El Chivato

Estatu espainoleko ekoizleak Bilbon batzartuko dira hilaren 26an

Estatu espainoleko arte eszenikoetako konpainia ekoizleak biltzen dituzten elkarte nagusiak Bizkaiko hiriburuan batzartuko dira martxoaren 26an ekitaldi desberdinez osatutako jardunaldi batean. Ekitaldi hauek guztiak Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren bezperan egingo dira, ospakizuna martxoaren 27an egingo baita mundu osoan. Egitaraua goizeko hamarretan hasiko da, arte eszenikoen sektoreko enpresek Burtsa eraikinean (Zazpikaleetako udaltegian) egingo duten estatu mailako topaketa batez. Arratsaldean, “Eszena sektorea, bihar-etzi” izenburuko mahaingurua egingo da Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian, antzerkia eta dantzaren oraina eta zirriborratzen ari diren joera nagusiak aztertzeko asmoz. Azkenik, jardunaldia ospakizun batez amaituko da Kafe Antzokian, eta bertan, Antzerkiaren Munduko Egunaren aurtengo edizioari dagokion Manifestua irakurri eta umorezko sketch batzuk eskainiko dira.
Ekitaldi hauek guztiak FAETEDAk (estatuko antzerki eta dantza arloko enpresa ekoizleen elkartea, antzerki produkzioaren %80 baino gehiago sustatzen duten 180 enpresa biltzen dituena) eta Eskenak (Euskadiko eszena-ekoizpeneko enpresen elkartea, konpainia garrantzitsuenetako 18 biltzen dituena, Tanttaka, Markeliñe, Maskarada eta Kukubiltxo tarteko direla, besteak beste) antolatu eta sustatu dituzte. Jardunaldiak, halaber, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren sostengua izan du.
Daniel Martinez FAETEDAko presidente da arte eszenikoen oraina eta geroari buruzko mahainguruan parte hartuko dutenetako bat. Martinez Grup Focus taldeko presidentea da eta 150 ikuskizun baino gehiago ekoitzi ditu, 12.500 funtzio eskaini eta bost milioi ikusle erakarri dituelarik, eta 2002an, Max Saria (zinemako Goya sariaren baliokidea) eskuratu zuen Antzerki Enpresari Onenaren kategorian.
Berarekin batera, honako hauek izango dira eztabaidan parte hartuko dutenak: Georgina Cisquella (telebistako “Miradas 2” kultur albistegiaren zuzendaria), Ruben Gutierrez (Autoreen Elkarte Nagusiko Ikerketa arloko zuzendari nagusia) eta Mikel Gomez de Segura (Traspasos euskal konpainiaren eszena zuzendaria), Pilar Lopez-ek (Teatro Paraiso taldearen zuzendari eta Eskenako Zuzendaritza Taldeko kidea) moderatuta.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba