Euskal Antzerkigintzaren topagune bilakatuko da Aulestia aurten ere Artedrama Euskal Laborategiarekin
Apirilaren 5ean hasita eta hilaren 11 arte ADEL-Artedrama Euskal Laborategiaren bosgarren edizioa burutuko da Bizkaiko Aulestia herrian, arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenen topagunea izango delarik; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerki zale guztientzako urtero zabaltzen den gunea. Duela bost urte ikerkuntzarako laborategi gisa sortutako ekimenak, bestalde, Aulesti Arte Astearen sorkuntza bideratu du eta aurten ere, topaguneaz gain, ikuslego zabalari eskainitako agerraldiak aurreikusi ditu, musika, antzerkia, ipuin kontaketak, performaceak eta bertso saioak, tarteko.
Gaur goizean Bilboko Yorick antzerki liburudendan burututako prentsaurrekoan, Artedramako kidea eta egitasmoaren bultzatzaile den Ander Lipus eta Gaitzerdi konpainiako kide eta aurtengo edizioan irakasle izango den Iñaki Ziarrustak, ADEL honen xehetasunak azaldu dituzte.
Artedrama Euskal Laborategiak bi ildo nagusi ditu. Alde batetik, euskal antzerkigintzaren alorrean formakuntzaren transmisioa bideratzeko xedez, ikastaro trinkoa antolatu dute arte eszenikoen bide ezberdinetan adituak diren irakasleekin. Antzerkiola Imaginarioko sortzailea den Ander Lipus zuzendari eta antzezlea, Le Petit Théâtre de Pain-eko Manex Fuchs, Gaitzerdi konpainiako kideak diren Borja Ruiz eta Iñaki Ziarrusta, Pierre Vissler eta Dut eta Zura bezalako proiektuetan aritu den Xabi Strubell musikaria. Horiekin batera, hamabost bat lagun izango dira ikasle bezala, oraindik izena emateko epea zabalik dagoela. (Izena emateko: www.artedrama.com edota 615 77 95 11)
Horien guztien presentziaz baliatuz, iaz bigarren zutabe bat altxatu zuten, betiere Aulestiko Udalaren konpromiso txalogarriari esker, herritarrentzako zabalik dagoen Arte Astea antolatuz. Bertan, topaketetan parte hartzen duten irakasleek dituzten ikuskizunekin eta beste talde batzuen egitasmoekin gozatzeko gonbitea luzatu dute, tartean Josu Martinezen ‘Itsasoaren alaba’ filmearen emanaldia, Doro Zobaranen ipuin kontaketa, Le petit Théâtre du Painen ‘Aulki hutsa’ eta Hebendik taldearen ‘Han hemen’ antzezlanak, Vizkartzainak bertso ekitaldi multidisziplinarra, ‘Eta nik ere sagar bat daramat nire baitan’ Ander Lipus, Miren Gaztañaga eta Xabi Strubelek sortutako performancea eta amaierako jai modura, Gose, Zura eta DJ Urarekin musika gaubela.
“Bostgarrenez izate honek Topaketa hauek euskal antzerkigintzan bere lekua aurkitu dutela bermatzen du, eta jada Euskal Herriko txoko desberdinetan gure lana jorratzen dugun hainbat artistentzako urteko bilgune bilakatu da, elkartrukean gauzak egiteko eta esperimentatzeko aukera suertatzen da”, azaldu du Lipusek. Alde horretatik, Iñaki Ziarrustak ADELen garrantzia nabarmendu du: “ADELek euskal antzezleak, euskal irakasleak, euskal disziplinak… biltzen ditu, azken finean, salbuespenak salbu, normalean antzerkia euskeraz egin ohi dugu, euskal antzerkirik ez, ordea. Aulestin, berriz, euskal antzerkiaren inguruan intentsitate handiz bizi gara astebetez”. Hau guztia dela eta, eta maila altua jarri duten arren, “publiko zein partaideen aldetik iazko edizioan izandako arrakasta berdintzea edota gainditzea espero dugu”, adierazi du Ander Lipusek.