Antzerki nagusi KulturaZarautzek proposatutako urte bukaerarako programazioan
Antzerkia da KulturZarautzek aurtengo udazkenerako diseinatu duen kultur programazioaren osagai nagusia, euren emanaldiak bi kontzertu eta Kantu Jirako bi hitzorduekin tartekatuko dituzten lau konpainien presentziarekin. Zarauzko Udaleko Kultura sailak urte osorako luzatu duen proposamen honekin, bere kultur eskaintza zabala, egonkorra eta kalitatezkoaren aldeko apustua indartu nahi du. Joan den irailaren 9an Zarauzko kaleetan barna eginiko Kantu Jirak eman zion hasiera udazkeneko programazioari, eta berriro errepikatuko da urriaren 31n, igandea, eta azaroaren 13an eta abenduaren 11n, biak ala biak larunbata, herriko kantak abestera eta txolarte atsegin bat igarotzera animatzen diren zarauztar guztientzat. Aipatutako «Zarautz Kantuan» izeneko ekimen hau, Aspanogi elkarteari laguntzeko ospatuko da eta urriaren 31n izango da.
Lizardi Antzokian egin zen urriaren 23an udazken honetan protagonista izango den antzerki eskaintzaren aurrerapen bat, non Kilima Antzerki Taldeak «Txinguin» lana antzeztu zuen berrehundik gorako ikus-entzuleen aurrean. Hori ez zen izan, ordea, zarauztarrek antzerki ikuskizun batera joateko izango duten aukera bakarra, beste hiru konpainiek bisitatuko baitute gure herria azaroan eta abenduan.
Anita Maravillas Antzerkia izango da datorren azaroaren 21ean iristen lehena, eta «Sarean Sun Sun» lana antzeztuko du 17:30etatik aurrera Lizardi Antzokian, non sorginek, aztiek, alkimistek, igarleek eta titiriteroek hartuko duten parte testuinguru txit magiko batean. Hurrengo astean, hilaren 27an, eta 21:00etik aurrera, Itzurungo Uhinak Zumaiako Antzerki Taldearen txanda izango da, «Zer diyon?» lanarekin, Inaxio Tolosak zazpi emakumeren parte hartzearekin zuzendutako antzerki tailer batean. Azken mende erdian gertatutako aldaketen aurrean izandako jarrera eta bizipenak azalduko dituzte emakume zumaiarrek.
Gabonetako jaien inguruan, abenduaren 11n, hain zuzen ere, Deabru Beltzak Antzerki Taldea iritsiko da Zarautza «Gabon Kontuak» lana aurkeztera, zeinak haurrei Olentzeroren etxean bizitzeko eta gabon misteriotsuaren aurretik bere urduritasuna partekatzeko, ohiturak ezagutzeko eta gehien gustatzen zaizkion gauzak deskubritzeko aukera eskaintzen duen. Hitzordua 17:30etatik aurrera izango da Lizardi Antzokian.
Udazkeneko kultur programazioa bi kontzertu txit interesgarriekin osatzen da, hauek, kalitateaz gain, umore dosi eder bat eransten diotelarik. Horietariko lehena Kiroldegian ospatuko da urriaren 30ean. Iluntzeko 22:00etan, Demode Quartet aurkeztuko da ikus-entzuleei barreak eta irriak eragiteko asmoz. Taldeko lau kideak eta euren identitate berezia, hainbat musika tresna, koreografia eta ahots propioaz baliatuko dira hori guztia lortzeko.
Abenduaren 18an, 22:00etan eta Lizardi Antzokian, Miren Fernandez musikagilearen kontzertura joateko aukera izango dute zarauztarrek, ibilbide oparoa duen honek emanaldi aberatsa eskainiko du azken urteetako eskarmentuan oinarritutako abestiekin. Laguntzaile gisa, Antxon Sarasua izango du pianoan, Abel Perona kontrabaxuan eta Iñaki Oliden akordeoiarekin.
Honenbestez, KulturaZarautzek uste du aipatutako programak zarauztar guztien kultur interesak asetzeko duen nahia beteko duela, eta aurreikusitako ekitaldietara joateko gonbita lauzatzen die guztiei, euren itxaropenak ez direla zapuztuko uste baitu.