El Chivato

Formatu txikiko kultur zirkuitua Irurtzun Imotz eta Araitz-Larraunen

Irurtzungo Aizpea, Araitz-Larraungo Mailope eta Imotz-Basaburuko Ametza euskara elkarteek, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin batera, tokiko kultur zirkuitua antolatu dute datozen asteotarako. Hala euskara elkarteen nola Topagunearen beraren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, eta hori lortzeko, besteak beste, Kultur Errota kultur zirkuitua antolatzen du, federazioaren kide diren Euskara Elkarteekin batera. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatuz, hiru helburu lortzen ditu Topaguneak: euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen ekoizpena sustatzea.
Kultur Errotaren asmo nagusietako bat kultur eskaintza herrietara hurbiltzea da. Horretarako, bide berria zabaldu zuen iaz Topaguneak, ohiko eskaintzaz gain, eskualde zirkuituak antolatuz. Eskualde zirkuituon helburua hurbil dauden euskara elkarteen kultur programazioa koordinatutz, eskaintza bateratua lortzea da, modu horretan, emanaldiak elkarren aberasgarri izan daitezen.
Irurtzun, Imotz eta Araitz-Larraungo zirkuituari dagokionez, lau emanaldik osatuko dute, eta haurrentzako ikuskizunak izango dira ardatz nagusia. Xilipurdi, Dar-Dar, Txorro Morro eta Katarbeltz taldeak gonbidatu ditugu irailaren 29an hasi eta urriaren 20an amaituko den zirkuituan parte hartzera. Data bi horien artean, talde bakoitzak ikuskizun bana emango du inguru herri batean. Egutegi zehatza, eta ikuskizunen inguruko xehetasunak, ondoko orriotan dituzue.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba