalonga dela taula zuzendaria. Soinu-irudi-argi teknikari talde batek bide osoan segituko du musikari boskotea.
Bost musikariak, kantari, kalakari, transmizionezale amorratuak sorkuntzaren jokoan murgilduko dira. Didier Ithursarry, akordeoia/hauskoa izanen da, gorputzaren dantza ahorat buruz aireztatuko duena. Pantxix Bidart, kantu emailea, gitarista, ahoz, bi hots bihotzeraino. Yves Gaudin, rhapsodoa, elikagai poetikoen emaile, gozoak, exotikoak han eta hemengoak, egia hotzaren lekukoak. André Minvielle et Kristof Hiriart, aho danbolinak, oihu eta mihi kraska igorleak, herensugeen hortz minen idurikoak.
«Sorkuntza hau Antton Luku antzerki egileak idatzi duen ipuinari lotuko da, eta istoriaren haria josiko da ahozko memorien historian. Gaia baliatu eta deklinatu: ahoa edo amodiozko pottak, edo biziaren hatsa, edo gostuen gozoa, edo hizkuntza, kultura baten eramailea edo nola ideia hitzaren menpe den» Lagunartekoen esanetan. Mihia, hizkuntza, hitza, hitz jokoa, erran moldea, olerkia nahasiz aberastu… musikaren bidez.Bideoa eta irudia baliatu hatza, oroitzapena eta oroimenaren harritzeko; soinuan miatu, argi giroekin jostatu, irudiarekin.
Istorioa ez ohiko egoera batean plantatzen da. Mendebaldeko Pirineoetan gertakari topografiko batek, denbora eta espazioa iraultzen ditu: mendiak mugitzen dira eta errekak bidez aldatzean, kultur, hizkuntz eta ahoz ahoko bideak moldatzen ditu. Lekuko podereak aldakuntza hortaz baliatuz biziki garatua eta teknologi haundiko komunikazio sistema imposatzen du.
Anton Lukuk idatzitako Ahoa nobela hau, gaurko egoeran arrunt sartzen da, tresna modernoak haien helburuen gainetik pasatuz, beharrak eta eskaintzak batera sortuz. Egoera berri hauek jokabideak, bizimoduak eta harremanak aldatzera behartzen ditu, jendea egokitzera deitzen du. Baina gizakiaren mamiak, emazte eta gizonen sensibilitatea, sentsazioak, biziaren sentsu ona garaituko ditu. Ideien eta hizkuntzen totalitarismo bat nahiz eta imposatu, barneko baikortasunak eta bakoitzaren izaiteko manerak bazter-ezinak gelditzen dira.