Hamairu taldek hartuko dute parte Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdian
Lekeitio kale antzerkiaren hiriburu bilakatuko da aurten ostera ere uztailaren 8a eta 10a bitartean ospatuko den Nazioarteko Jaialdiari esker. Hamaseigarren edizioak hamahiru talderen eskutik hamazazpi emanaldi eskainiko ditu. Txekia (Karromato), Frantzia (Lionel Pioline eta Elixir) eta Kataluniatik (Los Deméndez eta La Tal) etorritako konpainiak izango dira Euskal Herri osotik hurbilduko taldeen artean. Gainera, jaialdiak bi ekoizpen propio eta Mungian sortutako herri opereta plazaratuko ditu eta Four Friends & Lagunok taldearekin gau festa antolatuko du plazan kokatuko duten “Karpa Pub Kale-Antzerkia” elkargunean. Orain arte arrakastaz burututako hamabost edizioak gogoan badituzte ere, Lekeitioko Kale-Antzerki Jaialdiko antolatzaileek edizio berri bakoitzari begira lan asko egitea eta ideia berriak izatea ezinbestekoa dela argi daukate. Hamaseigarren Jaialdi honi begira aukeratutako leloa Axularren aurkitu dute, “Dabilan harriari etçaica goroldioric lotcen”, eta prestatutako programazioa horren adibidea da. Hiru egunez, Lekeitioko kale, plaza, hondartza eta edozein zirrikitu Euskal Herrian zein nazioarte mailan sortutako punta-puntako proposamenekin beteko dira, baina sustraiak ahaztu barik.
Lekeition ikusgai izango diren ekitaldien informazio guztia Artez Aldizkarian.