Gorakadak Robin eta Hood antzezlana estreinatuko du
Teatro Gorakada taldeak Jokin Oregik idatzi eta zuzentzen duen ‘Robin eta hood’ antzezlan berria estreinatuko du datorren igandean hilak 13, Durangoko San Agustín Kultur Gunean. Aurreko ikuskizuna den Jim altxor uhartean lanak jasotako harrera ezinhobea ikusita –jadanik berrehun bat emanaldi eskaini dituzte eta hainbat sari irabazi, hala nola, Espainiar estatuko haurrentzako antzerki azokarik garrantsuena den FETENen zuzendaritza eta eszenografia onenari garaikurrak–, Gorakada konpainiak Jokin Oregi zuzendari eta idazlearekin lan egiteari eutsi dio, arestian aipatutako emaitzez gain, “artistikoki eta pertsonalki ondo moldatu baikara”, dio Alex Díaz konpainiako kideak. Horrela bada, istorio klasikoetatik abiatutako ikuskizun propioak egiten jarraituz, Robin eta Hood izenekoa plazaratuko dute oraingo honetan, nahiz eta txiroen heroiaren abenturek aurrekoak baino aukera zabalagoa eman dien. Díazek gogoratzen duen bezala, “Robin Hoodek ez du egile ezagunik eta horrek guk asmatutako ideiaren aldeko apustua egiteko aukera ematen digu”.