Debako XVIII. Antzerki Astea
Bederatzi ikuskizun taularatuko dira maiatzaren 30a arte, Goaz Antzerki Taldeak antolatutako Debako Antzerki Astean. Maiatzaren 21ean hasi zen XVIII. ekitaldi honetan, talde profesionalen eta amateurren lanak tartekatuko dira Gipuzkoako herri horretako antzoki, taberna eta kaleetan. Debako XVIII. Antzerki Astearen barne bi saio eskaini dira orain arte, agerraldiak 21ean hasi baitziren Kukubiltxo talde larrabetzuarraren Top Sekret-Mamutxak ikuskizunarekin eta hurrengo egunean Zurriola Antzerki Eskolako Biga talde amateurrak taularatutako Ni Mohamed lanarekin. Migrazioari buruzko hausnarketa egiten duen lan honek lehen saria lortu zuen Donostiako Gazte Antzerki Topaketan.
Iragarritako agerraldiak 25ean jarraituko dute Goaz aretoan Amezketako Herri Eskola Antzerkia taldearen Hariz ari lanarekin. Goizean eskainiko diren bi saioetan larru lantegi koxkor bateko hiru langileak dira komedia honetako protagonistak.
Bilboko Zenbat Gara elkartean sortutako Ane Monna, Oskola eta Karramarroi taldeak Hamaika koloretan dantzan ikuskizun musikala eskainiko du 26an Zubeltzu Zineman. Karramarroiren eskolan dagoen ume txinatar batek sortutako harriduraren inguruan mintzatzen da lana.
Ekitaldiak 28an jarraituko duten gaueko hamar eta erdietan Joxemari Carrere antzezleak Zubeltzu zineman eskainiko duen Gizon ustelgaitza lanarekin, non Helder Costa portugaldarrak idatzitako politikari baten gogoetak isladatzen diren. Egun eta ordu berean, baina Itziarko Anduitz biltokian, Krabelin uhartean lana eskainiko du Lesakako Mairu Antzerki Eskolak.
Goizeko izarra talde mutrikuarra izango da 29an Labatai tabernan gaueko hamar eta erdietan egoera desberdinak jorratzen dituen Titirinahaste ikuskizuna taularatzeko. Azken bi saioak 30ean izango dira eta arratsaldeko bostetan Zubetzu zineman Egizu lo, Tartalo eskainiko du Legorretako Dar Dar Produkzioak eta ordu berean baina Zaharren biltokian, Trabena-Txoua ikuskizuna antzeztuko du Debako Goaz Taldeak.