Jabier Muguruzak euskerazko disko onenaren saria jaso du VI. Musika Sarietan
Jabier Muguruzaren azken diskoa “Hain guapa zaude” saritua izan da Musikaren Zientziak eta Arteen Akademiak aurten lehen aldiz eman dituen Musika Sarietan. Iazko euskerazko diskorik hoberena izendatu dute Akademiako partaide guztien artean egindako bozketan. Joan den hilean eman ziren ezagutzera kategoria guztietako finalistak, eta euskerazko atalean Jabier Muguruzaz gain Ruper Ordorika eta Alboka taldea zeuden aukeratuak.
Sari banaketa Madrilgo Kongresuen Jauregian egin zen pasa den ostiralean, gala baten barruan, non izendapenak hainbat artistaren agerraldiekin tartekatu ziren. Han izan ziren, besteak beste, Mª del Mar Bonet, Pablo Milanés, Paco de Lucía, Estrella Morente, Berrogüeto taldea, Rosana, Kepa Junkera eta beste hainbat.
Bai euskerazko saria nola katalan eta galizierazkoak Kiko Veneno eta Carmen Linares kantariek eman zituzten. Une bereziki hunkigarria izan zen Venenok Muguruzari trofeoa eman zionekoa, biak lagun handiak baitira eta, gainera, kantari andaluziarra parte hartua zen saritutako “Hain guapa zaude” diskoan. Besarkada eder batean elkartu ziren artista euskalduna eta andaluziarra, lehena saria jasotzera eszenatokira igo zenean.
Trofeoa jasotakoan, Jabierrek hitza hartu zuen, euskeraz eta gazteleraz, Ordorikak eta Albokak ere saria merezi zutela esanez. Jarraian diskoan parte hartu dutenen lana goraipatu zuen, han zeudenena lehenik, -Kiko Veneno, Mikel Azpiroz eta Roberto Yaben-, eta ondoren Madrila joaterik izan ez zutenena: Txema Garces, Iñaki Irazu eta gainerakoak. Bukaeran desio bat azaldu zuen Jabierrek: ofiziozko musikak azken urteotan galdutako indarra berreskura dezan.
Jabier Muguruzak iazko urrian kaleratu zuen dagoeneko bakarlari gisa argitaratu duen bosgarren lana, Metak disketxearen eskutik, eta geroztik kritika ezin hobeak jaso ditu. Bestalde, diskoa zuzenean aurkeztuz jarraitzen du, bai Euskal Herrian nola hemendik kanpo ere.