Festivales

Hamaika pieza taularatuko dira Dantzan Bilaka egitasmoaren baitan

Dantza sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak egitasmo berri bat jarri du abian, ‘Dantzan Bilaka’. Ekimen honek, orain arte antolatutako Koreografi Erakusketaren lekukoa hartu du eta dantza garaikidearen erakusketa izateaz gain, partehartzaileen prestakuntza sakontzeko eta beraien arteko gogoeta eta komunikazioa zabaltzeko esparru bat sortzea du helburu. Dagoeneko ospatu dira sorkuntzaren inguruko topaketak eta urrian zehar Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan burututako lana, hau da hamaika pieza labur, ezagutzeko aukera izango da. Azken hamar urteetan dantza garaikidea bultzatzeko eta batez ere sortzaile berriei zuzenduta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatutako ‘Koreografo Gazteen Erakusketa’ lehenengo eta ‘Koreografi Erakusketa’ iaz arte, ‘Dantzan Bilaka’ izeneko ekimen berrian bilakatu da sortzaile berrien piezak eszenaratzeaz gain trebakuntza, gogoeta eta komunikazio esparru bat ere eskaintzeko helburuarekin, hau da sorkuntza prozesu osoa aurrera eramateko aukera eskainiz.
‘Dantzan Bilaka’, beraz, bi fasetan zehazten da; batetik, sorkuntza prozesuaren baitan eztabaida-jardunaldi batzuk antolatzen dira partaideek beraien ideia eta argudioak azaldu ditzaten eta dantzari profesionalen laguntzarekin sorkuntzaren inguruko hausnarketa sakonago bat bultzatuz, eta bestetik, eta pieza berriaren eszenaratzea burutuko da. Aipatutako topaketak pasa den ekainaren bi asteburutan izan ziren eta bertan sorkuntza koreografikoa, sorkuntza prozesuak eta ikerketa, bakoitzaren lengoaiaren bilaketa edo mugimenduaren inguruko ikerketa bezalako gaiak jorratu baziren, prozesu baten eszenaratzea, aukera estetikoen aniztasuna, teknologia eta lengoaia berriak eta koreografoen eskaerari erantzunez argiaren inguruko esperientzia zehatzak egin ziren ere.
“Gogoeta sakonago bat egiteke badago ere, lehen urte honetako jardunaldietan parte hartu duten sortzaileentzat oso aberasgarriak izan direla esan genezake” azaltzen dute Dantzan Bilakaren koordinazio taldeko kideek. “Balio handiko eta askotariko ikuspuntuak azaldu izan dira. Gure proiektua kontatu behar izan dugu eta honek gogoeta eragin digu eta zenbaitetan lanaren alderdi jakin batzuk berriz planteatzea ere. Bilaketa prozesuaren arriskuaz, azaldu nahi denaren argitasunaz eta ideiak zehaztearen beharraz baita sorkuntza prozesuaren baitan kudeaketa egoki baten garrantziaz hausnartu dugu” gaineratzen dute. “Azken baten komunikazioari, etorkizuneko proiektuei eta lan egiteko moduei ateak zabaldu dizkiegu. Baina batez ere elkarrizketaren bidez elkarlanean jarraitzeko lehen urrats bat eman dugu” azaltzen dute.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba