En cartel

Euskal Herria komeriaka zeharkatuz

AEK eta TENTAZIOA konpainiak elkarrekin sorturiko KOMERIAKA ikuskizunari buruzko informazioa ematea helburu Koldo Mitxelena Kulturunean prentsaurrekoa eskeini dute gaur (2001-06-14) eta bertan izan dira Eneko Olasagasti zuzendaria, Xabier Ugalde AEK-ko arduraduna eta Ramon Agirre, Iñaki Beraetxe eta Aitzpea Goenaga aktoreak… Bertan adierazi dutenez, KOMERIAKA ikuskizuna herriz herri izango da, Korrika Kulturalean lorturiko arrakastaren ondoren. Antzerkia eta musika biltzen dituen ikuskizun umoretsua da KOMERIAKA. Ekainaren 15ean Oñatiko santa Ana Antzokian gaueko 10.30etan eginiko antzezpenaren ondoren hasiko dute bira Euskal Herriko plaza desberdineetatik. Guztira hamar aktore dira. Baina emanaldi bakoitzean bost baino ez dira arituko. Emanaldi bakoitza berezia egin nahi dute. Bakoitza berari ardura dion zerbaitetik abiatuko da. Ez da aitzakia, baizik eta ia aitorpena, sekretu bat kontatuko baligute bezala. Egia batetik abiatuta, psikodramarik gabe, fikzio umoretsua egingo dute eta hortik aurrera komeriak. Bakarrizketak lotuz eta antzerkilanak harikatuz bi aurkezle egongo dira: Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Biak AEK-ko ikasleak. Denbora luzez, ia hogei urtez, euskara ikasten ibili ondoren azkenean titulua lortzekotan daude. Ekitaldia egiteko arrazoietako bat hori da. Eta aitzakia, bestalde, euskara ikasten eta irakasten dutenen kontura barre pixka bat egiteko. Horra bertan ikusgai izango diren antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Loli Astoreka, Pantzoa Hirigaray, Elena Irureta, Iñaki Beraetxe, Aitzpea Goenaga, Ane Gabarain, Ramon Agirre, Maiken Beitia eta Antton Luku. Osagarri bezala, eta aurkezle eta bakarrizketagileen arteko lotura egiteko, musika. Juantxo Zeberio, Xabier Zeberio eta Iñigo Egia izango direlarik doinu desberdinak aletuko dituztenak.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba