Compagnie du Ruisseau taldeak ‘L‘autre’ ikuskizuna plazaratuko du Izpuran
Apirilaren 22an, aratseko 9etan Izpurako Faustin Bentaberry gelan, amatur hirukote batek landutako antzerki baten ikusteko parada eskainia zauzue. Garazikus elkartearen antzerki tailerrean abiatu balin baziren jokolariak, orain bere ber ari den “Compagnie du Ruisseau“ taldearen “L‘autre“ antzerkia aurkeztuko digute. Florian Zeller, 26 urteko eleberri eta antzerki idazlearen obraren moldaketa bat da aldi huntan lantzea hautatu dutena. “L‘autre“, 2004 urtean lehentze emana izan zen Pariseko antzoki batean eta geroztik Frantzian eta Europan gaindi ibilki da, arrakasta haundia ezagutuz.
Aldiro ikuslierrak doi bat harriturik eta xarmaturik atera dira maitatzea zoin zaila den aipatzen duen ekitaldi hortatik.
“Cie du Ruisseau“ taldeko Pilou Lascaray, Javier Verdugo eta Laurent Barretek emanen digute obra hau, Josette Barnetchen laguntza izan dutenak taula zuzendaritzaren segurtatzeko eta Amaia Lerrissarena musikarentzat.
Beste hitz ordu bat dugu, apirilaren 20ekoa, aratseko 8ak et‘erdietan, Baigorriko Plaza Xoko gela berrian lan aurkezpen bat eskainiko bait digute “Kilikolo Zirko“ko artista harrigarriek. Ekitaldi horrekin bururatuko dute heien egonaldia (aste oso bat iragaitekoa dute Baigorrin 16etik 21era).