El Chivato

Alfonso sastreren «Un teatro nacional vasco» hitzaldia suspenditu da

Alfonso Sastrek «Un teatro nacional vasco» Mikelazulo Kultur Elkartean izenburupean eman behar zuen hitzaldia bertan behera utzi behar izan dela-eta, Eztena Teatro Egunaren antolatzaileek antzerkigilearekin euren elkartasuna adierazi dute jarraian aurkitu daitekeen prentsa ohar baten bidez.

ALFONSO SASTRE MIKELAZULON

Alfonso Sastrek “Un teatro nacional vasco” izeneko hitzaldia eskaini behar zuen ostegunean (ekainaren 25ean) Eztena izeneko teatro egunen barruan, baina azkenaldian jasan behar izan duen jazarpenaren ondorioz ez da bertaratu ahal izango. Horren ordez Alfonso Sastrerekin berarekin gai honen inguruan Mikelazulon proiektatzeko grabatu den bideoa eskainiko da, “Alfonso Sastre se suicida” antzezlanaren irakurketa dramatizatuarekin batera. Modu honetan teatroari buruzko hitzaldia izango zena, Alfonso Sastrerekiko elkartasun ekitaldia bilakatzea nahi dugu antolatzaileok.

Mikelazulok jaso izan du lehenago ere Alfonso Sastreren lana, izan ere Eva Forestekin batera aurkeztu izan baititu bertan Hiru argitaletxearekin kaleratutako hainbat liburu. Bere bisita jasotzea beti izan da luxu bat, aberasgarria eta edukiz beteta antzerkiaz gain kultura eta sormena maite dugunontzat. Lerro hauen bidez Mikelazulo kultur elkarteko antolatzaileok gure esker ona adierazi nahi diogu bizi dituen une zailetan, ikus-entzunezko formatuan bada ere, gurekin egoteko agertu duen prestutasun osoagatik, eta honako hau adierazi nahi dugu:

– Gure elkartasun osoa helarazten diogula Alfonso Sastreri. Azkenaldian artikulu baten argitaratzea dela eta jaso dituen salaketak faltsuak eta gezurrezkoak izateaz gain, guztiz manipulatzen dutela gutun horren mezua. Funtsean bakearen aldeko mezua.

– Gure kasuan sormena da gure lanerako eta gizarte hobeago bat lortzearen alde borrokatzeko dugun tresna. Sormena adierazpen askatasunarekin lotzen dugu ezinbestean, ezin dugu beste modu batean irudikatu. Horregatik egiten dugu bat Alfonso Sastrek bere bizitza osoan izan duen ibilbidearekin, bere ideiekiko, baloreekiko eta antzerkiarekiko duen konpromisoarekin, eta konpromiso horren koherentziarekin.

– Sormenaren arlo ezberdinetan lan egiten dugun pertsonak izanik, gure kezka azaldu nahi diogu halaber iritzi publikoari: gure herrian ez da inoiz izan erraza adierazpen askatasuna, adierazteko eskubidea egunerokoan bizi ahal izatea. Alfonso Sastreren inguruan entzun eta idatzi direnak ikusita, egoera horrek bere horretan dagoela edo are okerragora egin dezakeela ikusita, honako hau aldarrikatu nahi genuke:

– Sormena bizitzeko, sormenean bidea egiteko, ezinbestekoa dugu askatasuna. Eta askatasuna ukatu egiten badigute, SORTU egingo dugu. Oholtza gainean, koadroetan, poemetan, kantuetan. Lotsarik gabe, ezkutatu gabe. Hori baita, Alfonso Sastrerena bezala, gure indarra.

Mikelazulo kultur elkarteko kideok gonbita luzatu nahi diogu nahi duen orori EZTENA teatro egunen hastapenean Alfonso Sastrek prestatu duen “Un teatro nacional vasco” gaiaren inguruko bideoa ikustera, eta bide batez Sastreri elkartasuna adieraztera.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba