Artezblai Argitaletxeak Patxo Telleriaren ‘Dibertimenduak’ trilogia eta Oier Guillanen ‘Herio heroi eta Arra. Arraroa.’ argitaratu ditu
Artezblai Argitaletxeak euskarazko Antzerki Testu Bilduman beste bi liburu gehitu ditu. Batetik, bilduma honen historian ohikoa den Patxo Telleriak idatzitako ‘Dibertimenduak’ trilogia egileak berak, Mikel Martinezekin batera, Euskal Herriko areto gehienetan aurkeztu dituen ‘Euskara Sencilloaren Manifiestoa’, ‘Larru Haizetara’ eta ‘Euskarazetamol’ biltzen ditu. Bestetik, bilduman izen berri bat sartu da, Oier Guillan, honek idatzitako ‘Herio heroi’ antzezlan saritua eta ‘Arra. Arraroa.’ biltzen dituen liburua.
Patxo Telleriaren ‘Dibertimenduak’ Trilogia
Aldez aurretik, Antzerki Testu Bildumaren bederatzigarren alean eta ‘Kontenedore baten istorioak’ testuarekin batera ‘Euskara Sencilloaren Manifiestoa’ argitaratu bazuen ere, Patxo Telleriak ale bakarrean elkarrekin aurkeztuko ditu antzezlan horrekin hasitako ibilbide oparoari gehituz joan direnak, hots, ‘Larru Haizetara’ eta ‘Euskarazetamol’. Ez Dok Hiru Bikoteatroak, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak berak osatzen duten konpainiak, Euskal Herri osoan arrakasta haundiz aurkeztutako euskarazko antzerki petoa eta jatorra da ‘Dibertimenduak’ honen jatorria.
Liburuaren hitzaurrean Telleriaren eszena-bikotekidea den Mikel Martinezek azaltzen duenez, “Emanaldi pilo bat egin dugu beraiekin (500-600?) Euskal Herriko txoko guztietan, antzoki-areto-lokal-plaza oso ezberdinetan eta ikusle asko eta era askotakoaren aurrean. Publikoak gozatu egin du beti beraiekin, antzerkiarekin eta euskararekin (euskaldun izatearekin, behingoz). Eta guk ere gozatu egin dugu antzezlanarekin eta publikoa gozatzen ikustearekin. Eta “arrakasta” honen erruduna gidoiak dira, testuok, izan ere antzezlan hauek gidoia dute oinarria, funtsa, ardatza… dena. (…)Hiru lan hauen oinarriak hiru izan daitezke: euskara, euskararen bizitza edo euskaldunon miseriak, eta umorea”.
Oier Guillanen ‘Herio heroi’ eta ‘Arra.Arraroa.’
Omo, Metrokoadroka, Mikelazulo, Labea edota Dejabu lagun hainbat proiektutan izan den Oier Guillanen testu bik osatzen dute Artezblai Bildumaren berrogeita hamaikagarren zenbakia. Alde batetik, Cafe Bar Bilbao antzerki sarian irabazle suertatu zen ‘Herio heroi’ antzezlan absurdua irakur daiteke, egileak aitortzen duenez “senari jarraituta idatzitako testua da, inolako planifikaziorik gabe. Zer edo zer esateko barne-behar bati erantzuten dio neurri handi batean”. Bigarrenean, aldiz, beste bide ezberdin bat hartu du: “Arra. Arraroa. behar bikoitz bati erantzunez sortutako lana da. Batetik aspaldian kezka eragin didan gai baten inguruan hasi nintzen lanean: zer den gizona izatea, eta horren inguruan gizonezkook sentitu izan ditugun presioak. Jakin badakit jende asko dabilela honen inguruko gogoeta sozializatzen; erreferentzia horiek interesgarriak iruditzen zaizkidan arren senari jarraitu diot oraingoan ere, ez naiz saiatu gaia arrazionalki lantzen. Bestetik lan honen estetika hitzaurre honen hasieran aipatutako bilaketaren ildotik doa: poesia eta teatroaren arteko harremanean sakontzea. Testuaren forma bera poesiaren estetikara eraman dut, tonuak batzuetan poesiatik hartzen du batez ere, besteetan teatrotik zentzu hertsi batean”.
Euskarazko antzerkia Durangoko Azokan
Liburu bi hauek, Artezblai Testu Bilduma osatzen duten beste hogei bat titulurekin batera Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztuko dira Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak izango duen standean. Euskarazko antzerkiaren topagune bilakatuko den gunean, besteak beste, hainbat egile izango dira, tartean Oier Guillan (abenduaren 5ean, goizean) eta Patxo Telleria, baina baita ere Galder Perez, Maite Agirre, Ander Lipus eta Alaitz Olaizola. Gainera, Oier Guillanek abenduaren 8an Ahotseneako standean ‘Herio heroi’ren aurkezpena egingo du.
Oier Guillanen ‘Herio heroi / Arra. Arraroa.‘ eta Patxo Telleriaren ‘Dibertimenduak’ Yorick Liburudendan eskuragarri daude jada.