John Lee Hooker, Axiari eta Merah, Txira
John Lee Hooker, Axiari eta Merah, Txirainen Badakizue,ezta? Lee Hooker joan egin da.Goizean irratia aditzen aritu nintzen, emisora guztiak despedida egiten aritu baitziren. Eta gauean, lokal batean, hain zuzen Donostiako Txirain elkartean hogei bat lagun bildu ginen kontzertu berezi bat entzutera: Beñat Axiari eta Jöel Merah. Eta John Lee Hookerri omenaldia egin zioten. Jöel Merah-k sukaldeko alanbre espartzu batekin bere gitarra elektrikoari igurtzika ekin zion, poliki-poliki, giroa sortzen, omenaldiaren ateak irekitzen, gure bihotza prestatzen. Gero notek olatuak bezala ito egin zuten lokala, gu denok eta gure egarria, une intentsu baten egarria, eta piskanaka-piskanaka Beñat Axiarik gorpuztu egin zuen John Lee Hookerren presentzia bere ahotsarekin. Ez, ez-ez-ez-ez-ez-ez ez zuen Beñatek Lee Hooker imitatu, ezta pentsatu ere, Beñatek despeditu egin zuen, Jöelekin batera, John Lee Hooker, eta despedida hark, haragizko despedidak, gorpuztu egin zuen John Lee Hooker. Errito paganoetan bezala; Jöelen gitarraren notek eta Beñaten ahotsak, oihu, kantu, ulu, zoragarrizko blues hunkigarrien bidez, atzo gauean handienek bakarrik egin dezaketen bezalako omenaldia egin zioten. Etengabe ateari begiratzen nion, ze pentsatzen nuen holako notek, holako ahotsaren espresio intentsu eta diabolikoak seguru hiriko leku guztietatik jendea erakarriko zuela eta jendea etorriko zela olatu baten moduan, baina ez zen hori gertatu; hirian isiltasuna egin zen, nolabait Beñaten uluen aurrean munduak bizitzeari utzi egin izan balio bezala, eta bere ahotsak jendea beldurtu eta etxeko itxituran geldiarazi egin zuela iruditu zitzaidan. Badakizue, ahotsaren lanean oso erreza da birtuosismoan erortzea, teknika hutsa erakustea, eta ez haragia eta odola atzo ikusi genuen bezala. Beñatek sarerik gabe botatzen du bere burua Jöelekin batera, konpenetrazio osoz, eta zu, haien aurrean, bertigoaren magalean bidaiatzen zara. Ahotsak askatasun guztiarekin eramaten zaitu, ahotsak libre, ero, lizun, sentsual, eta basati eta inprebisible, bide ezezagunetik, bazter guztietatik, mundu azpitik…eramaten zaitu. Holako esperientzia baten aurrean zaudenean, gune horretan zaudenean, mirariaren aurrean zaudenean, horrelaxe pentsatzen duzu: mundua gelditu egin da eta ni munduaren shock kardiakoa ikusten ari naiz, munduaren bihotzekoa ikusten ari naiz, munduaren heriotzaren aurrean nago. Adio John Lee Hooker eta mila esker Beñat eta Jöel hemen segitzen duzuelako. Felipe el payaso www.euskalnet.net/agerreteatroa