Barañaingo Titere eta Txotxongilo Jaialdiaren hamairugarren edizioa
Maiatzaren 19tik 26ra bitartean Barañainen ospatuko den Titere eta Txotxongilo Jaialdiaren edizio berriak egitarau zabal eta oparoa proposatzen du eta aurreko urteetan bezala, herriko kale eta plazak izango dira, eguraldia lagun bada, eszenatoki nagusiak nahiz eta areto ikuskizunak ere aurreikusten diren. Orotara hamalau konpainiaren lanak ezagutzeko aukera izango da, besteak beste, India edo Txinatik heldutako ikuskizunak Belgika, Frantzia, Catalunya edo Euskal Herriko taldeen lanekin tartekatuko direlarik. Antzezlanez gain, txotxongilo tailerrak, erakusketak eta kafe-tertuliak antolatu dira baita bertako eskoletako ikasleentzako espreski adostutako emanaldiak ere.
Hamahirugarren edizioa betetzen du aurten Barañaingo Titere eta Txotxongilo Jaialdiak, zenbaki txarra batzuentzat baina ez antolatzaileentzat ilusioz aurkezten baitute, herri nafarra antzerki teknika honetan diharduten talde hoberenen antzezte gune bihurtu nahi duen edizio berri hau.