‘Bota patsa’k Azpeitiko Antzerki Topaketen saria jaso du
Txalo ekoiztetxearen «Bota Patsa» antzezlanak Azpeitiako Antzerki Topaketen saria eskuratu du, antolatzaileek hogeitabosgarren edizio honen balorazioan ezagutzera eman duten arabera. Aurtengo edizio honetan jende ugari hurbildu da Izarraitz Pilotalekura, erantzun ona jaso dugu, beraz, eta hori benetan eskertzekoa da. Guztira, hamazazpi antzezlan taularatu dira, haur, heldu nahiz gazteei zuzenduak.
Eskola antzerkian ere aukera zabala izan da; izan ere, zazpi antzezlan izan ditugu ikusgai, antzezlan bat talde profesionalak eskainia, eta beste sei, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrek. Beraien arteko desberdinatsunak nabariak izan dira, baina guztien lanak benetan txalotzekoak.
25. urteurrena ospatu dugun edizio honetan lan bat estreinatu da, Lakrikun taldearen «25 urte… eta segi bueltaka» antzezlana, hain zuzen, eta benetan zoriontzekoa izan da. Bestalde, aipagarriak dira Antzerki Alternatiboa deritzon atalean izan ditugun ikuskizunak, besteak beste, Dar-Dar produkzioaren “Gaurko Menua”, Arizmendi Ikastolako Antzerki Taldearen “Bertso Raperoak”, Ez dok hiru Bikoteatroaren “Lezio berri bat ostrukari buruz” eta gustukoa benetan, Pock & Des Chimeres” taldeak eskaini digun “Amamaren memoria” euskaraz eta frantzezez eginiko koprodukzioa. Larunbatetako emanaldietan, berriz, honako lan aipagarriak ikusi ahal izan ditugu: Txaloren “Bota patsa” eta hain arrakastatsua izan den Kanpingags-en “Lapur zuloa”. Ia denak barre eragitekoak eta erraz ulertzekoak izan dira, eta ikusleen aldetik txalo ugari jaso dituzte. Igandeetan familia osoarentzako Antzerkia ikusi ahal izan dugu, eta arrakasta handia izan du. Era askotako antzezlanak izan ditugu, batzuetan hitzezko testua nagusi, besteetan efektu bereziak eta musika ugari, baina guztietan ikus-entzule asko, laurehun pertsona batez beste igandero.
Ahaztu gabe aipatu beharra dago, aurtengoan antzerkia ikusteko frontoia egokitu behar izan dela. Ezenatokia, argiteria eta batik bat soinua ondo antolatuta egon dira, eta kalitatea zaindu da. Teknikoki maila egokia izan du antzerki ziklo osoak.
Ikusleen Saria, berriz, guztiz arrakastatsua izan da, eta ia ikusle guztiek parte hartu dute nolabait beren botua eman edo balorazioa eginez. Aurtengoan, TXALO taldeak eramango du 600,00 euroko diru-saria, “Bota patsa” lanarekin.
Beraz, 25. urteurrena ospatseko kolore eta mota guztietako lanak izan ditugu, umorez beteak nahiz istorio serioak. Jendearen erantzuna berriro ere eskertzekoa. Horrela bada, datorren urteko udazkenera arte.