Iñaki Beobideri saria emango diote EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kideek
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, datorren azaroaren 27an Villabonan ospatuko duen Antzerkizale Egunaren ildoan, I. Antzerkizale Saria ematea erabaki du. Omenaldia jasoko duen lehenengo pertsona Iñaki Beobide izango da, hirurogeigarren hamarkadan Jarrai antzerki taldearen sortzaileetariko bat eta gure antzerkia korronte modernoetara eraman zuena, antzerki unibertsalari ere sarbidea emanez. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak bere buruari ezarritako zeregin inportanteenetakoenen artean euskal antzerkigintzari gizartean behar duen presentzia eta prestigio ematea da. Euskaraz egindako antzerkia oso egoera debaluatuan aurkitzen da gure artean; eremu propiorik ezean, hemen egiten den antzerkia, salbuespenak salbuespen, oso xumea da gaztelaniaz edo frantsesez egiten den antzerkiarekin alderatuta; hitz batean, euskarazko antzerkia kultura globalizatzailearekin lehiatu behar duen inurria da. Egoera horri buelta emateko lagungarria izango delakoan sortzen du EHAZEk Antzerkizale Saria. Euskal antzerkigintzak bere osotasunean hartuta –profesional, amateur zein eskolartekoa–, eman dituen eta ematen dituen fruituei benetan duten balioa eman eta gizartera zabaltzea da gure asmoa; han eta hemen garatu izan diren edota garatzen ari diren ekimen, esperientzia eta proiektuak, askotan ezkutuan geratzen direnak edo oso inguru txikietan bakarrik ezagutzen direnak, ezagutarazi behar ditugu eta merezi duten oihartzuna eta garrantzia eman.
Aurrekoa presente edukita, aurten martxan hasi den EHAZEk etorkizunari begira jarri du bere ahalegina, horixe baita jaioberriaren patua: aurrera begiratzea. Ez gara ezerezetik sortzen hala ere, oso jakitun gara horretaz, historia bat dago gure atzetik. Horregatik agian, ezerezetik ez sortzearen kontzientzia garbia edukitzeagatik, I. Antzerkizale Saria erabakitzerakoan gure historia hurbilenari begira jarri gara, nondik gatozen jakite aldera. Eta 60ko hamarkadan jarri dugu arreta, hamarkada horretan aurkitzen baitira gaur egungo antzerkigintzaren aurrekariak.
Hirurogeiko hamarkadaz hitz egiterakoan eta antzerkiari dagokionez, Iñaki Beobideren izena aipatu behar da ezinbestez. Hizkuntzarekiko kezkak bultzatuta, Jarrai antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen Iñaki. Bere zuzendaritzapean, euskal antzerkiaren barruan korronte berritzailearen buru bihurtu zen Jarrai taldea. Badaezpadako baldintzetan, Donostiako Urbieta kaleko “Aurrera” jatetxearen azpikoetan egiten zituzten entsaioak, partaide kopurua aldakorra zelarik (15-20 aktore eta laguntzaile batzuk); izen ezagunen artean, besteak beste, Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete, Ashen Egaña, Joxe Mari Aristi, Xabier Goenaga, Mertxe Uranga, Karmele Esnal, Mikel Azpiazu eta Mikel Forcada eta Rikardo Ugarte eszenografo moduan… Taldeak, bere hamar urteko ibilbidean, hogei antzezlan antzeztu zituen, arrakasta handiz.
Iñaki Beobideren eskutik, Jarrai taldeak erakarri zituen berritasunen artean ondokoak aipa daitezke:
– Gaien aldetik, apurketa bat ematen da ordurarte egiten zen euskarazko antzerkiarekin. Gerra aurreko tradizioari jarraituz, nekazal giroko gai kostunbristak ziren nagusi euskal eszenan. Horien aurrean, euskal eszena gaurkotzeko kezkak bultzatuta, industrializazioaren ondorioz aldaketa etengabean ari zen gizartearen isla izan zitezkeen gai eta konfliktoak eszenaratzea defendatzen zuten, antzerti unibertsalistago eta gizarte- eta kritika-eduki nabarmenagoa izango zuena.
– Euskal gizarte berriaren arazoak eta kezkak jasoko zituzten testuen faltaren aurrean seguru asko, itzulpenaren bidea ireki eta kanpoko dramaturgo ezagunen lan asko antzeztu zituzten, adibide moduan: Ionesco, Muñoz Seca, Tenessee Willians, Jardiel Poncela, Ibsen, Eugene O’Neill, Camus.
Horrek ez du esan nahi euskal antzerkigileen lanak baztertu zutenik, alderantziz, besteak beste, Karraskedo, Gabriel Aresti, Pierres Larzabal, Monzon, Xalbador Garmendia…
– Europan indarrean zeuden antzerki ereduei begira egoteak ez du esan nahi euskal antzerkiarekiko kezkarik ez zutenik, alderantziz, horren adibide ditugu iparraldeko antzerki moldeei buruzko gogoetak, pastoraleei buruzkoak, e.a.
– Hizkuntzarekiko kezka presente, batuaren aldeko apustua egin zuten. Ezaguna da Ramon Saizarbitoriak kontatzen duen anekdota: emanaldi baten erdian emakume bat altxa eta “Hauek zer, ingelesez ari dira, ala?” Batuaz ari ziren.
– Hitz batean laburtu beharko bagenu: korronte modernoetara eraman zuten hemengo antzerkia.
Hauek guztiak kontutan hartuta, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak bere I. Antzerkizale Saria Iñaki Beobideri ematea erabaki du.
Saria emateko ekitaldia datorren azaroaren 27an burutuko da, Villabonako Gurea Antzokian, 20:00etan, I. Antzerkizale Egunaren egitarauaren barruan.