Festivales

Dantza-jauziak izango dira Ezpalak jaialdiaren 5. edizioko protagonistak

Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdiaren 5. edizioa burutuko da maiatzaren 29an Iruñean eta 30ean Eibarren, aurtengo ekitaldiaren ardatza dantza-jauziak izango direla. Aurtengo jaialdian Biarno, Baztan, Lapurdi, Luzaide, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzakerak ikusi ahal izango dira.

Iruñeako ekitaldia arratsaldeko 17.30etan hasiko da alde zaharreko karriketan izango den Kalejirarekin eta ordu erdi geroago Ezpalak, dantza-jauzien nazioarteko jaialdia hasiko da Burgoen plazan, bertan Euskal Herriko eta atzerriko dantzak ikusgai izango direla. Saioa Iruñeako Duguna dantza taldearekin hasiko da eta jarraian Baztango Baztandarrak, Biarnoko Osseau haraneko musika eta dantza, Luzaideko bolant-dantzariak, Donostiako Argia dantzari taldea eta Baionako Maritzuli konpainia arituko dira. Segidan, dantzaldi irekia izango da Aiko taldearekin.

Antzerakoa izango da Eibarren hurrengo egunean burutuko den ekitaldia, eguerdiko hamabietan hasiko baita Untzaga plazan Ezpalak, dantza-jauzien nazioarteko jaialdia eta segidan dantzaldi irekia Aiko taldearekin. Arratsaldeko bostetan berriz, erromeria izango da Aiko taldearekin.

2010eko ezpalak jaialdiak dantza-jauziak egiteko modu desberdinak ekarriko ditu. Maritzuli konpainiak, Aiko taldearen musikak lagunduta, Lapurdi eta Nafarroa Beherean dantza-jauziak egiteko izan diren eredu desberdinak ekarriko ditu; Argia dantzari taldeak 60ko hamarkada bukaeran Zuberoan eta Nafarroan Beherean ikasitako dantza-jauzien tradizioa aurkeztuko du; Biarnoko musikari eta dantzari talde batek Ossau bailarako sauts edo jauziak eskainiko ditu; Luzaideko dantzariek, Nafarroa Garaia eta Behearen arteko mugan bolantek dantzatzen dituzten jauziak ekarriko dituzte eta, azkenik, Baztandar dantzari talde batek Baztango mutil-dantzak eskainiko ditu.

Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldea eta Iruñeko Duguna dantza taldeko antolatzaileen esanetan “dantza genero zahar eta interesgarria osatzen dute dantza-jauziek eta mutil-dantzek. Jean Michel Guilcherrek dioenez, XIX. mendean hainbat idazle ohartu zen jauzien garrantziaz, baina ongi ezagutzen ez dituenarentzat konplexutasun handia dute. S. Harruguet-ek 1927an idatzitako hitz hauek jasotzen ditu Guilcherrek: «Dantza guztien artean, originalenak, berezienak, originalenak, zientifikoenak esan genezake, dantza-jauziak dira”.

Dantza-jauzien generoa Biarno, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Baztan-en dantzatzen da, baina eskualde batetik bestera ezaugarri, estilo eta dantzakera desberdinak aurkezten ditu. Izen desberdinak erabili arren, jauziak, sauts, mutil-dantzak eta mutxikoak, funtsean dantza-sistema bera dela ikusi ahal izango dugu 2010eko ezpalak jaialdian, eta horrekin batera, genero bera dantzatzeko estilo eta ezaugarri desberdinak ezagutu ahal izango ditugu.

Desagertzeko kinka larrian izan dira ordea. 60ko hamarkada hasieran jauziak oso urrituta ziren plazetatik eta ikertzaile eta sustatzaile sorta bati esker berpiztu eta plazetan sendotu dira berriz jauziak. Pierre Betti Betelu, Jean Michel Guilcher, Migel Angel Sagaseta, Juan Antonio Urbeltz eta Claude Iruretagoiena dira berpizkunde horren eragileetako batzuk.

Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Baztan eta Bearn dira dantza-jauzien, mutxikoen eta mutil-dantzen gordeleku naturalak. Baina horietatik haratago zabaldu eta errotu dira eta gaur egun badira taldeak hilean behin elkartu eta plaza agerian nahiz areto itxietan dantzatzen dituztenak, Baiona, Biarritz, Angelu, Donostian, Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta beste hamaika herritan, festatan nahiz festatik kanpo.

Ezpalak jaialdiak mamia berbera badu ere gai desberdina jorratzen du urtero eta aurreko urteetan Ezpata-dantzak (2006an), Makila-dantzak (2007an), Arku-dantzak (2008an) eta Karaktere-dantzak (2009an) landu ditu.

Bost urte hauetan Ingalaterra, Flandes, Frantzia, Portugal, Katalunia, Valentzia, Gaztela, Galizia eta Euskal Herriko hainbat bazterretako dantzak eta dantzakerak ikusteko aukera eskaini du Ezpalak jaialdiak. Baina desberdintasunak baino gehiago, kultura koreografiko guzti horien arteko antzekotasunak nabarmentzeko ahalegina da Ezpalak. Izan ere, folkloreak herrien arteko loturak aspaldikoak direla erakusten digu, eta dantza tradizionalak ikusiz, Europako eskualdeen artean, historian zehar behin eta berriz elkar trukatu eta konpartitu ditugun musika eta dantzakerak ezagutzeko aukera dugu.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba