Festivales

Bost kontzertu eskainiko ditu Bermeoko XXVI. Nazioarteko Musika Asteak

Abuztuaren 1etik 5era bitartean Bermeon gauzatuko den XXVI. Nazioarteko Musika Asteak goi mailako bakarlari eta talderen kontzertuan iragartzen ditu. Aurtengo egitarauan Acords i Desacords Hirukotea, Ara Malikian, Pablo Sorozabal Haize Boskotea, Bermeoko Abesbatza eta Jose Ramon Rodriguez organo jolea eta B Vocal taldeak izango dira. Bestalde, Urdaibaiko Organoak egitasmoaren barne, Monica Melcovaren ekitaldia ere iragartzen da.

Bermeoko Kultura, Gazteria eta Hezkuntza sailaren programak, Udalaren Musika Eskolar eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzarekin gauzatzen da eta lehenengo lau kontzertuak Andra Mari Elizan gauzatuko badira, bosgarrena Kafe Antzokian izango da, guztiak arratsaldeko zortzietan.

Abuztuaren 1eko ekitaldian izango den Acords i desacords taldea 2006ko udan jaio zen, hari eroale baten inguruan jaio ere: ganbera, saloi eta kafe musika lotzea eta jarraipena ematea. Hirukotea osatzen duten Teresa Galceran Anguera (flauta), Laia Besalduch López (biolina eta biola) eta Raúl Cañizar Bel (gitarra) musikariak G.Rossini, F.Carulli, J. K. Mertz, J. S. Bach, G. Masini eta A. Piazzolaren piezak eskainiko dituzte.

Ara Malikian biolin jolea izango da abuztuaren 2ko protagonista. Malikian, zalantza barik, bere belaunaldiko biolin-jotzailerik onenetakoa eta adierazkorrenetakoa da. Berezko estilo bat du, bere jatorrietan eta musika bizipen aberatsetan landua, eta bere biolina musika munduko orijinalenetakoa eta barritzaileenetakoa da. Libanon jaio zen, familia armeniar batean, eta oso goiz hasi zen biolina joten, aitarekin batera. Lehenengo kontzertua 12 urtegaz emon eban. Saio honetarako J. S. Bach, Eugène Ysaÿe eta N. Paganiniren obrak aukeratu ditu

Jesús Solabarrieta (flauta), Mikel Olazabal (oboe), Emilio Chirivella (klarinete), Jose I. Etxeberria (fagot) eta Jon Lizaso (tronpa) musikariek osatzen duten Pablo Sorozabal Haize Boskotea 1986 urtean sortu zen eta Pablo Sorozabal euskal musikariaren oniritziaz eman zitzaion izen hori; bere egitekoa Ganbera Musika hedatzea da. Abuztuaren 3an eskainiko duten ekitaldian Erdi Arotik gaur egun arteko dantza instrumentaletan oinarritutako ibilbide musikala proposatzen dute «Haize Dantzak» / «Las Danzas del Viento» izenburuarekin. Gonbidapen musikal kronologiko honi ikusmenerako gozamena gaineratzea da dantzekin topaketa honen asmoa.

Bermeoko Abesbatzak Jose Ramon Rodriguez organo jolerekin batera abuztuaren 4an eskainiko duen kontzertuan Leon Böellmanen «Suite Gótica» eta W.A. Mozarten «Koronazio-Mezea» izango dira entzungai. Karmele Barrenak zuzentzen duen abesbatza 1956aren apirilean sortu zan, uriko parrokietako koro eta bermeotarren musikarekiko beti egon den zaletasun eta gogo handiak eraginda. Jose Ramon Rodriguez bilbotarra, Musikari zentroko irakaslea eta Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioko irakaslea izateaz gain, Abandoko San Bizente Martiriaren Parrokiako organo handiaren titularra da 1994tik.

B Vocal taldearen ekitaldiarekin amaituko da Bermeoko XXVI. Nazioarteko Musika Asteak, Kafe Antzokian eskainiko duen kontzertuarekin. B vocalek hamabost urte daramatza Estatuko musika munduan, eta Espainian a capella musikako erreferente nagusitzat hartu izan da, baita munduko garrantzitsuenetako bat ere. Azken urteotan, musika talde legez ez eze, B vocal familientzako eta umeentzako ikuskizunak egiten eta lantzen be aritu izan da.

Bestalde, Urdaibaiko Organoak zikloaren barne Monica Melcova organo jolea izango da Santa Eufemia Elizan abuztuaren 13an arratsaldeko zortzietan.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba