El Chivato

Antzerki eta Dramaturgia eskolak emango dituzte eszenako zenbait profesionalek

Bilboko Kultura Sailak bigarren urtez antolatu ditu Arte Eszenikoen zaleentzako antzerki formazio lantegiak. Otsailaren 9 eta 10ean hasiko diren lantegiek eskaintza zabalagoa eskainiko dute aurton, hobekuntza ikastaro bat eta euskaraz idazteko lantegi bat izango direlako. Bilboko Udaleko Kultura Sailak bigarren urtez jarraian abian jarri ditu Dramaturgia eta Antzerki lantegiak, Arte Eszenikoen zaleentzako formazio ekintza jarraitua. Hastapen eta hobekuntza egitaraua otsailaren hasieran hasiko da, BILBOESZENAn, hiriko Antzerki Baliabideen Zentroan. Eskoletan, euskal aktore profesionalek jardungo dute irakasle, bai euskaraz bai gaztelaniaz.
Lantegietan hiru ikastaro izango dira: Hastapena; Hobekuntza, bi monografikorekin —antzerkiko makillajearen hastapenak eta Argiztapenaren eta soinuaren hastapenak—; eta Testu Dramatikoen Laborategia. Aurton, berrikuntza gisa, hobekuntza ikastaro bat eta euskaraz idazteko lantegi bat izango dira. Gainera, urte barruan lantegiak osatu egingo dira, monografikoekin eta antzerkiarekin zerikusia duten jarduerekin.
Lantegietako irakasleen artean euskal eszenako jende oso ezaguna izango da, besteak beste, David Barbero edo Patxo Telleria. Lehenak, ETBko albistegietako kazetari ezagunak, dozenaka antzerki-lan idatzi ditu eta hainbat sari jaso ditu, esaterako, 1990eko Eusko Jaurlaritzako Saria edo urte bereko Calderón de la Barca. Eleberriak ere idatzi ditu, telebistako gidoietan laguntzaile eta zenbait musika lanetarako libretoen idazlea dugu. Berak gidaturiko laborategian, testu dramatikoen azterketa, irakaskuntza, eztabaida edo erakusketa izango dira helburu. Patxo Telleria, bestalde, klasikoa da Bilboko eszenan. Maskarada antzerki taldeko kideak oraintsu antzeztu du lehen aldiz bere azken lana “Sonata en un segundo y pico”. Azken lan horrekin, guztira hiru dira egun antzerki aktore eta zuzendari honen lanak karteldegian. Gainerako lantegietako irakasleak Borja Ruiz, Iñaki Ziarrusta, Felipe Loza eta Mikel Martínez izango dira.
Ikastaro hauetarako informazioa eta izena ematea BILBOESZENA – Antzerki Baliabideen Zentroaren lokaletan lortu daiteke, Santutxu auzoan, (Juan Gardeazabal 3, Santutxu/Basarrateko Metro irteeran). Izena emateko, 18 urtetik gora eduki behar da eta taldean gehienez 15 lagun izango dira. Lantegi bakarrean eman daiteke izena. Era berean, hobekuntza ikastaroa egin ahal izateko, beharrezkoa da aurretiaz antzerkian eskarmentua izatea, hastapen ikastaro edo halako baten bidez.
Matrikula arruntak 50 euro balio du eta 18 euro oinarrizko errenta jasotzen dutenentzat. Izena emateko epea zabalik izango da urtarrilaren 28tik otsailaren 5era, 10etatik 14etara eta 16etatik 20etara. Lantegiak otsailaren 9 eta 10ean hasiko dira eta ekainaren amaiera arte luzatuko dira, astean bi orduz.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba