En cartel

Bilboko Pabilioi 6 aretoan aurkeztuko dute ‘Errautsak’ antzezlana

Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean ekoiztutako ‘Errautsak’ ikuskizuna Bilbora helduko da urriaren 27, 28 eta 29an Deustuko Erriberan kokatuta dagoen Pabilioi 6 aretoan, BAD Bilbao jaialdiaren programazioaren barnean. Donostiako Antzerki Saria eta Azpeitiako Topaketen Txalo Saria besapean duela helduko da Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek idatzi eta «errautsotan noizbait surik izan zela sinestarazi nahi dien euren  buruei» pertsonaien inguruko istorio hau.

 

Izan ere, Euskal Herriko txoko ezberdinetako zenbait artista biltzen ditu antzezlan honek –Artedrama bizkaitarrak, Dejabu gipuzkoarrak eta Le Petit Théâtre de Pain lapurtarrak– Igor Elortza eta Unai Iturriagak idatzitakoa eszena gainean gauzatzeko. Ximun Fuchs muntaiaren zuzendariak dioen legez, «Errautsaken euskera ezberdinak entzuteko aukera dago. Protagonistek, lagun hila ehortzeko batu den koadrila, Iparraldean askotan eman diren taldea osatzen dute, zeinetan euskera ezberdinak uztartu diren, errefuxiatuak direla-eta». Taula gainean, zuzendariarekin batera izango diren, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Manex Fuchs, Ander Lipus eta Miren Gaztañagak sortua, Errautsaken testua Igor Elortza eta Unai Iturriagak idatzi dute, zuzendariaren esanetan, «antzerkilariok gure testuarekin distantzia hartzeko arazoak izan ohi ditugulako, eta bestalde, hitzak behar duen musikaltasuna eta garrantzia izan dezan, ez bakarrik gure gorputzean eta konfliktoan ekintzak garatuz».

Hodei hil da. Gaztaroko lagunak, urteetan elkarren berririk izan gabe egon ondotik, Hodeiren hiletarako bilduko dira. Saminak eta berriz elkartzearen emozioak eraginda, Hodeiren azken agurra garai bateko festa basati bihurtuko da. Iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko dituen gau eroa.

 

Noizbait izatea amestu eta sekula izan ez zirenaren errautsak baino ez dira geratzen, ordea.

Igor Elortza & Unai Iturriaga

Elortza eta Iturriagaren aukeraketak baina, badu oinarrian beste arrazoi bat, adinarena, alegia. «Gure belaunaldikoak behar zuten, galdera zabalak ez ditugulako erantzuten, baina gu nor garen inguruko hausnarketa planteatzen da. Aspaldiko lagunekin biltzen garenean besteak asko aldatu direla pentsatu ohi dugula ohartu gara, baina gu ez. Zenbat potolotu den hori, bere aitaren eitea du beste horrek, zertan den haren gaztaroko ideologia…», azaldu du LPTDP taldeko kideak. Azken finean, Errautsak hirurogeita hamargarren hamarkadan jaioen istorioaren islada da, bertsolariek dioten legez, «Mundua aldatzear zela sinetsita zeudenengandik sortu ginen. Hautu gaitza, ordea, mundua aldatzea. Musikaz, borrokarako leloz, errepresioz, festaz eta orotariko drogaz inguratu gintuen gaztaroak. Denboraren errotak egin du gainerakoa. XXI. mendea da, eta XX.eneko ametsen errautsak gara. Oraindik orain, errautsotan noizbait surik izan zela sinestarazi nahi diegu gure buruei. Ba ote?».

Erritual berriak

Hau guztia, oholtza gainean, urteetan elkar ikusi barik eta Hodei hildakoari azken agurra egiteko lagun taldean gorpuztuko da. Halere, hileta, garai bateko festa basati bihurtuko da, iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko dituen gau eroa. Zuzendariaren aburuz, gaiaren islada den errituala biziko dute protagonistek, «gure belaunaldiarentzat konplikatua da, zeren eta gure erritualak asmatu behar ditugu. Lehen eliza zegoen. Orain ez dut uste horrenbeste sinisten dugunik, eta ondorioz, lagun baten ehorzketan festa bat egitea gertatu daiteke».

 

 

Errautsak.

Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba