Estrenos

Bederen Bat konpainiak ‘Oteiza. Testuak eta beste poemak’ estreinatuko du Zarautzen

Jorge Oteiza oso ezaguna da nazioartean eskultore bezala eginiko lanagatik, baina bere ibilbide artistikoan zehar arteaz gain zinea, antzerkia eta olerkia ere landu zituen. Bederen -1 produktorak bere literatura ekoizpena ezagutzera ematearen aldeko apustua egin du apirilaren 24an, gaueko 22.00etan Zarauzko Lizardi Antzokian estreinatuko den “Oteiza. Testuak eta beste Poemak” ikuskizunarekin. Antzezlan honen emanaldia Zarauzko Udalak antolatu du eta osotasunean euskaraz idatzia izan da. Bertan, artista ospetsuaren hainbat idatzi biltzen dira, eta musika eta hitzaren bidez lotura ematen zaie. Patxi Santamaria izan da Oteizaren olerkiei ahotsa jartzeaz arduratu dena eta Inazio Tolosak berriz, indarra, kolorea eta bizitasuna ematen die bere musika inprobisazioen bitartez. José Luis Padrón eta Pello Zabaleta testuak itzultzeaz arduratu dira.

Ikuskizun honen nahia artista bat aurkeztea da, bere lan guztia olerkiz busti zuen pertsona bat, eta bere alderdi eskultorikoa adierazpen modurik “merke eta osoena” bezala izendatu zuena. Arlo eskultorikoan lortu zuen aitorpen maila ez izan arren, Oteizaren literatura ekoizpenak kalitate handia du eta lan hauen bidez bere desioak, haserreak, beldurrak eta esperantzak isladatzen dira, guztia bere ohiko umorearekin bustita.

Patxi Santamaría eta Inazio Tolosa ikuskizun honen bermea dira. Santamariak lan ugari egin ditu antzerkian edota telebistan, zinean, irratian edo publizitatean. Bere lanen artean daude Bederen – 1en sorrera; Ander eta Yul, Vacas, Ione igo zerura edo Kutxidazu Bidea Ixabel bezalako filmeetan eginiko paperak; edo Goenkale, A ze parea edo Maiten eginiko antzezpenak. Inazio Tolosak, bere aldetik, Santamariarekin batera lan egin du Goenkalen edo Bederen – 1en, Maskarada edo Txalo bezalako taldeetan, Frío Sol de Otoñon parte hartu eta Penelope Enea eta H-egan telebista programak zuzendu ditu horretaz gain.

“Oteiza. Testuak eta beste Poemak” ikusteko sarrerak salgai daude Sanz-Enea kultur etxean 5 euroren truke.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba