Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE) Durangoko Azokan
Euskarazko antzerkigintza sustatu eta zaletasuna bultzatzeko sortutako Euskal Herriko Antzerki Elkarteak (EHAZE) saltoki bat jarriko du aurten, lehenengo aldiz, Durangoko Disko eta Liburu Azokan. Saltokia Barrenkale 56an egongo da kokatua.
EHAZEko kideen esaneta, ekimen honen helburua bikoitza da:
-Ekainaren hasieran bere I. Batzar Orokorra burutu zuen EHAZE plazara atera eta, bere burua ezagutaraztearekin batera, dituen helburu, asmo eta proiektuak gizarteratzea. Euskal antzerkiak bere aurrean dituen erronkei aurre egiteko, gaur egunean sektoreak pairatzen duen sakabanaketa gainditu eta indarrak biltzea premiazko lana da, Elkartearen ustez. Erabateko garrantzia du zaleengana iristeak, bazkideak egiteak eta haien inplikazioa lortzeak, hortik etorriko baita denok amesten dugun euskal antzerkiaren loraldia.
-Euskal antzerkiarentzat erreferentzia gune bat sortzea. Antzezlan gutxi argitaratzen dira, eta argitaratzen diren gutxi horiek nahiko modu ezkutuan pasatzen dira. EHAZEren asmoa da testu eta material horiei presentzia ematea. Sortzen diren antzezlanak zaleengana iritsi ezean ez dago antzerki testugintza suspertzerik.
Hainbat argitaletxeen materialak egongo dira EHAZEren saltokian, batzuk aurreko urteetan argitaratuak, beste batzuk berriak. Berrien zerrenda honako titulu hauek osatzen dute:
-‘Baba-zango horiak’, Catherine Zambonena
-‘Hegazkin guztiak galtzen zituen emakumea’, Josep Maria Miro i Corominarena.
-‘Euskera sencilloaren manifiestoa / Larru haizetara / Euskarazetamol’, Patxo Telleriarena.
-‘Herio heroi / Arra, arraroa’, Oier Guillanena.
-Iruñeko udalaren literatur lehiaketak 27. literatur bildumaren barruan ondoko antzezlan hauek topa daitezke:
-‘Abere hatsak eta beste animalia batzuk’, Pablo Barriorena,
-‘Herio azeri hori’, Pablo Barriorena
-‘Kaia’, Aizpea Goenagarena
-‘Alex eta Arale’, Galder Perezena.
EHAZEren standetik pasatuko diren egileen artean ondorengo hauek daude: Oier Guillan, Patxo Telleria, Pablo Barrio, Galder Perez, Ander Lipus, Maite Agirre, Idoia Gereñu, Jokin Oregi…
Ezin aipatu gabe utzi, azkenik, datorren astelehenean, abenduak 6, goizeko 11.30etatik 12.00tara, Azokako Aretoan EHAZEk egingo duen aurkezpena. Bertan, Antzerkizale Elkartearen helburuen azalpenaz gain, antzerki testugintzaz hitz egingo delarik.