Herio Azeri Hori. NAE / Iruñeko Udala
Ez zen erronka txikia Jon Barbarin eta Mercedes Castaño Lizarrako seme-alabek Pablo Barrio Ramirez-en testua eszena-taulara eramatean onartutakoa. Izan ere oraingo gizartean ezin errotuagoak diren bi gai tabu ukitzen ditu 2007 urteko edizioan haurrentzako antzerki testuen lehiaketan saritua izan zen lanak: heriotza –edonorena baina areago haur batena- eta umeei egiten diegun mundu zoragarri eta irreala non sufrimendu eta penetarako tokirik ez dagoen, non frustrazio guztietatik libratu nahi ditugun, etorkizun den bizitzarako ikasketa eskasa dela jakin badakigun arren.
Ez dago samin handiagorik bizitza bizitzeko denbora aski ere izan ez duen haur baten heriotzak sortzen duena baino. Autorea benetan ausarta izan da gai honi heltzean, areago garai honetan non musika eta mezu errazak, koloreak, jauzi eta dantza-algarak haurrentzako eszenatokiez nagusitu diren ia erabat. Esan dezadan bidenabar ezinezkoa iruditzen zaidala horrelako testu bat zirkuitu arrunteko antzerki-konpainia batek errepresentatzea, logikoa ere badena, haurraren heriotzak ez du eta erraz saltzen. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak saritutako antzezlana ekoizteko duten konpromisoa meritu handikoa da.
Autoreak ikuspuntu materialista eta naturalista hartu du: bizitzak zor du heriotza. Kontua da bizi izandakoaren kalitatea eta bizirik egotearen mirariaren kontzientzia izatea. Antzezlanaren pasarte guztietan, izadian gertatzen den bezala, modu guztiz naturalean hiltzen dira izakiak: arrainak, zoologikoko animaliak, landareak… Horrela ere hiltzen da haurra, ez dago beste misteriorik. Injustua dela?… ez, herioaren ikuspuntutik, bai, ikusle gehienen aldetik.
Haurrak ez daki zer gertatu zaion –ez baitu inork horretarako prestatu. Orain ikasten du. Errebeldiatik onarpenera pasatuko da. Izan ere, herioak ematen dio bizitzaren zenbait pasarte berriz bizitzeko aukera. Maitasun, adiskidetasun, alaitasun haserre eta tristezia uneak izan ditu bere bizitzaren txikian. Horrek egiten du trantzea eramangarria, bizitza ongi bizitu izanak. Ez dago antzezlanean harantzagoko beste mundu batetik etor litekeen esperantza ez kontsolamendurik, ez eta ukaziorik ere. Haurraren geroa maite izan dutenen oroimenean dago, hor du habia.
Idazlearen buruan eta hitzetan bakarrik existitzen den testu bat taulara eramatea zaila izaten da beti. Irudimen hutsetik errealitate ikusgarri, ukigarri, izatera jauzi erraldoia dago. Zuzendariek lan ausarta egin dute. Testua eszena gordinez biluztu dute, une horiei ukitu poetikoa emanaz, baztertu gabe guztiz hunkigarriak, baita saminak ere, diren momentuak. Argiztapen baliabideek eta jantzien kolore zuriak markatutako estetika minimalista batek lagunduta, espazio hutsen espresio ahalmenaz baliatuta, ongi aukeratutako musikak, espiritualtasun berezi batez jantzi dute proposamena, lirikotasun nabarikoa.
Haurrak isilik, antzezlanean sartuta, bere baitan bilduta egon dira. Nekeza da hori baino interes seinale garbiagorik topatzea. Obrak hunkidura handia eta sentimendu sakona sortarazten du, baina ez ditu ahanzten eszena alaiak, umore ukituak, haurrek –eta publiko guztiek- beharrezkoak dituzten distentsio keinuak.
Antzezleek, behiala Eskolako ikasle izanak, maila altua erakutsi dute. Ainhoa Ruiz, lizartarra bera ere, haurraren paperean hedatu dituen erregistro ezberdinen menperatze erakustaldiagatik -alaitasun inozentetik dramatismo gotorrera-, eta Inés Bengoa, herioa, lortu duen sinesgarritasunagatik eta erabili duen indar handiagatik. Patricia Eneriz, Izaskun Mujika eta Ivan Garciak ederki lagundu dituzte oso korala den lanean. Bereziki ona eta ezinbestekoa Luz y Fer izengoitiaren atzean gordetzen den Eskolako teknikariaren lana, argiztapenaz eta musikaz arduratu dena.
Izenburuak eta gaiak angustia eta tristura iragartzen zituzten arren, lirikotasuna eta hausnarketa sakona eskaintzen duen kalitate handiko ekoizpen batekin topo egin dugu. Merezi duen horietakoa, eta ez haurrentzako bakarrik.