Errautsak antzezlanak irabazi du XI. Donostia Antzerki Saria
Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin laborategiaren «Errautsak» antzerki lanak irabazi du Euskararen Udal Patronatuak eta Donostia Kulturak antolatzen duten «XI. Donostia Antzerki Saria». Saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian. Errautsak, «lan berritzailea, lotsagabea, ausarta eta komunikatzeko gaitasun handikoa» dela azpimarratu du sariaren epaimahaiak. Errautsak: Lan berritzailea, lotsagabea, ausarta eta komunikatzeko gaitasun handikoa
Artedrama, Le Petit Theatre de Pain & Dejabu Panpin laborategiak elkarlanean ekoiztutako lanaren emaitza oso interesgarria da. Epaimahaiak antzezlanaren kalitatea eta balioa goraipatu ditu, «lan berritzailea, lotsagabea, ausarta eta komunikatzeko gaitasun handikoa» dela esanez. Epaimahaiaren esanetan Ximun Fuchen zuzendaritza lana ere nabarmentzekoa da. «Une batzuetan anarkia gailentzen dela dirudien arren, itxura besterik ez da, dena kontrolpean baitago. Bestalde, talde lana nagusitzen da. Aktore ezagunak eta ez hain ezagun direnak elkarren ondoan ari diren arren, oreka eta talde lana dira nagusi». Bestalde Iparraldeko zein Hegoaldeko aktoreak nahasi izana aberasgarria da oso.
Gainera euskalki eta hizkera molde ezberdinak maisutasunez uztartu direla nabarmendu dute epaimahaikideek. Hori gutxi balitz, euskal kantutegiari buruzko erreferentziak etengabeak dira jatorri, estilo eta garai desberdinetako kantak ausardiaz erabiliz.
Eszenaratzeari dagokionez, eremu eszeniko soila izateak (kutxa bakarra erabiltzen dute denetarako) antzerki lanaren garapenerako onuragarria dela aipatu dute epaimahaikideek «biluztasun eszenikoak antzezpenaren indarra lehen planora ekartzen du eta horri esker aktoreen lanak protagonismo guztia hartzen du». Aurreko guztiaz gain, antzezlanak harrera ona izan du ikuslegoaren aldetik epaimahaiaren iritziz «normalean antzokietara joaten ez den ikuslea erakartzea erdietsi baitu».
Hori dela eta, ‘Errautsak’ antzezlanaren sortzaileok 10.000€ eta Ainize Txopitearen margolan bat jasoko dituzte. 8.000€ orain eskuratuko ditu eta gainerako 2.000 € jasotzeko, 2013. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian. Horrez gain eta aurtengo berritasun gisara, ikuskizun berri hori prestatzeko (proba saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango dituzte iparraldeko Harri Xurin dagoen produkzio gunean gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzio gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen zaio euskarazko sorkuntzari.
Sari emate ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, 20:00etan egingo da. Saria emanaldiaren hasieran banatuko da eta ondoren Errautsak antzerki lan saritua ikusi ahal izango da –2010ean Donostian euskaraz eskaini den antzerki lan onena alegia-.
Donostia euskarazko antzerkiaren erreferentea 2010. urtean 6 antzerki lan (2009an 8 izan ziren) eta 17 emanaldi (2009an 19 emanaldi) eskaini ziren Donostian. Guztira 3.490 ikusle (2009an 4065 ikusle) izan ziren emanaldi horietan. Datu horiek ikusita argi dago Donostian euskarazko helduentzako antzerki programazioari eutsi egin zaiola eta ikusleak ondo erantzun diola egindako eskaintzari. Batez beste, emanaldi bakoitzak 205 ikusle ( 2009an, 214 ikusle emanaldiko) izan ditu.
Donostia Kulturak eta Euskararen Udal Patronatuak duten hitzarmena medio, euskarazko antzerkiaren eskaintza zabala eta egonkorra izatea lortu da, beti ere urteko ekoizpena kontuan hartuta. Garai hauek, hala ere, ez dira aldekoenak antzerkiarentzat eta konpainia askoren lan jarduna mugatu eta eskaintza gutxitu egin da. Gauza bera gertatu da programatzaileekin, Sareak argitara eman dituen datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako antzoki publikoetan emanaldien gainbehera %60koa izan da 2010ean.
Donostian aldiz, eutsi egin zaio programazioari. Bi erakundeon elkarlanari esker, urtean zehar Donostia Kulturaren antzoki eta guneetan euskarazko antzerki lanak kontratatzen dituzte eta lan bakoitzetik gutxienez bina emanaldi eskaintzen dira, biak osorik ordainduta. Horren ondorioz, 17 emanaldi eskaini ziren euskaraz 2010ean Donostian.
2011ko programazioari dagokionez, euskarazko eskaintza bermatuta egongo dela esan daiteke. Dagoeneko bi antzerki lan eskaini dira urtarrilean eta otsailean, eta beste hiru antzezlan eskainiko dira epe laburrean, martxoan bi eta beste bat apirilean.
XI.Donostia Antzerki Sarian parte hartu duten lanak
- Txalo Arrastoa
- Kanpingags Ilunpetan
- Glu Glu Produkzioak Ezker eskuma
- Le petit Theatre de Pain- Artedrama- Dejabu Panpin Errautsak
- Gorringo Xabinaitor
- Demodé Quartet Demode