Jon Ostolaza eta Rakel Pujana beren azken diska aurkesten dute Donostian
Donostiako Alde Zaharreko liburutegian emango dute prentsaurrekoa ekainaren 19an, Jon Ostolaza eta Rakel Pujana, beren azken lana aurkezteko. Lastur inguruan, jendearen musika gosea asetzeko, trikitilari askok parte hartu izan du erromerietan. Baina, Itziar eta Lasturrekiko zeukaten harremanagatik, Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta izan dira disko honetarako Jon Ostolaza trikitilariak aukeratu dituenak, haiek jotzen zituzten piezak. Lau soinujole hauek elkarri piezak erakusteaz gain, txistularien, musika banden, dultzaineroen, albokarien, etab.-en errepertorioak bere egiten zituzten. Baina entzulegoa asetzeko horrekin nahikoa ez eta garai hartan modan zeuden abestiak irratietan entzun eta beraien instrumentuetara egokitzen zituzten. Horrela, fandangoa, fox-trot, baltsa, kalejira, arin-arina.. ditugu entzungai disko berezi honetan. Hainbestetan aipatzen den fusioa aspaldiko gauza da. Eta hemen froga.