Akordeoia protagonista Zarautzko XVIII Aste Kulturalaren Barruan
Teoria eta praktika uztartuko dira Zarauzko Udaleko Kultura sailak, Hauspoz, Euskal Herriko akordeoi elkartearekin lankidetzan, Gipuzkoako herri honetan ekainaren 29tik uztailaren 3a bitartean ospatuko den Akordeoiaren XVIII. Aste Kulturalean. Oraingo honetan, ordea, ohiko ospakizun honek garrantzi handiagoa bereganatuko du; izan ere, Aste honen barruan, Hauspoz elkartea sortu zeneko 30. urteurrena betetzen dela-eta, abian jarritako Nazioarteko I. Akordeoi Kongresua egingo da. Mintegiak, hitzaldiak, erakusketak eta azoka batek osatuko dute jardueren egitarau zabal bezain askotariko hau, eta musika kontzertuek ere izango dute beren lekua aste honetan. Gogoan izango dira Frantzisko Escudero maisu handia, eta honek akordeoirako idatzitako obra, zeinari berariazko mintegi bat eskaintzen zaion, eta horiexek izango dira Ebro Etxeko lokaletan gehienbat garatuko den XVIII Aste Kulturala – Nazioarteko I. Akordeoi Kongresu honen atalik garrantzizkoenak.
“Akordeoia musika modernoan” eta “Akordeoia eta herri musika” dira irakasle eta ikasleak bilduko dituzten beste bi mintegien izenburuak. Are gehiago, egun hauetan “Akordeoirako errepertorioa estatu espainiarrean” eta “Jabetza Intelektualaren legea” gaiari buruzko bi hitzaldi eskainiko dira. Lehiaketa honetako jardueren barruan, hiru erakusketa antolatu dira, bata akordeoia asmatu zeneko 175. urteurrenari eskainia, bestea Hauspoz elkartearen 30 urteko ibilbideari, eta hirugarrena Frantzisko Escudero maisuari. Hau guztia Ebro Etxeko lokaletan izango da, baita Akordeoiaren I. Euskal Azoka ere, eta hantxe egongo dira saltegiak, katalogo eta berrikuntzen aurkezpenak, hainbat partitura, disko, bideo, DVD, eta beste material zenbait.
Bestalde, urteroko lehiaketa honetan ohikoa izaten den bezala, zarauztar guztiek eta egun hauetan bisitatzen gaituztenek zazpi kontzertu entzun ahal izango dituzte sei egunetan. Hala, ekainaren 29an, gaueko 9etan, Luciano Biondinik kontzertua eskainiko du Zinema pilotalekuan. Asteazkenean, ekainak 30, ordu eta leku berean, Gorka Hermosa eta German Diaz arituko dira. Ostegunean, uztailaren 1ean, Enrike Zelaia izango da bere kontzertua Zinema pilotalekuan eta gaueko 9etan eskainiko duena. Ostiralean, hilak 2, Zineman baita, baina gaueko 10etan izango da Frantzisko Escudero maisu handiari eskainitako kontzertu omenaldia, “Fantasia Geosinfonikoa” lanaren berrestreinaldi eta grabazioarekin.
Lehiaketaren azken egunean, hau da, uztailaren 3an, akordeoi zaleek hitzordu hirukoitza izango dute; eta hala, arratsaldeko 8etan, Musika plazan, akordeoi emanaldia eta erromeria izango dira. Gaueko hamarretan, Zinema pilotalekuan, aparteko kontzertua eskainiko dute akordeoi-jole hauek, besteak beste, bertan direla: Isidro Larrañaga, Luciano Biondini, Amaia Iraola, Enrike Zelaia, Fran Idarreta, Miguel Sagastume, Alain Musichini eta Aitor Furundarena.
Azken kontzertua, gaueko 12etan, Zinema pilotalekuan izango da Alain Musichini soinujolearen emanaldiarekin.
Hauspoz elkartearen batzarra
Hauspoz, Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak ere modu berezian ospatuko du aurten bere 30. urteurrena. Hala bada, uztailaren 3an, larunbata, Aparteko Batzarra egingo da, eta horren barruan aurkeztuko dira proiektu berriak, baita hitzaldi bat eskaini eta ondoren mahainguru bat egin ere. Parte hartuko dutenak: Carlos Iturralde eta J.A. Hontoria. Iluntzean, 20,30etan, ekitaldi gogoangarri bat ospatuko da eta akordeoiaren munduan egindako ibilaldi luze eta eskainitako guztiarengatik, ohorezko bazkide izendatuko dira: Mikel Bikondoa, Felix Aranzabal, Migel Sagastume, Manuel Yaben eta Jacques Mornet.
XVIII Aste Kulturala – Nazioarteko I Akordeoi Kongresuari larunbatean emango zaio amaiera 22:00etan eskainiko den kontzertu bereziarekin, bertan herriko agintariek eta mintegiko zuzendariek hainbat diploma banatuko dituztelarik.