Fito Rodriguezek euskaratu duen ‘Ariel Dorfmanen ‘Herioa eta dontzeila’ antzeztuko dute
Gaur, irailak 9, Donostiako Biblioteka Nagusiko sotoan Ariel Dorfman-en Herioa eta Dontzeila antzezlanaren irakurketa dramatizatua burutuko dute Itziar Ituño, Asier Sota eta Ramon Agirre antzezleek Fito Rodriguezek euskaratutako bertsioan oinarrituz.
Dorfmanek idatzi zuenetik, 46 hizkuntzetara itzuli eta mundu osoko oholtzetan antzeztu dute ‘Herioa eta Dontzeila’, zinemara ere eraman izan delarik Roman Polanskik zuzenduta. Gurean ere behar genuela iritzita, euskarara ekarri du Fito Rodriguezek. Baina oholtzetan jokatu ahal izatea… hori beste kupelako sagardoa da. Eta, hala ere, zinez merezi du, ez bakarrik gaur egungo antzerkiaren punta-puntako obra delako, baizik eta gaur eta hemen, guri, euskaldunoi, bete-betean axola zaizkigun gaiak plazaratzen dituelako. Nolako gaiak, baina? Funtsean, tortura, memoria (edo adiskidetzearen izenean ahaztu nahia) eta generoen arteko borroka.
Schubert-en “Herioa eta Dontzeila” musika entzutean, Paulina (Itziar Ituño) gaixotu ohi da, torturapean pasaturiko sufrikarioa gogora datorkiolako. Senarra, Gerardo (Asier Sota), giza eskubideen alde nabarmendu den abokatua du. Gobernuak diktadura garaiko krimenak ikertzeko batzordearen buru izendatu berri du. Etxera bueltan zetorrela, Gerardoren autoa matxuratu da. Eskerrak ezezagun batek, Roberto Miranda doktoreak (Ramon Agirrek), bide bazterrean ikusi eta bere autoan etxera eramateko mesedea egin dion. Baina etxera iristean, Paulinak Miranda hori torturatu zutenetako bat izan zela deskubritzen du. Hala uste du, behintzat.
‘Herioa eta Dontzeila’ joan den igandean Usurbileko Topa Eszenikan aurkeztu ondoren, beste hiru emanaldi hitzartu dituzte:
- Irailaren 9ean, 19.30ean, berriz, Donostiako Biblioteka Nagusiko sotoan (sarrera San Jeronimo kaletik), Euskal Jaien barruan.
- Irailaren 19an, 20.30ean, Berriozarren, Musika Eskolan.
- Urriaren 2an, 21.00ean, Sarako Luberri aretoan.